ATZEKOZ AURRERA

Arrainak plazaren erdira salto

Itsasoko produktu ugari dastatu eta erosteko aukera egongo da asteburu osoan Bermeon. Arrain Azoka ireki dute, eta herria atunaren munduko hiriburu ere izendatu dute.

Emakume bat, itsaski postu baten aurrean, atzo, Bermeoko Arrain Azoka inauguratu berritan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bermeo
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Bi eratako bermeotarrak daude: dirua eduki eta gastatzen duena, eta dirurik ez duena dena gastatu duelako». Rue de Percebe itsaski postuaren atzean zegoen Jabotxa Rodriguez atzo,Arrain Azoka hasi berritan, Bermeon (Bizkaia). Gustura zegoen, esan zuenez, Euskal Herrian azoka horren parekorik ez dagoelako: «Beste edonon baino hobeto saltzen da; horregatik gustura eta pozik etorri ohi gara Arrain Azokara». Erakusmahaiaren ondoan furgoneta txiki bat zeukan, etaitsaski denak zuzenean prestatzen ari ziren: izkirak, nekorak edo bestelakoak. «Guk arrantzatzen ditugu. Beraz, itsasotik zuzenean ekartzen ditugu mahaira». Hori da, hain zuzen, egun hauetan Bermeon dagoen Arrain Azokaren filosofia: itsasotik plaza erdira salto egitea arrainak. Non, eta arrantzak garrantzi handia daukan herrian.

Atzo eguerdian zabaldu zuten herriarentzat hain funtsezkoa den azoka. Ateri zegoen, eta, hasieran, jendea biltzen hasi zen Lameran jarrita zeuden postuetara. Bakailaoa, kontserbak, edo arraina osagai gisa erabiliz egindako pintxoak zeuden edonon. Dena zen arraina bertan. «Hasiera beti izaten da lasaia, baina datozen bi egunetan [gaur eta bihar] jendea batuko dela espero dugu», esan zuen Maite Allikak Arroyabe kontserben erakusmahaiaren atzetik. Eta herrira inguratuko den jendeari tamaina hartzeko egun egokia izan zen atzokoa.

Inguratutako jendea ere gustura, aurrez aurre zeukaten produktuak «puntakoak» zirelako. Carmen Garcia postuz postu zebilen erosketak egiten, eta bestela topatu ohi ez dituen produktuak zeramatzan poltsan. «Produktu ona egoten da azoka honetan, eta beti aprobetxatzen dut zerbait erosteko». Rodriguezek esan zuen bezala, azoka ona delako Bermeokoa. Raquel Garcia Gastronorte elikagaien postuan zegoen, eta berak ere baieztatu zuenBermeo plaza ona dela: «Arrainekin egindako pintxoak dauzkagu guk, eta asteburua gogorra izango dela badakigu». Lameran zeuden saltzaile denak horren jakitun zirela esan daiteke.

Bermeo, atunaren hiriburu

Baina Arrain Azoka bakarrik ez zen albiste izan Bermeon, atzo. Itsasoko produktuei eskainitako azoka zabaltzearekin batera, kostako herria atunaren hiriburu bihurtu baitzuten. Zehazki, Tuna World Capital izendapena eman zioten, ingelesez. Erakunde publiko eta pribatuek osatutako aliantza bat sortu dute, eta horren asmoa atunari balioa ematea izango da, kate horretan lan egiten duten eragileak inplikatuz. Herriak asko zor baitio atunari: baxurako 25 arrantzontzi daude, eta izozkailua duten 41 ontzi ibiltzen dira atun eta hegaluze bila. Horrez gain, zortzi kontserba enpresa ere badaude. Horregatik sortu dute aliantza, etainaugurazio ekitaldian aurkeztu zuten egitasmoa Idurre Bideguren alkateak eta Arantxa Tapia Ekonomia Garapen sailburuak.

Agintariak inaugurazio ekitaldian zeuden bitartean, ordea, kanpoko aldean hainbat herritarrek protesta egin zuten. Denetara, lau mobilizazio egin zituzten ekitaldiak iraun zuen bitartean: euskal presoen amnistia eskatzeko bat, kontserba fabriketako langileentzat ituna aldarrikatzeko beste bat, Solluben tunela egiteko eskatzeko, eta, azkena, Bermeoko portuan eraiki asmo duten plastiko lantegiaren aurka. Azokak ere eskaini zuelako aldarrikapenerako tartea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.