ATZEKOZ AURRERA. Orreaga Ibarra. Euskal filologoa

«Lexiko bat hiltzen ari da, eta beste bat sortzen»

Euskarak zer aldaketa izan dituen aztertu ditu Ibarrak. Gazteen hizkerari nabarmen erreparatu dio, aldaketak haiek sortu ohi baitituzte. Beste hizkuntza handien eragina ere aipatu du.
IÑIGO URIZ / @FOKU

Iker Tubia -

2018ko ekainak 5
Euskararen bilakaera eta gazteen euskara aztergai ditu Orreaga Ibarra NUPeko Filologia saileko irakasleak (Mezkiritz, Nafarroa, 1960). Horren ondorioak El euskera de ayer y de hoy: variación y contacto liburuan bildu ditu (Pamiela, 2018).

Asko aldatu da euskara azken ehun urteetan?

Bilakaera handia izan du arlo guztietan: lexikoan hitz pila bat galdu dira, eta berriak sartu dira; esaldiak josterakoan kalko berriak sortu dira; fonetikan aldaketak egon dira gutxinaka...

Beste hizkuntzen pare?

Hizkuntza guztiak bizirik daude, eta hizkuntzaren sena aldatzea da. Europako hizkuntza guztietan homogeneizazioa gertatu da, dialektoak gero eta lausoagoak dira. Bestalde, ingelesak denetan du eragina.

Aldaketak nabarmenagoak dira euskalkietan?

Euskara batuak bortizki eragin du euskalkietan. Alde batetik, euskara batuak homogeneizazio hori eragin du, eta ezaugarriak lausotu egin dira pixka bat. Konbergentzia aroan gaude; gero eta batuago hitz egiten dugu. Gazteak ere hara eta hona ibiltzen dira, eta berrikuntzak hartzen dituzte. Tafallako gazte batek ondo edo ostean esan diezazuke.

Batzuk kezkaturik daude, euskalkiak galduko ote diren.

Alde batetik, normala da. Esentzia galtzeko beldurra dago. Baina, beste alde batetik, hizkuntzak egokitu egin behar du, eta tresna izan behar du. Balio behar dizu esateko flipatu egin duzula edo desfasatu egin zarela. Bada hiltzen ari den lexiko bat, nekazaritzari lotutakoa, eta sortzen ari den beste bat: txateatu, whatsappeatu....

Euskara berregokitu egin da?

Bai. Kontua da beste hizkuntza batzuek duela 500 urte egin zutela estandarizazioa. Zaindu egin behar dugu hizkuntza, baina hizkuntza hiztunena da; haiek erabiltzen dute, eta, batzuetan, nahiz eta ez gustatu, aldaketak badaude. Adibidez, yeismoak ez du atzera bueltarik.

Gazteek egiten dituzte aldaketa gehienak?

Bai, hizkuntza guztietan. Berrikuntza horietako batzuk etorkizunean iraungo dute, eta beste batzuk boladan jarri diren bezala desagertuko dira. Heldu batzuek ere egingo dituzte aldaketa horiek, mundu guztiak gazte itxura izan nahi baitu. Hala ere, gaizki ikusiak daude.

Nola sortzen dira aldaketak?

Infekzio bat bezala. Izan daiteke txiste bat, hizkuntza ekonomiagatik... Poliki hasten da, eta hedatu egiten da. Konturatzerako, hedatuta dago. Nork sortu zuen en plan? Batzuetan, film edo telesailen bidez zabaltzen da, edo politikarien bidez. Aldaketa fonetikoak isil-isilik gertatzen dira. Normalean, hiriak izaten dira berrikuntzen sorburu.

Iparraldean eta Hegoaldean hizkuntza ezberdinek eragiten dituzte aldaketak. Aldea handia da?

Urruntzen ari dira. Baionara joateko errepidea dugun arren, muga gero eta nabarmenagoa da. Fonetikan, adibidez, berehala antzematen da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna