ATZEKOZ AURRERA

XIX. mendeko sokagintzan

'San Juan' baleontziaren sokagintza lanak hasi dituzte Albaola itsas faktorian. Horretarako, Angeluko FCMB ikastetxeko zazpi gaztek egurrezko makina bat egin dute Pasaian.

San Juan baleontzirako sokak egurrezko makina batekin egingo dituzte. Atzo jarri zuten martxan makina. J. C. RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Pasaia
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Damian Paris gaztea biradera bati eragiten ari zaio, egurrezko makina baten biraderari, eta makina horrek sokak egiten ditu. Paris bera eta Angeluko FCMB ikastetxeko (Lapurdi) beste sei ikasle Pasaian (Gipuzkoa) izan ziren iazko udazkenean, egurrezko makina eraikitzen—egurraren egitura ikasten dabiltza—. «Oso ondo egon zen, proiektu polita da», dio Parisek. Iban Errikar ikaskideak aitortu du «biziki ona» izan zela esperientzia. «Aurretik ez nuen Albaolaren berri, baina proposamena egin zigutenean berehala eman genuen baiezkoa», gaineratu du Errikarrek. Sokak egiteko makina ez da nolanahikoa, edonola ere.

Jean Louis Boss Baionako etnografoak itsas etnografiako ikerketa bat hasi zuen 1970eko hamarkadan, Hondarribiko (Gipuzkoa) arrantzaleekin; arrantzarako belaontzietan erabiltzen ziren sokak nola egiten ziren ikertu zuen, eta zehatz-mehatz jaso zituen Hondarribiko XIX. mendeko azken soka makinaren ezaugarriak. Horren erreplika egin dute Albaola itsas faktorian, eta makina horrekin egingo dituzte San Juan baleontziaren sokak.

Makina martxan jarri dutenean, Parisen, irribarrea marraztu da Errikarren eta beste ikasleen aurpegian. Lehen soka egiten bukatu dutenean, sokasaltoan hasi dira batzuk; haien artean zen Iban de la Fuente, FCMB ikastetxeko irakaslea. Hark aipatu du Txaro Goikolea Ipar Buru Batzarreko presidente ohiak eragin nabaria izan zuela sorrerako ideian. «Goikolea mugaz gaindiko proiektuetan ari da lanean, eta guk aspalditik bagenuen halako proiektu batean aritzeko gogoa. Haren bitartez iritsi gara honaino», azaldu du De la Fuentek. «Ikasleak etxean baino hobeto ibili ziren Pasaian. Haietako batzuk orduan etorri ziren lehen aldiz Hego Euskal Herrira». Irakaslearentzat berarentzat «ederra» izan zen Albaolan lan egitea: «Horrelako proiektu batean lan egitea oso interesgarria da. Ikasleek ikusten dute, gainera, egin dutenak zer edo zertarako balio duela, eta zentzu bat duela». Parisek eta Errikarrek ziurtzat jo dute San Juan baleontzia amaitzen dutenean Pasaian izango direla.

Sokak egiten ikasten

Xabier Agote Albaolako presidenteak sokak XIX. mendean egiten ziren moduan egitearen arrazoiak eman ditu: «Gu ez gara sokagileak, baina erabaki dugu sokak egiten ikastea. Sisalezko sokekin hasiko gara lehenbizi, material merkea baita. Hemendik denbora batera hasiko gara egiten egiazko sokak izango direnak, baleontziarentzat erabilgarriak izango direnak». Agote bera makinarekin erdi borrokan aritu da, gurpilean soka ondo sartu behar zelako. Une oro, Angeluko ikasleak adi egon dira. Gurpil ondoko egur egituratik lau soka mehe ateratzen dira, eta luze-luze doaz beste puntan dagoen egitura bateraino. Hango egiturako gurpil txikiagotik estutuz eta txirikordatuz doaz lau sokak, bakarra bilakatu arte. Horretarako, eskuak behar dira, ordea. Eta Albaolako kide batzuk ari dira lanean.

Jean Luis Bossek —Agoteren aspaldiko ezaguna da— ezin izan du emozioa ezkutatu. «Garcia Erauso familiarena zen XIX. mendeko Hondarribiko azken makina. Sokak nola egiten ziren ondo ikasteko, asteazkenero joaten aritu nintzen Hondarribira, urte eta erdiz, Joaquin Garcia Erauso sokagilearen etxera. XIX. mendeko jakinduria erakutsi zidan», azaldu du ikerlariak. Agotek nabarmendu du oso aberasgarria izan dela Bossen lana Albaolarentzat, ez baitzekiten nolakoa zen sokak egiteko teknologia.

Bossek gaineratu du frantsesez egiten zituela inkestako elkarrizketak. «Jabetu nintzen Hondarribiko arrantzale askokfrantsesez bazekitela, eta, bestela, erraz aurkitzen nuen itzultzaileren bat. Izan ere, bertako askok urteak eman zituzten lanean Donibane Lohizunen eta Ziburun [Lapurdi]. Elkarrizketatu haietako gehienak XIX. mendean jaioak ziren, oso adinekoak». Arte ederretako irakasle ohia da Boss, eta marrazki ugari egin zituen ikerketarako. Urte luzez aritu zen horretan, 1995ean bukatu zuenarte.

Makinaren aurkezpenean parte hartu du, halaber, Mathieu Bergek, Akitania-Euskadi-Nafarroa euro eskualdeko ordezkari gisa. «Lurralde partekatu bat ari gara eraikitzen, partekatutako esperientziekin. Euroeskualdeakdiruz laguntzen du pixka bat Albaola, baina agian garrantzitsuagoa da laguntza harremanen eta lankidetzen arloan», esan du Bergek. Gaineratu du Les Compagnons du Tour de France elkartearen lana «bikaintasun handikoa» dela —horren parte da Angeluko ikastetxea—.

Xabier Alberdi Albaolako ikerketa departamentuko zuzendariak adierazi du eguna «pozgarria» dela, «emaitza bat dagoelako elkarlanen eta informazioaren elkartasunaren eraginez». Albaolaren funtsetako bat ikerketa dela gogorarazi du: «Ikerketa ez da inoiz eteten. Orain, beste fase bat hasiko da: makina erabiltzen ikastea. Eta denean, ikasteko, elkarren beharra daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.