Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

XIX. mendeko sokagintzan

'San Juan' baleontziaren sokagintza lanak hasi dituzte Albaola itsas faktorian. Horretarako, Angeluko FCMB ikastetxeko zazpi gaztek egurrezko makina bat egin dute Pasaian.
<em>San Juan</em> baleontzirako sokak egurrezko makina batekin egingo dituzte. Atzo jarri zuten martxan makina.
San Juan baleontzirako sokak egurrezko makina batekin egingo dituzte. Atzo jarri zuten martxan makina. J. C. RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2018ko ekainak 16

Damian Paris gaztea biradera bati eragiten ari zaio, egurrezko makina baten biraderari, eta makina horrek sokak egiten ditu. Paris bera eta Angeluko FCMB ikastetxeko (Lapurdi) beste sei ikasle Pasaian (Gipuzkoa) izan ziren iazko udazkenean, egurrezko makina eraikitzen—egurraren egitura ikasten dabiltza—. «Oso ondo egon zen, proiektu polita da», dio Parisek. Iban Errikar ikaskideak aitortu du «biziki ona» izan zela esperientzia. «Aurretik ez nuen Albaolaren berri, baina proposamena egin zigutenean berehala eman genuen baiezkoa», gaineratu du Errikarrek. Sokak egiteko makina ez da nolanahikoa, edonola ere.

Jean Louis Boss Baionako etnografoak itsas etnografiako ikerketa bat hasi zuen 1970eko hamarkadan, Hondarribiko (Gipuzkoa) arrantzaleekin; arrantzarako belaontzietan erabiltzen ziren sokak nola egiten ziren ikertu zuen, eta zehatz-mehatz jaso zituen Hondarribiko XIX. mendeko azken soka makinaren ezaugarriak. Horren erreplika egin dute Albaola itsas faktorian, eta makina horrekin egingo dituzte San Juan baleontziaren sokak.

Makina martxan jarri dutenean, Parisen, irribarrea marraztu da Errikarren eta beste ikasleen aurpegian. Lehen soka egiten bukatu dutenean, sokasaltoan hasi dira batzuk; haien artean zen Iban de la Fuente, FCMB ikastetxeko irakaslea. Hark aipatu du Txaro Goikolea Ipar Buru Batzarreko presidente ohiak eragin nabaria izan zuela sorrerako ideian. «Goikolea mugaz gaindiko proiektuetan ari da lanean, eta guk aspalditik bagenuen halako proiektu batean aritzeko gogoa. Haren bitartez iritsi gara honaino», azaldu du De la Fuentek. «Ikasleak etxean baino hobeto ibili ziren Pasaian. Haietako batzuk orduan etorri ziren lehen aldiz Hego Euskal Herrira». Irakaslearentzat berarentzat «ederra» izan zen Albaolan lan egitea: «Horrelako proiektu batean lan egitea oso interesgarria da. Ikasleek ikusten dute, gainera, egin dutenak zer edo zertarako balio duela, eta zentzu bat duela». Parisek eta Errikarrek ziurtzat jo dute San Juan baleontzia amaitzen dutenean Pasaian izango direla.

Sokak egiten ikasten

Xabier Agote Albaolako presidenteak sokak XIX. mendean egiten ziren moduan egitearen arrazoiak eman ditu: «Gu ez gara sokagileak, baina erabaki dugu sokak egiten ikastea. Sisalezko sokekin hasiko gara lehenbizi, material merkea baita. Hemendik denbora batera hasiko gara egiten egiazko sokak izango direnak, baleontziarentzat erabilgarriak izango direnak». Agote bera makinarekin erdi borrokan aritu da, gurpilean soka ondo sartu behar zelako. Une oro, Angeluko ikasleak adi egon dira. Gurpil ondoko egur egituratik lau soka mehe ateratzen dira, eta luze-luze doaz beste puntan dagoen egitura bateraino. Hango egiturako gurpil txikiagotik estutuz eta txirikordatuz doaz lau sokak, bakarra bilakatu arte. Horretarako, eskuak behar dira, ordea. Eta Albaolako kide batzuk ari dira lanean.

Jean Luis Bossek —Agoteren aspaldiko ezaguna da— ezin izan du emozioa ezkutatu. «Garcia Erauso familiarena zen XIX. mendeko Hondarribiko azken makina. Sokak nola egiten ziren ondo ikasteko, asteazkenero joaten aritu nintzen Hondarribira, urte eta erdiz, Joaquin Garcia Erauso sokagilearen etxera. XIX. mendeko jakinduria erakutsi zidan», azaldu du ikerlariak. Agotek nabarmendu du oso aberasgarria izan dela Bossen lana Albaolarentzat, ez baitzekiten nolakoa zen sokak egiteko teknologia.

Bossek gaineratu du frantsesez egiten zituela inkestako elkarrizketak. «Jabetu nintzen Hondarribiko arrantzale askok frantsesez bazekitela, eta, bestela, erraz aurkitzen nuen itzultzaileren bat. Izan ere, bertako askok urteak eman zituzten lanean Donibane Lohizunen eta Ziburun [Lapurdi]. Elkarrizketatu haietako gehienak XIX. mendean jaioak ziren, oso adinekoak». Arte ederretako irakasle ohia da Boss, eta marrazki ugari egin zituen ikerketarako. Urte luzez aritu zen horretan, 1995ean bukatu zuen arte.

Makinaren aurkezpenean parte hartu du, halaber, Mathieu Bergek, Akitania-Euskadi-Nafarroa euro eskualdeko ordezkari gisa. «Lurralde partekatu bat ari gara eraikitzen, partekatutako esperientziekin. Euroeskualdeak diruz laguntzen du pixka bat Albaola, baina agian garrantzitsuagoa da laguntza harremanen eta lankidetzen arloan», esan du Bergek. Gaineratu du Les Compagnons du Tour de France elkartearen lana «bikaintasun handikoa» dela —horren parte da Angeluko ikastetxea—.

Xabier Alberdi Albaolako ikerketa departamentuko zuzendariak adierazi du eguna «pozgarria» dela, «emaitza bat dagoelako elkarlanen eta informazioaren elkartasunaren eraginez». Albaolaren funtsetako bat ikerketa dela gogorarazi du: «Ikerketa ez da inoiz eteten. Orain, beste fase bat hasiko da: makina erabiltzen ikastea. Eta denean, ikasteko, elkarren beharra daukagu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Diego Martin mekanikaria bizikleta baten balaztak estutzen, atzo, Iruñean- ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Beharrezko mantentzea

Ainhoa Larretxea Agirre

Mugikortasunaren Nazioarteko Astea kari, bizikletak moldatu dituzte Iruñeko Gazteluko plazan. Hainbat herritar joan dira bertara, eta bizikletak nola konpondu ere ikasi dute.
 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Organoa jotzen, zorion betean sentitu izan naiz»

Iker Tubia

Bere kasa ikasi zuen organoa jotzen, eta elizkizunak «edertzen» laguntzen du Mezkiritzen, duela 60 urtetik. Burua ongi duen bitartean jarraitzeko gogoz dela dio, nahiz eta lekukoa pasatzeko prest dagoen.
Jared Isaacman, Chris Sembroski, Hayley Arceneaux (goian) eta Sian Proctor, 'Inspiration4' batean. ©Inspiration 4

Soilik turistak eraman dituen lehenengo espaziontzia Lurrera itzuli da

Edu Lartzanguren

Atlantikoan jaso dituzte 'Inspiration 4' misioko lau bidaiariak. Astronauta profesionalik gabeko lehenengo saioa izan da.

Klaudio Landa saioko aurkezlea eta Unai Iparragirre ETBko zuzendaria saioaren aurkezpenean. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

'Baserria' 'reality show'-aren bigarren denboraldiak eztabaida saioa izango du

Ainhoa Larretxea Agirre

24 lehiakidek parte hartuko dute, bi taldetan banatuta. Lau proba baserritik kanpo egin dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.