ATZEKOZ AURRERA. Izar Etxeberria. Ilustratzailea

«Buruan ditudan ideiak nonbait gordetzeko modu bat da sortzea»

Etxeberriak animaziozko bideoklip bat egin du Laura Veirs kantari estatubatuarrarentzat, Eñaut Uribesalgorekin batera. Instagram sare soziala du lanen erakustoki eta sormenerako akuilu.

IZAR ETXEBERRIA.
itziar ugarte irizar
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Enkargu ezohiko bat jaso zuen Izar Etxeberriak (Oñati, Gipuzkoa, 1984) kutuna duen musikari baten partetik: Laura Veirsen When You Give Your Heart kantuko letrak eskuz idatzi, Instagrameko bere kontuan erakutsi eta Veirs bera aipatu zuen. Kantariak ikusi, gustatu, eta beste kantu baterako bideoklipa egitea proposatu zion, Atlantikoaren bestaldetik. Etxebarriak enkargua hartu eta animazio lan bat sortu du Eñaut Uribesalgorekin.

Surrealista behar du artista kutun baten enkargua jasotzeak, ezta?

Erabat. Jaso dudan lehen enkargua izan da, gainera. Erronka polita izan da, interesgarria.

Laura Veirsen Lightning Road kantuaren musika iruditan ikustea izan da eginbeharrekoa, nolabait?

Bai. Artista baten inspirazioaz hitz egiten du, eta ekaitza erabiltzen du metafora modura. Istorioa eta ilustrazioa nik garatu ditut, eta Eñaut animazioaz arduratu da.

Zeri erreparatu diozu istorioa eraikitzen hasterakoan?

Bi oinarri daude hor: melodia eta hitzak. Melodiak iradokitzen zidan nire marrazkientzako joko handia zegoela hor. Hitzetan, interpretaziorako zailtasun gehiago zeuden: melodiak ukitu freskoa dauka, baita inuzentea ere bai haurren koroetan, inspirazio momentuarekin lotzen dena, erabat; baina, bestalde, hitzetan nahiko mezu sakona eta serioa transmititu nahi du. Artista baten sortze prozesua nahi nuen irudikatu, baina mezua ez nuen garbi, eta bila hasi nintzen lehenengo.

Nola?

Diskoaren izenari buelta batzuk eman nizkion —The Lookout [Behatokia]—; berak askotan errepikatu du diskoak bizitzako gauza ederren hauskortasunari eta iragankortasunari buruz egiten duela berba. Robinson Jeffersen The Tower Beyond Tragedy poema irakurri eta klik bat sentitu nuen.

Veirsek baldintzatu du lana?

Askatasun guztia eman digu, baina hainbeste ematean ere ez dakizu neurtzen beti. Momentu oro babestu gaitu, eta, konfiantza guztiarekin, gure esku utzi du dena. Emaitzarekin gustura geratu da, eta diskoaren azalerako hand lettering-a egiteko ere eskatu zidan gero, baita diskoan eta biniloan jartzeko lore batzuen diseinua ere.

Zuzenekoetan ere erakutsiko omen du zuen lana.

Hala ematen du. Hainbeste gustatu omen zaio, kontzertuetan proiektatzea erabaki duela, diskoaren estetika transmititzeko.

Animaliak ageri dira irudietan, giro atmosferiko bat.

Bai, irudiak nahiko onirikoak dira. Atmosfera berezia sortzen saiatu ginen, sormen prozesu horri erreferentzia egiteko. Marrazki minimalistak dira, garbiak. Animaziorako ere asko errazten zuen hala egiteak.

Instagram bidez jarri zineten harremanetan. Hori da zure lanen erakusleihoa?

Bai; duela bi urte sortu nuen kontua, eta, aitzakia horrekin, egunero marrazteko ariketa modura hartu nuen, eskua askatzeko. Marraztea inoiz landu gabeko zaletasun horietako bat izan da niretzat aurretik.

Zer bilatzen duzu marraztera jartzean?

Buruan ditudan ideiak nonbait gordetzeko modu bat da sortzea, burutik pasatzen zaidan horri forma bat emateko modu bat. Hasieran, ia egunero jartzen nuen zerbait, zirriborroak. Baina egia da denborarekin hasierako gogoa apaldu dela.

Faltan sumatzen duzu sormena bestela lantzeko espaziorik?

Oso bakarka egiten dudan zerbait da, eta mugak ditu, baina gustatzen zait. Instagrameko kontuak ere laguntzen du sortzen jarraitzeko. Tailerretara-eta joaten ere saiatzen naiz; ideia berriak lantzeko, interesgarria da besteen lana ikustea.

Zein da zuretzat bidea urratzeko koskarik handiena?

Oraingo honetan, Veirsekin konektatuko zuen istorio bat sortzea, marrazki estiloa zehaztea... Erabakiak hartu behar dira, eta hori da agian gehien kostatzen dena. Eta denbora kudeatzea; prozesua ez da oso lineala izaten, eta, nahiz eta lanean egon eta orduak sartu, ez da beti zerbait irteten. Ez dut esango denbora horrek ez duela ezertarako balio, baina ematen du ez dagoela emaitzarik. Azken-azkenean hasten dira gauzak irteten, eta hori dena kudeatzen jakitea ez da samurra izaten.

Enkarguek laguntzen dute bidea urratzen?

Izan daiteke. Enkargu honek pertsonalki ere esanahi berezi bat zuen, eta gehiago jartzeko prest zaude, ekonomikoki konpentsatzen ez badu ere. Baina enkargu denekin ezingo ginateke berdin ibili.

Honek zaletasuna serioago hartzera bultzatu zaitu?

Gogoa ematen du. Eta horren haritik beste enkargu on bat ere agertu da, baina ez dut horretan gehiegi pentsatzen. Momentuan agertzen den horri heltzen saiatzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.