ATZEKOZ AURRERA

Denak suhiltzaile, egun batez

Bilboko suhiltzaileek euren egoitzako ateak ireki dituzte bere zaindariaren egunean, eta umez bete da. Pozarren ibili dira kamioi gorrietan, opari jasotako kaskoa kendu ere egin gabe.

Umeak suhiltzaileen kamioi batera igotzear direla, txangoa egiteko; sartzerakoan kasko gorriak jantzi, eta gehienek ez dituzte goiz osoan kendu. M. RAMIREZ/ ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Sirena-hotsak entzuten dira Bilboko San Anton zubitik. Behin eta berriz. Goi aldetik dator zarata, Miribilla aldetik. Ez da kerik ikusten. Ez dago erre usainik. Baina suhiltzaileen sirena-hotsak etengabeak dira. Miribillara gerturatu ahala, gero eta suhiltzaileen kamioi gehiago ikusten dira. Joan-etorrian, geratu gabe. Pare bat suhiltzaile besterik ez da argi ikusten kamioien barrualdeetan. Eta kasko gorri asko, leihoetara ozta-ozta iristen direnak. Agur egiten du, noizean behin, esku txikiren batek. Haurrez beteta doaz kamioiak; egun batez suhiltzaile bihurtutako haurrez lepo.

Ilara luzea egin behar izan dute umeek horren bereziak diren kamioi gorri handietan ibiltzeko. Antigoaleko ibilgailua egokitu zaie batzuei; berria besteei. Baina gustura doaz guztiak sirena behin eta berriz piztuz. Txangoa suhiltzaile etxean amaitzean, umeek zain dituzte gurasoak, guztiak haurren argazkiak egin nahian.

Egun berezia izan zen atzokoa Miribillan, Bilboko suhiltzaileen egoitzan. Haien zaindariaren eguna izanik, ateak zabaldu zituzten, azken urteetan egin bezala. Egoitza, materialak eta lana erakutsi zizkieten herritarrei.

Haurrei horrenbesteko miresmena eragiten dien lanbidea ezagutzeko antolatutako egunak oso erantzun ona izan zuen, gainera. Milaka ume igaro ziren goizean Miribillako egoitzatik. Lepo bete zuten suhiltzaile etxea, eta alde batetik bestera korrika ibili ziren; ilara batetik bestera, denborarik galdu gabe.

Izan ere, jolas asko zituzten zain; puzgarriak, motor zirkuitua, trena, Gargantua. Jende gehiegi ere bai eguerdi aldean, eta luze egin zitzaizkien itxaronaldiak haurrei, asko nabarmen petraltzeraino.

Ikasi ere egin zuten, suhiltzaileen laguntzaz. Ke galerian, esaterako, sute batetik nola atera behar den entseatu zuten. Tunelean sartu, batzuetan gora eta besteetan behera zihoazen zuloetatik igo eta jaitsi, eta igotzen zein jaisten albokoari lagundu. Kasik automatikoki egiten zuten ibilbidea umeek. Lasai, albokoari hanketatik heldu eta gora jauzi egiten lagunduta. Txikienek, saiatu arren goiko solairura joatea ezinezko zutela ikusita, patxadaz itxaroten zioten nagusiago bati.

Guraso batzuek ez zuten haurrek bezain natural jokatzen, ordea. Horiexek egin zuten okerren proba, euren haurrak besoetan hartu eta zuloak trabatzeraino.

Haurrak, dena den, gustura, jolas batetik bestera, opari jasotako suhiltzaileen plastikozko kasko gorria burutik kendu gabe. Haien emozioari erreparatuta, ziurtatuta dago suhiltzaileen geroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.