Aldaketa «historikoak»

Turkiako estatu-kolpe saiakeratik hiru astera, Erdogan presidenteak bere egitasmoen berri eman du jendetza baten aurrean, Istanbulen. Errusiako presidente Putinekin hitzordu garrantzitsua du gaur

Recep Tayyip Erdogan presidenteak jendetza baten aurrean eman zuen mitina herenegun, Istanbulen. EFE.
Istanbul
2016ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Turkian huts egindako estatu kolpeak hiru aste utzi ditu atzean, baina haren ondorioek eragina dute oraindik herrialdeko politikan eta eguneroko bizitzan. Politika horiek herritarren sustengua dutela erakusteko antolatu zuen Recep Tayyip Erdoganen gobernuak herenegun «mitin historikoa», baita etor daitekeenaren lerro nagusiak marrazteko ere. Presidentea ezin kabiturik zegoen atzo, oraindik ere bezperako jendetzaren oihuen oihartzuna gogoan zeukala. Yenikapi zelaia eta inguratzen duten kaleak bete zituzten herritarrek herenegun, kolpe saiakeraren kontra Erdoganek «mitin handira» joateko egindako deiari erantzunez. Kolapsatu egin zuten Istanbul, eta, jendea milioika kontatzen hasita, milioi bat pasatxo zeudela zioten Turkiako komunikabide batzuek; beste batzuek, bost milioi.

Edozein kasutan, egiten ari denari jarraipena emateko baieztapena jaso du: «Heriotza zigorra berrezarriko dut, herriak hala eskatzen duelako, eta errudunak zigortu egin behar direlako». Beste ideia hau ere nabarmendu du beste ezeren gainetik: «Ez da bereizi behar Fetullah Gulen Kofradiaren [hari leporatzen dio estatu kolpe saiakera], kurduen PKKren edota Estatu Islamikoaren artean, diskurtsoa aldatzen badute ere denak baitira Turkiako nazioaren etsaiak». Zenbat eta egur gehiago eman diskurtsoan, orduan eta txalo zaparrada handiagoa jasotzen zuen. Fetullah Gulen liderraren irudiarekin panpina urkatuak ikus zitezkeen mitinean, Heriotza zigorrari bai leloarekin batera.

Aliatu lehen, etsai orain

Jakina da kolpista gehienak Fetullah Gulenen Kongregazioaren gertuko militarrak izan direla. Gulenen erakundea aliatu nagusia izan zen Recep Tayyip Erdoganen lehen hamar urteko gobernuan, eta duela hiru urte erakunde terroristatzat jo zuen gobernuko alderdi AKP Garapen eta Justizia Alderdiak. Orain aurkariak diren bi liderrak islamistak dira, eta biek dute helburu boterea hartzea beren ikuskerarekin bat egiten duten gizarteak ezartzeko. Botere borroka da haiena.

Turkiako Konstituzioaren arabera, presidente kargua sinbolikoa da, baina, Erdoganek kargu hori hartu zuenetik, duela bi urtetik, hura bilakatu da gobernuko botere goiena, eta, kolpe saiakeraren ondoren, hura da uztailaren 15etik, botere osoz, salbuespen egoeran dagoen estatua zuzentzen ari dena, uztailaren 20tik ofizialki horrela iragarrita. Salbuespen egoeraren punturik garrantzitsuenetako bat da aukera dagoela atxiloketak bi egunetik hilabetera luzatzeko, baina, horrez gainera, herrialdea lege dekretu bidez gidatzeko eskubidea ere barneratzen du. Gobernuaren praktikak, berriz, ezin dira salatu; ezin da haien kontrako helegiterik jarri, ezta segurtasun indarrek egiten dituzten praktiken kontra egin ere.

Hasia da nabaritzen aldaketa, egunero dekretu berri batekin esnatzen baita herrialdea. Ez bakarrik instituzioetan, baita erakunde pribatu eta zibiletan ere. Dekretu bakar batekin, Fetullah Gulen Kongregazioaren inguruko 2.341 instituzio itxi zituzten, erakundeak, komunikabideak, unibertsitateak eta bigarren hezkuntzako eskolak. Bigarren hezkuntzako eskola horien gehienak, gainera, Erdoganen gobernuak sortutakoak eta diruz lagundutakoak izan dira. Enpresa munduraino ere heldu da Erdoganen esku luzea; enpresa boteretsu asko konfiskatu dituzte, Boydak Holdingen gisakoak.

Itxiera horien ondorioz, kaleratzeak etorri dira, eta langile gehienen atxiloketak. Ez dago kopuru zehatzik, egunero gertatzen baitira kaleratzeak eta atxiloketak. Esan behar da horien artean prestigio handiko intelektualak daudela, eta gobernuari berari ere kosta egiten zaiola argudiatzea Gulenen erakundearen parte direla: Hilmi Yavuz poeta eta Sahil Alpay kazetaria, adibidez. Nazli Ilicak eta Mumtazar Turkone kazetariak ere atxilotu dituzte. Ilicak Erdoganen lagun mina izan zen, eta Turkone AKPko diputatu, Erdogan lehen ministro zeneko gobernuaren bigarren legealdian. Bi horiek oso kritiko izan dira Erdoganek azken lau urteotan egin dituen politikekin.

Segurtasun indarrek eta hezkuntzak izan dituzte kalterik handienak egin dituzten aldaketen ondorioz: 42.000 irakasle, 10.000 polizia baino gehiago, 3.373 militar, MHP Mugimendu Nazionalaren Alderdiko hainbat kargudun eta CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko batzuk ere galdekatu dituzte. Kaos horren guztiaren erdian, galdera hauxe egiten dute kazetariek, ahots apalean: zer gertatuko da AKPko Gulenen aldekoekin?

Erantzuna joan den astean iritsi zen: AKPk zirkular bat bidali zuen egoitza guztietara, eskatzeko Gulenen gertuko afiliatu guztiak detekta ditzatela eta haien militantzia buka dezatela. Astebete igaro da zirkularra zabaldu zenetik, baina ez dago daturik eragindakoari buruz, kongregazioko afiliatu asko alderdiko kideen senide eta lagun min baitira.

Kazetarien jardun kontrolatua nabarikoa da. Ez dago kazetari bat bera ere alderdiko kargudunei urrezko galdera egiten dionik, eta hori, 30 bat telebista kate gobernuko kargudunei etengabe elkarrizketak egiten ari diren arren. Hori bai, Erdogan armadaburu eta presidente gisa Turkiako herri guztietako plazetako jendeari zuzentzen zaionean, emisioa eten eta hari ematen diote hitza. Gertatzen ari denaren isla da hori.

Aldaketa horien guztien bidez, 90 urte baino gehiago dituzten estatuaren instituzioak berrantolatzen ari dira. Adibidez, armada, zeina kemalista izan den, laizismo turkiarraren zaindaria, aldaketa gehien jasan duena da kolpe saiakeraz gero etorri diren dekretuen eraginez. Eskola militar guztiak itxi dituzte. Horietan prestatzen dira NATOko bigarren armada handienaren ofizialak. Gobernuak jakinarazi zuen lau indar armatuen komandantziak presidentearekin egongo direla zuzeneko harremanean, MIT zerbitzu sekretuak bezalaxe. Eta hori gutxi balitz bezala, Mehmet Gormezek ere, Gai Erlijiosoetako zuzendariak, presidentearekin harreman zuzena izatea eskatu zuen.

Plazak betetzeko gaitasuna

Eta zer gertatzen da kalean eta plazetan? Uztailaren 15eko gauerdian, milaka herritar atera ziren Erdoganek demokrazia defendatzeko egindako eskaerari erantzunez. Ordutik, eta batez ere azken bi asteotan, tankeen kontrako heroismo irudiak ematen dituzte telebista kate guztietan, nola ez, gobernutik bideratutako eszenak. Gau hartan 246 pertsona hil ziren, zibilak horietarik bi heren. Oraindik 1.500 bat daude ospitaleetan.

Hurrengo egunean, legebiltzarreko lau alderdiek kolpe saiakeraren kontrako dokumentu bat sinatu zuten. Erdogan presidenteak bilera egin zuen alderdiotako buruzagiekin —HDP Herrien Alderdi Demokratikoa kanpoan utzi zuen—, gertatutakoaren berri emateko, eta gobernua hartzen ari den neurriak babestea eskatzeko. Lehen egunetako protestak demokraziaren gaubeilatzat jo zituzten manifestariek, eta Erdoganek Demokraziaren eta Martirien Mitinak izena jarri zien. Presidenteak berak eskatu zien ez zitzatela plazak husten utzi «kolpe arriskua igaro bitartean». Noiz pasatuko da arriskua? «Erdoganek berak erabakiko du hori», manifestariek diotenaren arabera. Herenegun, «herritarrek misioa bururatu» zutela esan zuen, eta hitzordu garrantzitsu horren ostean etzitik aurrera «betebehar demokratikoari amaierako puntua» jarriko diotela.

AKPk antolatzen ditu manifestazioak; udalek beren bitarteko guztiak jartzen dituztemanifestazioak egin ahal izateko, eta garraio publikoa doan izan zen lehen bi asteetan; orain, doan da arratsaldeko zortzietatik aurrera, kontzentrazioen orduetan. Plazetan afariak doan ematen dituzte AKPren udalek eta gobernuak berak. Trafikoa berregituratzen dute kontzentrazioon arabera.

Bien bitartean, oihartzunik eduki ez zuten manifestazioak ere izan ziren herenegun: CHPk Demokrazia Istanbulen lelopean elkartu zituen bere jarraitzaileak, eta HDPk ere mitinak antolatu zituen Kolpeei ez, demokrazia oraintxe bertan lelopean, Istanbulen eta Esmirnan.

Bilera Putinekin

«Poz-pozik» abiatzeko arrazoiak dauzka Erdoganek Vladimir Putin Errusiako presidente eta «lagunarekin»San Petesburgon daukan hitzordu «historikora». Iazko azaroan Turkiako armadak Siriako mugan Errusiako gerra hegazkin bat eraitsi zuenetik, harreman horiek etenda zeuden, baina martxa ona hartuta daude azken bi hilabeteetan, eta bi herrien arteko harremanen norabidean aldaketa garrantzitsua egongo dela iragarri zuen atzo. «Hasiera berri bat izango da». Turkiak uste du kolpe saiakeraz gero Errusiak «baldintzarik eta interesik gabeko babesa» erakutsi diola, Europako Batasunak eta AEBek erakutsi diotenaren «kontrakoa».

Putinen eta Erdoganen arteko bilera begi onez jotzen du hemengo prentsak. Gobernuak orain dio Fetullah Gulen Erakunde Terroristak eraitsi zuela Errusiako hegazkina, lehen ministro Ahmet Davutogluk orduan esandakoa ahaztuta: alegia, aitortu zuen berak eman zuela agindua —gobernutik kendua du Erdoganek Davutoglu—. Orain gobernuak dioenez, kongregazioa izan da oposizioak urte askoan kritikatu dituen ekintzen erantzule, hala nola segurtasun indarren ekintzena eta kartzelatiko kanporatze askorena.

Errusiarekin bakeak egiten dituen bitartean, berriz, huts egindako kolpeaz gero, AEBak kritikatzen ditu etengabe,eta eskatu dio erakunde terroristako buru Fetullah Gulen estradita dezala. Pensilvanian bizi da gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.