Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Kartzelara eraman diete etxea

Publizitatea

Politika

Kartzelara eraman diete etxea

Ibon Iparragirre eta Manu Azkarate eri diren presoak etxera eramateko, anbulantzia batekin joan dira senideak kartzelaraino. Bisitarik ez zegokien arren, haien amek lortu dute azkenean bisita egitea
<b>Espetxe atariraino. </b>Euskal Herritik 04:00etan abiatu zen anbulantziaz jantzitako furgoneta, eta 10:00etan iritsi zen Alcala-Mecoko espetxera.
Argazkia: BERRIA

2017-11-15 / Iñaki Lasa Etura - Berriemaile berezia

Etxean nahi zituzten, baina ez da hala izango. Eta, halere, garaipen txiki batekin egin dituzte etxerako 450 kilometroak Sagrario Ramosek eta Angelita Burgoak. Alcala Mecoko kartzelan preso dauden Manu Azkarate eta Ibon Iparragirre euskal presoen amak dira, hurrenez hurren, eta semeen bila joan ziren espetxeraino, atzo, anbulantzia eta guzti. Zehatzago, anbulantzia itxura emandako furgoneta batekin.

Oso gaixotasun larriak dituzte bi presoek. Hil edo biziko egoeran dago Iparragirre: hiesa du, C-3 estadioan, eta bere gorputzak hogei defentsa ditu soilik. Gaixotasunak burmuinari eragin dio, gainera, ikusmena galdu du, eta ezin du natural idatzi eta irakurri. Porta zaineko kabernoma du haurtzarotik Azkaratek, eta, besteak beste, digestio hemorragiak izateko arrisku larria ekarri dio horrek. 1986an, tromboflebitis bat izan zuen, eta zirkulazio arazo larriak ditu geroztik.

Bi presoen egoera salatzeko eta Espainiako Gobernuaren axolagabekeria deitoratzeko ekitaldi deigarri eta sinbolikoa antolatu zuen Sarek atzo. Kartzela atarian elkarteko kide Hodei Iruretagoienak egindako adierazpenak horren lekuko: «Ate asko jo dira Ibon Iparragirreren eta Manu Azkarateren askatasuna lortzeko. Orain arte ez da erantzunik jaso, eta, ikusita Espainiako Gobernuaren politika zein den, bien bila etortzea erabaki dugu».

Ez zituzten bueltan ekarri, baina, behintzat, haiek bisitatzeko aukera izan zuten. Atzokoa bisita eguna ez bazuten ere, malgutasunez jokatu zuen espetxeko zuzendaritzak behingoagatik, eta bisean biseko aukera eskaini zien nola Burgoari hala Ramosi. «Inoiz ez naiz kartzela batean hainbesteko askatasunarekin mugitu», ziurtatu zion Azkarateren amak BERRIAri. «Funtzionario batzuk ere zur eta lur zeuden», gaineratu du jarraian Burgoak. Ez ziren harrituta geratu ziren bakarrak, ustekabe gozoa izan baitzuten Iparragirrek eta Azkaratek.

Semeak ikusi ahal izateak gozotik asko badu ere, gogorra egin zitzaion Burgoari. «Oso gaizki» ikusi zuen semea, «erabat zurbil zegoen, gaixo kolorearekin». Aitortu du gogorik gabe bezala ikusi zuela hainbat unetan, eta nekatuta. «Oso gogorra egin zait Ibon hala ikustea».

Anbulantzia 10:30 aldera iritsi zen Alcala Mecoko espetxeko bigarren modulura. Ordurako hainbat ordezkari politiko, sendagile eta senide zeuden kartzela kanpoan. Baita Espainiako Poliziako auto bat ere. Bildutakoei zein ziren galdetu zieten, baina ez zuten ekitaldia egiteko oztoporik jarri. Kartzela atarian aparkatu zuten anbulantzia-furgoneta, eta esku ohea atera zuten erizainez jantzitako hiru kidek. Espetxeko atera iristear zirela eman zieten altoa, eta sartzeko baimenik ez zutela jakinarazi zieten. Orduan hurbildu ziren atera Burgoa eta Ramos, eta semeen egoeraren berri ematen zuen txostena eman zieten funtzionarioei. Sareko kide Hodei Iruretagoienak eta Joxe Mari Basterretxea eta Fernando Arburua medikuek adierazpenak egin eta gutxira iritsi zen berria: Ramosek eta Burgoak semeak ikusteko aukera izango zutela. Iparragirre eta Azkarate etxera eramaterik ez bazuten ere, etxea eramango zieten kartzelara.

Eragile politiko ugari joan ziren kartzela atarira egoera salatzeko; besteak beste, honako hauek: Zunbeltz Bedialauneta Ondarroko alkatea, EH Bilduko Unai Urruzuno eta Julen Artzuaga legebiltzarkideak, Marian Beitilarrangoitia diputatua eta Jon Iñarritu senataria; ERCko Teresa Jorda diputatua eta Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Eduardo Santos. Beste hainbat politikari joatekoak baziren ere, ezin izan ziren bertaratu. Talde argazkia atera zuten urtarrileko manifestaziora begira Sare erabiltzen ari den Prest gaude leloarekin. Gaurtik aurrera, babes kanpaina bat hasiko du Sarek: Ni ere joango nintzateke.

Adierazpenak egin zituen Beitialarrangoitiak kartzela atarian: «Iparragirreren gaixotasuna eta kartzela ezkontezinak dira». Azken egunotako mugimenduak salatu zituen diputatuak: «Ez dugu ulertzen eta konpartitzen txosten gehiago eskatuz bere askatasunaren inguruko erabakia atzeratzea». Izan ere, auzia daraman epaileak hirugarren iritzi bat eskatu du. Jarrera horrek Iparragirre kartzelan mantentzea dakar.

«Lorik egin al duzu?»

Luzea izan zen atzoko eguna Iparragirreren eta Azkarateren senideentzat. Alcala Mecora 10:00 aldera iristeko goiz abiatu behar baita, asteburu oro milaka kilometro egiten duten senideek ondo baino hobeto dakiten moduan. Hotz egiten zuen Lopidanan, 04:00etan, eta kafe batekin berotu zituzten barrenak eta baretu kirioak. «Lorik egin al duzu?» zen gehien errepikatutako galdera, eta «batere ez» erantzuna.

Autoetan banatu, eta ilunpetan bidaia, errepide isiletan zehar. Nor bere buruarekin mintzatzeko izan ohi dira ordu txikiak, eta ez zen hitz egiteko gogo handirik autoan. Isil isilik, iluntasunean sigi-saga. Errepidean izotza egotea aurreikusia bazegoen ere, lasai lehen orduak.

Zerua argitu aurretik, azken-aurreko geldialdia Madril aldeko kartzeletara joaten diren senideek nahi baino hobeto ezagutzen duten errepide alboko taberna-ezleku horietako batean. Egunsentiarekin batera, lehen oztopoak errepidean, zuzen-zuzenean jotzen du eguzkiak, eta gidariaren marmarra. Asteburuetako deserosotasun txiki askoetako bat. Madrilera hurbildu ahala, infernua errepidean. Hiriburura lanera doaz asko, eta askoz astunagoa da zirkulazioa. Gero eta zailagoa da auto batek bestea jarraitzea. Ez da egoera berria Ramosentzat eta Burgoarentzat, baina, halere, harrituta mintzo dira: «Ez dakit hainbesteko zirkulazioa ikusi dudan inoiz hemen». Alcala de Henaresen bertan azken geldialdia. Planaren azken xehetasunak zehaztu, eta bi presoen amek adierazpenak egin dizkiote Ahotsa-ri eta BERRIAri, haiekin bidaiatu duten bi hedabideei.

Bestelako aldartean egiten da etxerako bidea. Joanekoan baino gehiago hitz egiten da. Semea ikusi ahal izan dutelako agian, goizeko kirioen arrastorik ez dagoelako bestela. Etxea eraman diete kartzelara amek semeei, baina kartzela dute etxean, gero. Alcala Mecon jarraitzen dute Iparragirrek eta Azkaratek.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak