Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Espainiako erregearen abdikazioa. Soslaia. ANALISIA

39 urte

Iñaki Petxarroman -

2014ko ekainak 3

Aspaldi hartua zuen Espainiako Monarkiak estatuaren agintaritza Felipe printzearen esku uzteko erabakia. Izan ere, bere aitaren azken urteotako higatzeak kendu dio, ez bakarrik Katalunian eta Euskal Herrian, baizik eta Espainian ere, Erregetzak bete duen funtzio nagusietako bat: estatuaren batasunaren, egonkortasunaren eta iraupenaren sinbolo eta berme izatea.

Dezente okertu dira gauzak Zarzuelan. Ustelkeriaren mamuak neurri kezkagarria hartu du. Cristina infantak Iñaki Urdangarin senarraren negozioetan zuen esku hartzea eta eragina nahiko argi geratu dira iritzi publikoaren aurrean, horrek judizialki ondoriorik izan edo ez. Eta, jakina, errege familiako buruak bere suiak eta alabak zituzten legez kanpoko negozioen berri ez izatea oso zaila da. Beste kontu bat da ea ba ote zuen berak ere esku hartze zuzenik sare horretan.

Erregea estatuaren batasunaren, kohesioaren eta egonkortasunaren bermea izateaz gain, ukiezina izan da, politikoki, judizialki eta mediatikoki. Hura kritikatzera ausartu direnek estatuaren aparatu judizialarekin egin dute topo, eta hor daude, besteak beste, Javier Sanchez Erauskin Punto y Hora aldizkariko zuzendariaren eta Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagi presoaren auziak, biak ere erregea iraintzeagatik irekiak.

Ustelkeriaren itzalak ez ezik, estatuburuaren bizimoduari buruzko eztabaidak ere estali du garai batean iritzi publikoan zuen ospe ona, bereziki Espainian egoera sozio-ekonomikoa larritu denetik. Bostwanan elefanteen ehizan ibili zenekoak eskandalu handia sortu zuen hedabideetan duela bi urte, eta barkamena eskatzera behartu zuen Juan Carlos Borboikoa bera. Hori pentsaezina izango zen duela 15 urte.

Aipatutakoak erakusten du Borboiko Juan Carlos I.aren figura politikoaren higatze eta deslegitimazio soziala. Urte askotan kritiken aurrean izan duen inpunitate mediatikoa galdu du, neurri batean, eta horrek lurperatuta zegoen errepublikaren proiektua jarri du berriz ere eztabaidagai.

Hala ere, badaude arrazoi sakonagoak ere Juan Carlos Borboikoaren abdikazioaren azpian. Katalunian zabaldutako bide autodeterministak estatuaren batasunaren eta hautsezintasunaren printzipioa kolokan jarri du. Urakan baten indarra hartu du eztabaida independentistak Katalunian, eta erregea ez da gai, garai batean ez bezala, oldarraldiaren aurrean euste-horma izateko.

Eta, hori gutxi balitz bezala, azken hauteskunde europarretatik irtendako panorama politikoak beste arrisku bat erakutsi dio estatuari: alderdi biko sistemaren ahulezia. Ezkerreko alderdien gorakadak eta PSOEren krisi politikoak alarma gorriak piztu dituzte estatuan. Horregatik, Felipe semearen esku utzi du Juan Carlos Borboikoak aginte makila, marketinak garrantzi itzela duen gizarte honetan saihetsezina zelako aitak bezainbeste aje ez dituen gaztearen aldeko apustua egitea, helburu jakin batekin: denak berdin jarraizea.

39 urte egin zituen Francok agintean, eta, hark erabakita —alegia, herriari galdetu gabe— hartu zuen Juan Carlos I.k estatu buruaren kargua. 39 urte egin ditu Borboikoak, eta hark erabakita hartu du semeak lekukoa orain. Krisian zegoen estatua diktadorea hil zenean, eta krisian dago berriro. Orduan eutsi zion. Orain, ikusiko da.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

EH Baiko zuzendaritza berria, Baionan ©EH Bai

Euskal Herri burujabea helburu, lurralde elkargo berezia aldarrikatuko du EH Baik

Ekhi Erremundegi Beloki

2022-2026 aldirako bide orri politikoa onartu eta ondoko urteetarako zuzendaritza berria hautatu dute ezkerreko mugimendu abertzaleko kideek. «Karrikan eta instituzioetan borrokatzeko» borondatea erakutsi dute, eta EH Bildureko duten hitzarmen estrategikoa «indartu eta berrituko» dutela erran dute.

KEM talde antimilitaristaren ekintza, Bilboko koartelean. ©BERRIA

«Kuartela auzoarena izan arte!»

Imanol Magro Eizmendi

Hiru igeltsero antimilitaristak Bilboko Juan de Garay kuartel militarra eraisteko lanekin jarraitu dute. 6.500 metro koadroko orubea Iralako auzotarren esku gelditu dadin egin dute lan. Ertzaintzak kalteak eragitea leporatu die.

Foro Sozialak antolatutako mahai inguruko partehartzaileak, herenegun, Donostian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Aitortzarako bide bat» zabaldu du Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak

Julen Aperribai

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeko presidente Juana Balmasedak biktima horien aitortzan batzordeak egindakoa goretsi du. Lan hori trabatzeko mekanismoak martxan direla ohartarazi du.

EH Baiko kideak, uztailean, kongresuaren aurkezpenean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Ezkerreko abertzale guziak biltzeko gai izan nahi du EH Baik

Ekhi Erremundegi Beloki

Bihar eginen du lehen kongresua ezkerreko abertzaleen mugimenduak, eta ondoko urteetarako bide orri politikoa bozkatuko dute. «Parte hartze handia» nabarmendu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...