Albistea entzun

Aralar alderdia. VII. kongresua

Hausturatik batasunera

Aralar ezker abertzalearen barne ildo kritikoa izan zen hasieran, eta alderdi bilakatu zen 2002an. Bide zibil eta politikoen aldeko hautua eginda, ezker abertzalea «birsortu» nahi zuten.
2012ko Eusko Legebiltzarreko bozetarako EH Bilduren ekitaldia.
2012ko Eusko Legebiltzarreko bozetarako EH Bilduren ekitaldia. A.C. / ARP Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2017ko irailak 13

Egunen batean, ezker abertzalea esparru politiko zabal eta tinko bat izanen da. Esparru bakarra. Euskal Herriko beste edozein esparru politikoaren adinakoa. Eta erabakigarria. Aralar ezker abertzalearen esparru horretan izanen da». Patxi Zabaletaren hitzak dira horiek, Aralar 2002an alderdi gisa eratu zenean alderdiko koordinatzaile nagusi aukeratu berritan esandakoak. Egun horretan egindako hitzaldian, Zabaletak argi utzi nahi izan zuen Aralar ez zela sortu ezker abertzaleko beste alderdi bat izateko, ez zuela bokazio hori, eta paturik normalena ezker abertzalearen batasuna zela.

ETAk 1999ko abenduan su-etena hautsi izanak eta Lizarra-Garaziko akordioaren hausturak areagotu egin zituen ezker abertzalearen barruan aspalditik zeuden sentsibilitateen arteko konfrontazioak. Lizarra-Garaziko hausturak kontrakotasun hori handitu egin zuen, eta ezker abertzalea zatitu egin zen. Testuinguru zail hartan sortu zen Aralar, borroka armatua estrategia okerra zela eta ezker abertzale «politiko eta zibila» beharrezkoa zela defendatzen zuen sektorea.

Helmuga hori jarrita zuen Batasuna prozesuan Aralarrek ezker abertzaleko barne iritzi korronte modura eratu zenetik. Alderdi politiko gisa 2002ko ekainean eratu zen, baina, aurretik, ezker abertzalearen baitako sentsibilitate baten adierazpena bazen. 2000ko maiatzaren 21ean, jendaurrean argitara emandako idatzi batean, Iñaki Aldekoa, Sagrario Aleman, Jose Ramon Amoros, Iosu Gulina, Victorio Lizarraga, Xabier Martinez Alaba, Pablo Muñoz, Pedro Romero eta Patxi Zabaletak ezker abertzalearen ildo ofizialarekiko desadostasunak agertu zituzten. Ezker abertzalearen Batasuna prozesuan parte hartzeko prest agertu ziren, baina zioten bide politikoak erabilita ezker abertzalea «birsortu» egin nahi zutela. Handik bi urtera eratu zen Aralar alderdi gisa, Batasunetik aparte.

2002ko ekainaren 22an eta 23an egin zuen kongresu eratzailea, Gasteizen. Ehkotopia leloa erabili zuen biltzarrean, hainbat kontzeptu uztartu nahian: Euskal Herria, ekologia, lurraren defentsa, globalizazioa, immigrazioa, sexuen partekotasuna eta ezberdinen defentsa. Han onartutako txosten politikoak ezarri zituen bere ibilbidean lagun izan dituen ezaugarriak: independentismoa, sozialismoa, ekologismoa, desobedientzia zibila eta globalizazioaren aurkako jarrerak, eta abar.

Aralarren jardun eremua ere ezarri zuten orduan. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan egituratzeko erabakia hartu zuten, haien iritzian Iparraldean ordurako Abertzaleen Batasunak betetzen zuelako ezker abertzale «zibilaren» eginkizuna. Beste hiru oinarri finkatu zituzten sorreran. Batetik, ezker abertzale «politiko, zibil eta demokratikoa» nahi zutela esan zuten, eta, horretarako, ETAk borroka armatua erabat utzi behar zuela. Bigarrenik, Euskal Herriaren eraikuntzarako tokiko hiru erabakitze esparruak edo hiru eremu administratiboak errespetatu behar zirela: EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria. Hirugarrenik, ezker abertzaleak barne egitura demokratikoak behar zituela eskatu zuten.

Bozetan formula ugari

2002an hasitako ibilbide horren lehen geltokia 2003ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeak izan ziren. Ordurako, Espainiako Estatuan Alderdi Politikoen Legea indarrean zen, eta ezker abertzalea ofizialaren marka ezberdinak, legez kanporatuta. Testuinguru horretan, Aralar formula desberdinak erabilita aurkeztu zen bozetara: beste alderdi batzuekin koalizioa eratuta batzuetan, eta bakarrik, besteetan. 2003ko foru hauteskundeetan lau eserleku lortu zituen Nafarroako Parlamentuan —botoen %8—, eta batzarkide bat EAEn, Gipuzkoan —botoen %3,2 hiru herrialdeetan—. 2004ko Espainiako Kongresurako hauteskundeetara Zutik-ekin koalizioan aurkeztu zen EAEn, baina ez zuen eserlekurik lortu; Nafarroan NaBai koalizioa bultzatu zuen Aralarrek, EA, Batzarre, EAJ eta independenteekin elkartuta, eta eserleku bat erdietsi zuen Uxue Barkosek.

Aralar 2005ean aurkeztu zen lehen aldiz Eusko Legebiltzarreko bozetara, eta, denera botoen %2,3 lortuta, Gipuzkoatik erdietsi zuen legebiltzarkide bakarra. 2007ko udal eta foru hauteskundeetara, Ezker Batua-Berdeak koalizioan aurkeztu zen EAEn: 56 zinegotzi eta lau batzarkide. Nafarroan, NaBai koalizioarekin, hamabi legebiltzarkide, 77.000 boto —%23,6—, bigarren indarra, lehendakarigai Patxi Zabaleta zela. 2009an bakarrik aurkeztea erabaki zuen Eusko Legebiltzarreko bozetara ezker abertzalea legez kanporatuta zegoen, eta gorakada izan zuen: 62.000 boto —%6— eta lau aulki.

2011ko maiatzeko udal eta foru bozetan Nafarroako bozetan NaBain aurkeztu zen Aralar, ez Bildun; EAEn, bakarrik, ez Bildun. Baina orduko irailean egindako biltzarrean —V.ean—, ezkerreko indar subiranisten arteko elkarlanaren aldeko apustua egin zuen, eta azaroan Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Bilduko kideekin aurkeztu zen, Amaiur koalizioan: zazpi diputatu lortu zituzten; Hegoaldean aurreneko indarra.

2012tik, EH Bildun dago. Urte hartan, 277.000 boto eta 21 ordezkari eskuratu zituzten Eusko Legebiltzarrerako bozetan eta 2016koetan, 256.000 boto eta 18 aulki; bietan, bigarren indarra.

Orain, abenduaren 2an, VII. kongresuan, Aralarren ibilbidea amaitzeko proposamena egin du haren zuzendaritza nagusiak, helburuak bete dituztela iritzita.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nikolas Blain eta Anita Lopepe, Baionan egin duten agerraldian ©Bob Edme

Eskaintza politiko berri bat eratu nahi du EH Baik

Ekhi Erremundegi Beloki

Lehen kongresua eginen du azaroaren 26an. Txosten politikoa eta organizatiboa eztabaidatzen hasiko da ondoko egunetan

Miren Etxebeste eta Victor Lana, Donostian. ©Ahal Dugu.

Miren Etxebestek iragarri du aurkeztuko dela Gipuzkoako Ahal Dugu-ren hautagai izateko primarioetan

Uxue Rey Gorraiz

 Donostiako alkategai izateko, Victor Lasak ere aurkeztu du hautagaitza.

Pello Otxandiano, atzo, Donostian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Egiturazko neurriak sustatzeko hitzarmen bat proposatu du EH Bilduk

Iosu Alberdi

Ongizate Hitzarmenak hamar neurri jaso ditu: bost «ongizatearen oinarri materialak bermatzeko», eta beste horrenbeste aberastasuna banatzeko

Frantziako armadan sartzera deitzeko publizitate bat, Baionako autobus geltoki batean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Egun bat Frantziako armadan, nahi eta nahi ez

Oihana Teyseyre Koskarat

Iparraldeko 16 eta 25 urteko gazte guziak behartuak dira Frantziako armadarekin edo Jendarmeriarekin egun bat pasatzera. Euskaldunen kontrako diskriminazioa pairatu dute anitzek, «propaganda» egunean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.