Katalunia. Espainiako Gobernuaren erantzuna

Indarrean da errepublika suntsitzeko makineria

Rajoyk Puigdemont, Junqueras eta kontseilariak kargugabetu ditu. Kataluniako Parlamentua desegin, eta bozetara deitu du abenduaren 21erako
Mariano Rajoy Espainiako presidentea, senatarien erdian, 155. artikulua babesteko egindako agerraldian, atzo goizean.
Mariano Rajoy Espainiako presidentea, senatarien erdian, 155. artikulua babesteko egindako agerraldian, atzo goizean. CHEMA MOYA / EFE

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2017ko urriak 28
Berehalako erantzuna iritsi da Kataluniara, Mariano Rajoy Espainiako presidentearen gobernutik. Esku hartzeari buruzko zerrenda luzea da gobernuburuak errepublika independentearen lehen egunean aurkeztu duena. Dudarik ez duela egiten ziurtatzeko, kargugabetzeak abiatu ditu, lehenik eta behin: Carles Puigdemont Generalitateko presidentearena, Oriol Junqueras presidenteordearena, eta gobernuko kontseilari guztiena, baita mossoen buru Pere Solerrena ere. Espainiako Fiskaltzak, Jose Manuel Mazaren gidaritzapean, astelehenean aurkeztuko du kereila —erabakia aurreratzen ez bada— Kataluniako Gobernuaren eta Legebiltzarreko Mahaiaren aurka, matxinada delituagatik, Espainiako Auzitegi Gorenean. Kereila aurkeztu eta gorenak tramitera onartzen duenean, lehen neurria ikertuen zitazioa izango da, eta litekeena da kereilan bertan deklaratzera joateko eskatzea. A priori, aukera emango zaie deklaratzera joateko, magistratuak deitzen dituenean, eta epailearen aurrera joaten ez badira, berehala atxilotuko dituzte, ihes egin ez dezaten. 30 urte arteko espetxe zigorra eska dezakete.

Horrez gainera, Puigdemonten eskumenak Rajoyk bereganatu dituenez, legebiltzarra desegin, eta hauteskundeetara deitzea erabaki du. Abenduaren 21ean izango dira «hauteskunde libre, garbi eta legezkoak», independentista ez diren gainerakoentzat, esan gabe doa.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalean ere helegitea jarri du independentzia deklarazioaren kontra, eta tramitera onartu bezain pronto automatikoki bertan behera geratuko da.

Espainiako Ministerioek gidatuko dute administrazio katalana, eta, «enbaxadak deritzotenak» itxiko ditu, Generalitateak azken urteotan zabaldutako egoitzak, New Yorken, Londresen, Berlinen, Parisen... Bruselako ordezkaritza mantenduko du, baina hango zuzendaria kargugabetu du, baita Madrilen Generalitateko ordezkari Ferran Mascarell ere. Puigdemonten eta Junquerasen bulegoen «iraungitzea» ere hitzartu du.

Komunikabide publikoak, berriz, ez dituzte kontrolatuko. PSOEren eskakizuna onartu du azkenean PPk. Asteazkenetik negoziatzen zebiltzan bi alderdiak, eta hasierako testuari zuzenketa batzuk egin nahi izan zizkioten popularrek: Hauteskunde Batzorde Zentralaren eta Senatuko batzorde teknikoaren zaintzapean jarri nahi zituzten, baina onartutakoaren arabera, ez dira inoren eraginpean egongo. Sozialistek komunikabideen esku hartzean jarri zuten marra gorria.

Eta PPk amore eman du puntu horretan, popularrentzat garrantzitsua zelako koalizio handia aurkeztea, ezohiko neurriaren bultzatzaile gisa. Eskerrak eman dizkie PSOEri eta Ciudadanosi «erabaki zail baina beharrezko honetan bidelagun izateagatik», eta eskatu «alderdikeriak eta berekoikeriak alde batera uzteko, espainiar guztiek espero duten erantzun bateratua emateko».

Alderdiokin bat eginda, lau dekreturen bidez jarri zituen indarrean Rajoyk neurriok, atzo arratsaldean, Espainiako Senatuak 155. artikulua babestu ostean, Kataluniako Legebiltzarrak independentzia deklaratu eta ordu erdi pasatxora. 214 boto izan zituen alde —PP, PSOE eta Ciudadanos—, 47 kontra —Unidos Podemos, PDECat, ERC eta EAJ— eta abstentzio bat. Onartu eta berehala argitaratu zuten senatuaren erabakia BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta Espainiako Ministroen Kontseiluen ezohiko bileran hitzartu zituzten eginbideak. Rajoyk «lasaitasuna, baretasuna eta zuhurtzia» eskatu ditu, «Espainiako Gobernuak legalitatea berrezarriko duelako». Esku hartzea «modu baketsuan» egingo dute, eta «saiatuko» dira ezohiko egoera ez betikotzen.

Senatukoa, ikuskizun

Mariano Rajoyk deklarazio instituzional bidez aurkeztu zituen neurriak, arratsaldean, eta goizean, berak egin zion senatuari 155. artikulua onartzeko eskakizun formala. Inoizko egunik hiztunena izan zuen atzokoa, protagonismo osoa hartuta, prozesu honetan nork agintzen duen argi uzteko. Gauza bera errepikatu zuen, ordea, agerraldi guztietan, jendeak ez ahazteko.

«Egun tristea» izan zen atzokoa Espainiako presidentearentzat, «desarrazoia legearen gainetik jarri delako». Baina goibeltasun gutxi agertu zuten PPko senatariek eta kongresistek, goizean, senatuan. Esanguratsua izan zen haien jarrera, bozkatu behar zutenena eta ez zutenena, senatua inoiz zapaldu ez zuten asko baitzeuden, denek agertu nahian Espainiaren hegemoniaren irudi bilakatuko zen argazkian. Ikuskizun bilakatu zuten 155.artikuluari senatuak eman beharreko babesa, hooligan-ak balira bezala, zenbat eta adierazpen gogorragoa, orduan eta festarako arrazoi gehiago izanez, txaloak eta oihuak barra-barra. Haien erdian, miresmenen iturri, euren lider Mariano Rajoy; bere onena eman zuen, ordu erdiko diskurtso indartsuan, senatuari eskatzeko bere egin zitzala artikuluari dagozkion neurriak. Tonuz igotako txaloak entzun ziren «kargugabetze» hitzarekin bat, sozialisten eta gainerakoen isiltasunaren erdian. Independentistek eta Unidos Podemosek gaitzetsi egin zuten PPkoen jarrera, hitza hartu zutenean.

Rajoyk, eserlekutik altxa, eta PPko kide oro agurtuz eta senatari guztiei hitz eginez, 155.a aplikatzeko zergatiak aipatu zituen: «Erabaki antidemokratikoen prozesu etenik gabea izan delako». Arnas hartu eta jarraitu zuen: «Legea zapaldu dute, Zuzenbide Estatua eta gutxiengoei errespetua». Hori ere txaloak eragin zituen esaldia. «Katalunian saiatu dira legea ez kontuan hartzen, ez ezagutzen, bertan behera uzten. Edozein hitzek balio du zer egin duten azaltzeko. Legalitate bat onartu dute, horretarako eskumenik izan gabe». Hori dela eta, hemen Rajoyren ondorio irmoa: «Gobernu batek ezin du izuz iritsi hona, hemen ezer gertatuko ez balitz bezala», gertatu baita, azkenean konturatu direnez, eta etorriko dira erantzunak, Rajoyk ohartarazi bezala, senatutik atera eta pasiloetan «berriak laster» iritsiko direla esan zuenean. «Gure gertuko historian aurrekaririk ez duen erronka baten aurrean gaude».

Amaieran bata bestearen atzetik kateatutako esaldietan eman zituen gobernuak dituen arrazoi «sakonak», abiatuko duen biderako: «Beste ezeren gainetik legea ezartzeko garaia heldu da, ez Kataluniaren kontra, baizik eta Kataluniaz abusatzea saihesteko. Gaur Katalunia mehatxatzen duena ez baita artikulu konstituzional baten aplikazioa; konstituzioaren kontrako jarrerak eragiten duen triskantza da. Ez da babestu behar inperialismo espainiarretik; bere burua Kataluniako jabetzat duen gutxiengo batengandik babestu behar da, zeinak katalan guztiak bere doktrinara azpiratu nahi duen». 155. artikuluaren erabilerari buruzko justifikazioa ere egin zuen Rajoyk, alegia, «inguruko herrialdeetakoen antzekoa» dela esan zuen, esan gabe, ziurgabea dela, eta edukiak baino gehiago interpretazioak emango diola izaera.

Puigdemonten errua

Guztiaren errua Carles Puigdemontek dauka. «Soberan izan zituen aukerak Puigdemontek dilema konpontzeko, baina ez zuen nahi izan». Hitz egin nahi ez izatea ere leporatu dio Kataluniako presidenteari. «Eskaini zidan elkarrizketa bakarra izan zen Kataluniako independentzia. Elkarrizketak bi etsai ditu: legeak gaizki erabili, aintzat ez hartu edo betetzen ez dituztenak, —denen elkarrizketari eskerrak eginak dira—, eta bigarrena da bestea ulertu nahi ez duena, bere burua bakarrik entzuten duena».

Sozialistek, ordea, atzoko hitzordua ez zuten PPkoek bezala bizi. Ez zen ospakizun bat izan, haientzat ondorio larriak izan ditzakeen urratsa baizik. Jose Montilla Kataluniako presidente ohiak eta Francesc Antich balearretakoak ez bozkatzea erabaki zuten. Montilla eta Antich ez daude ados Generalitatearen erabakiarekin, baina ez zaie zilegi 155.a.

PDECat eta ERCko senatarien txanda heldu zenean, oihuak eta txistuak entzun ziren. ERCko Mireia Cortesek Madrili leporatu zion ez duela Kataluniako errealitatea ezagutzen, eta Josep Lluis Cleries PDECateko bozeramaileak Rajoy egin zuen egoeraren erantzule, gogoratuz sinadurak bildu zituela 2006ko Estatutuaren aurka. EAJko Jokin Bildarratzen hitzek ere izan zuten senatarien erantzunik. «Euskal nazio bat existitzen da», esan zuen. «Ez, ez da existitzen!», oihukatu zuten PPko eserlekuetatik. «Bai, existitzen da», Bildarratzek, berriz ere, txaloen eta oihuen artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna