Kataluniako erreferenduma. Lehen galdeketak

Igarobide baten zeharkaldia

Arenys de Munten egin zen Kataluniako lehen galdeketa; «kontzientzia kolektiboa» eraikitzen hasteko lehen hazitzat jotzen dute antolatzaileek.

Maria Ballesta Arenys de Munteko zinegotzia eta David Caldeira Arenys de Marreko zinegotzia. ORIOL CLAVERA.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Arenys de Munt
2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Arenys de Mar utzi eta lau bat kilometroko aldapa baten ostean hasten da Arenys de Munt, gaur egun eraikinek eta etxebizitzek betetzen duten mendi magala, errepide lanak egiten dituen ibaialdi batek zeharkatua; hareazko mantentzen da zati batean, eta asfaltozko bestean. Bisitariari oharkabean igaroko litzaioke xehetasun hori, bertakoek azaldu izan ez baliote ibai bide horretatik abiatu zela katalanen etorkizuna erabakitzeko eskubidearen kontzientzia kolektiboa.

Herriko plazako taberna batean daude Maria Ballesta eta David Caldeira, 2009ko irailaren 13an Kataluniako lehen galdeketa antolatzen hasi zen leku berean. 20:30 dira, jendea kartelak itsasteko geratu baino ordubete lehenago. «Garabi bat dakarkigu gaur, pankarta handi bat ezartzeko zuhaitzetik zuhaitzera», iragarri du Ballestak, iritsi orduko. Arenys de Munteko CUPeko zinegotzia da bera: «Igarobide horrek du gaur egungo egoeraren errua», azaldu du bidea seinalatuz, barrez. Ballestak gogoan du herrian ez zirela ados jartzen igarobidea natural mantendu edo asfaltozko bilakatu, eta herritarrek zer pentsatzen zuten jakiteko asmoz otu zitzaiela zuzenean galdetzea. Kezka horretatik abiatuta, zergatik ez gauza gehiago galdetu? «Eta galdera hauxe erantsi genion: Ados zaude Katalunia Europako Batasunaren barruan egongo den zuzenbide estatu independente, demokratiko eta sozial bilakatzearekin?».

Galdetzearen ideia, ordea, ez zen gau bateko argialdia izan, aspaldian MAPA elkartearen gogoeten helduleku bat baizik. Arenysko Autodeterminazioaren Aldeko Mugimendua da MAPA, eta aspaldian zebilen independentziaz eta erabakitzeko eskubideaz gogoetan, eztabaidan eta kalean aldarrikapenak egiten. Tailerrak-eta bultzatu izan dituzteurteetan, gaikako eztabaida saioak eginez herritarren artean, Katalunia sozial eta independentea irudikatzeko, formak zehazteko, hasiera batean abstraktua dirudienari. «Argi baitaukagu herrialde bat jendearengandik eraikitzen dela».

David Caldeirak gogoratu du ideia bi pertsonarengandik atera zela, eta Arenys de Marreko CUPekoekin partekatu zutela. Herri horretako CUPeko zinegotzia zen orduan, eta hala da orain ere. «Lehen kontsulta zenez, barne egitura bat behar zuen, segurtasuna, besteak beste. Elkarte baten izenean egin genuen, ez zuen udalak antolatu, baina, egiten hasi ginenean, ez genuen pentsatu hartu zuen dimentsioa izango zuenik. Urriaren 1ean bezala, argi genekien zer nahi genuen, baina, egunek aurrera egin ahala, konturatu ginen oso ongi antolatu behar genuela».

Joan Saura Iniciativa per Catalunyako burua Barne kontseilari zen orduan, Jose Montilla sozialistaren hirukoaren gobernuan, eta unionista eskuindarren manifestazio bat baimendu zuen, «hemen, plaza honetan, egun berean eta ordu berean. Ni, adibidez, sarrerak kontrolatzen ari nintzen, eta minutu gutxira ikusi nuen Lleidatik, Gironatik, Tarragonatik jendetza zetorrela, gu babestera, eta eurek ere bozkatu nahi zutela esatera. Mugarri garrantzitsua izan zen». 2009ko abenduaren 12an egin zuten Arenys de Marrekoa, beste 166 herritan ere bai. 2011 arte, beste hiru egunetan egin zituzten han eta hemen galdeketak, eta Bartzelonakoarekin amaitu apirilaren 10ean. Ia milioi bat herritarrek bozkatu zuten 533 galdeketatan.

Erabakia hartu zuteneko gaua ondotxo gogoratzen du Caldeirak: «Taberna honetan geunden, bospasei pertsona, horien artean Carles Mora alkatea; AM2000 Arenys de Munteko alderdikoazen, baina, berez, Iniciativa per Catalunyari lotutakoa, eta alde batera utzi zuten, bakarrik. Baina gu denok han geunden uste genuelako moldeak hautsiko zituela galdeketak, eta hark ere hala pentsatzen zuen, ziur zegoen». Morak salatu zuen udaletxean kamerak jarri zituztela galdeketa egin aurreko egunetan, zer prestatzen ari ziren jakiteko, baina galdeketa «arrakastatsua» izango zela aurreikusi zuen, herritarrak konbentzituta ikusten baitzituen.

Garrantzitsua da, Caldeiraren ustez, galdeketa iritsi aurretik egindako bidea eta garapena: «Jendeak argi zeukan ordurakoerabakitzeko eskubidea norberarena dela, eta, beraz, eskubideak ez direla eskatzen edota ematen».

Egun hura gogoan dute biek ala biek. «Festa handi bat izan zen, askatzen hasi ginelako ospakizun handi bat». Begiak piztu zaizkio Ballestari: «Ordura arte ilusio bat zena errealitate bilakatu zen», eta errealitate hori herrialde osoan zabaldu zen. «David Fernandezek esan zuen bezala, ikusi dugu nola herri batek benetako bilakatzen duen utopia». Caldeirak uste du «Katalunia heldu egin zen eguna» izan zela hura, «eta konturatu zenekoa berari soilik dagokiola bere etorkizuna erabakitzea; proposatzen baduzu, egin egiten duzu, eta kito».

Ordutik, asko ibili dute, beste une batean daude. Ballestak esan bezala, «orain instituzionalagoa bilakatu da». Gobernu bat dute atzean, eta herri mobilizatu bat, «are gehiago errepresioak gaina jo duen azken egunotan; lasai, pozik, baina kalera atera da jendea, oinarrizko eskubideak urratzen ari baitira, eta independentziarekin ados egon edo ez, eskubideak berreskuratzeko asmoz aterako da jendea bozkatzera. Lortzen ari dira mobilizatzen inoiz sekula bozkatzea pentsatuko ez zutenak». Garabia iritsi da, eta herritar multzo bat dago kartelak iritsi zain, erratza eta kuboa eskuan. Batzuek etxean inprimatutako paperak dituzte, eta itxoin gabe, abiatu dira kalean behera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.