Otaolak deklaratu du armak garbitu izanaren ardura Ugartekorena dela

Ertzain etxeko nagusiordea zenak esan du ez zuela pentsatu erabilitako eskopetak garbitzeak «garrantzirik» izango zuenik ikerketarako

Iñigo Cabacasen gurasoak eta abokatuak, epaiketa hasi zen egunean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Iñigo Cabacasen hilketaren inguruko epaiketa azken txanpan sartzen ari da. Lekukoen deklarazioak amaitu dira, eta datorren asteartean hasiko dira adituen agerraldiak. Lekukoen deklarazioen azken saioan, Raul Otaola ertzainburuarena izan da mamitsuena, berriro ere agerian utzi duelako armategiaren artan Ertzaintzak gau hartan izan zuen jokabidea. Hasieran, erabilitako eskopetak garbitzeko erabakia zuritzen saiatu da Otaola, baina, gero, akusazioak galdeketa egin dionean, esan du ardura hori gau hartako operazio arduradunarena zela, hau da, Ugarteko ezizenaz ezagutzen duten ertzainburuarena.

Garai hartan, Bilboko ertzain etxeko nagusiordea zen Otaola; hots, aginte mailan bigarrena Jorge Aldekoaren ostean —geroago, Ertzaintzaren Bizkaiko nagusiorde izendatu zuten—. Esan duenez, egun hartan kalean jardun zen beharrean, batez ere San Mames inguruetan, eta jakin zuen Maria Diaz de Haroko kalezuloan zerbait gertatzen ari zela walkie-talkiean entzun zuelako Ugartekoren deia furgoneta guztiak hara joan zitezen. Oinez abiatu zen kalezuloraino. Iritsi zenerako, akusatuta dagoen ofiziala eta haren agindupeko furgonetak han zeuden. Ofizialarekin hitz egin zuen, eta hark esan zion, antza zenez, zauritu bat zegoela.

Ofizialaren abokatuak galdetu dio zergatik, ertzain etxeko nagusietako bat izanik, ez zuen eman erabilitako eskopetak ez garbitzeko agindua. Erabakia zuritzen saiatu da Otaola: esan duenez, eskopetak garbitu zituztenean ez zekiten Cabacasen zauriak hain larriak zirela. «Ertzainek esan zezaketen beste leku batean tiro egin zutela, edo lehenago, edo geroago; beraz, ez nuen pentsatu ikerketarako garrantzitsua zenik eskopetak garbitzea edo ez garbitzea», esan du.

Baina, geroago, akusazio partikularreko abokatuak ere galdekatu du, eta gogorarazi dio eskopetena ez zela izan armategian gertatutako irregulartasun bakarra; gomazko piloten kontrolik ere ez zegoen, eta ezinezkoa zen jakitea nork eta zenbat pilota bota zituen. «Gure baliabideak mugatuak dira», esan du Otaolak; «hamaika istilutan esku hartu dugu; zerbait gertatzen den bakoitzean eskopetak ikerketarako errekisatuko balira, eskopetarik gabe geldituko ginateke».

Baina, geroago, abokatuen galderek estutu dutenean, esan du armekin zer egin erabakitzearen ardura ez zela berea, Ugartekorena baizik.

Kaleko jantzitako ertzainak

Otaolari galdetu diote zergatik ez zituzten kaleko jantzitako ertzainak bidali kalezulora zer gertatzen ari zen ikustera, armak eskuan zituzten ertzain uniformedunak bidali beharrean. Otaolak azaldu du operazioa prestatu zutenean erabaki zutela kaleko jantzitako ertzainik ez erabiltzea, aurreko futbol partidetan taldeetako zaleen arteko liskarretan nahasi zituztelako, haiek ere zaleak zirelakoan. Hala ere, geroago aitortu du gau hartan kaleko jantzitako ertzainak egon zirela lanean alderdi hartan. Haietako batek lekuko gisa deklaratu du, eta esan du ez zietela hara joateko agindurik eman.

Gau hartan irrati bidezko komunikazioen ardura izan zuten ertzainek ere deklaratu dute. Haietako batzuek bat egin dute ertzain gehienek orain arte deklaratu dutenarekin, eta esan dute tokian zegoen ofizialari zegokiola nola jokatu erabakitzea.

Epaiketa datorren astean amaituko da. Asteartean eta asteazkenean adituen txanda izango da, eta ostiralean alde bakoitzak bere ondorioak aurkeztuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.