Majarenas eta haren alaba sistema judizialaren biktima direla salatu dute

Elkarretaratzea egin dute erasotzailea aske dela salatzeko. Majarenasen egoera gaitzesteko adierazpena sinatu dute Eusko Legebiltzarrean

Sara Majarenasen eta haren alabaren erasotzailea aske dela salatzeko elkarretaratzea, atzo, Donostian. J.C RUIZ / FOKU.
Maider Galardi F. Agirre.
Donostia
2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Sara Majarenas euskal preso ohiaren eta haren alabaren egoera salatzeko eta haiei babesa adierazteko, elkarretaratzera deitu zuen atzo, Donostiako auzitegiaren aurrean, Sara Izarrekin plataformak, Hau ez da justizia lelopean. Joan den ostiraletik libre da Majarenasen eta haren alabaren erasotzailea, eta zaintzapean dituzte euskal preso ohia eta haurra. Herenegun, berriz ere espetxera sar zezatela eskatu zuten Majarenasen abokatuek, baina epaileak ez ezik, fiskalak ere berretsi du behin-behineko espetxealdia «salbuespenezkoa» dela, eta aske segitzen du erasotzaileak. Epaitegietan hartutako erabakia salatu du plataformak: «Espainiako sistema judizialak arrisku bizian jarri ditu Majarenas eta haren alaba».

Indarkeria matxistarena ez ezik, Espainiako sistema judizialaren biktima ere badirela salatu du Amaia Zurutuza plataformako bozeramaileak: «Ez zuten nahikoa izan larri zauritutako haurraren amari azken zigor eguna betearaztearekin, orain, berriz ere min egingo dietenaren izu bizitzera kondenatu nahi dituzte».

Izan ere, 2017ko urtarrilaren 17an eraso zion haurraren aitak Majarenasen alabari, eta hil zuelakoan bere burua aurkeztu zuen poliziaren aurrean. Haurra ez zen hil, ordea, baina euskal preso ohiak zigorra osorik bete behar izan zuen, eta joan den apirilaren 9an gelditu zen aske.

Horregatik, salatu dute euskal presoei ezarritako urruntze politikak eragina izan duela kasuan: «Erasoa Sara etxetik urrun zela izan zen. Orain beren bizimodua berreskuratu behar dute, Euskal Herrian, etxean». Donostiako mugimendu feministak ere salatu du urruntze politikaren eragina: «Euskal preso ohia izanda, badago mendeku politika bat atzean». Bestalde, indarkeria bikoitza jasaten dutela ohar egin dute; batetik erasoa berarena, eta, bestetik, sistema judizialarena. Horren adibide, segurtasun neurriak Majarenasi jarri dizkiotela salatu dute; ez, ordea, erasotzaileari: «Poliziaren jarraipenak emakumeei jartzen zaizkie, ez erasotzaileei».

Bat egin du Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek ere. Batetik, nabarmendu du indarkeria matxista jasaten duten andreak epaitegietan ere «erasoak izaten» direla, eta, bestetik, azpimarratu du Majarenas euskal preso ohia izateak baduela eragina auzian. «Ezagutzen dugu Espainiako sistema judiziala», ohartarazi du. Horregatik, «burujabetzaren» aldeko aldarria egin du: «Gure sistema judiziala eduki behar dugu».

Legebiltzarraren babesa

Beste alderdi politikoek ere babesa adierazi diote Majarenasi eta haren sendiari. Eusko Legebiltzarrean adierazpen bat onartu dute PPk ez beste alderdi guztiek. Gainera, eskatu dute prozedura judizialean «beharrezko neurriak» hartzeko Majarenasen eta haurraren segurtasuna bermatzeko.

Mugimendu feministak erakundeei eskatu die hitzetik harago ere ekintzak egiteko, eta plataformak euskal instituzioei dei egin die auziari gertutik erreparatzeko. Donostiako Udalarekin ere egingo dute bilera bat, erakundeak epaiketan izan dezakeen rolaz hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.