martxelo otamendi
Kataluniako erreferenduma. ANALISIA

Aurreispilua

2017ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Bukatu zaizkigu esapideak atzo Bartzelonan Diadako antolatzaileek markatu zituzten kaleak bete zituzten independentziazaleen jokabidea kalifikatzeko. Zer gehiago esan dezakegu, orain arte esan ez duguna? Europako zer hiritan, zer kausaren alde, mugitu da horrenbeste jende, horrenbeste urtetan segidan.

Lehenagotik esana daukagu, Europaren historian ez da egon, eta ez dago, Kataluniako independentziazaletasunak bezainbat jende mugitzen duen erreibindikaziorik. Kanpoko auziekiko oso solidarioa izatea leporatu izan dio historikoki independentziazaletasunakKataluniako gizarteari, eta arretarik ez jartzea etxeko lanetan. Irakeko gerraren aurkako Europa osoko manifestaziorik handiena Bartzelonan izan zen, 2003an. Baina garai hartan ez ziren asko indepedentziazaleak Katalunian, are gutxiago Bartzelonan.

Atzokoa, eta aurreko Diadetakoa, beste partitura bateko sintonia da. Espainiako Gobernuak esku artean darabilen beldurraren estrategiaren emaitza atzoko manifestazioan ikusarazteko asmoa baldin bazuen, alegia, jende dezente gutxiago joatea beldurraren eraginez, hobe du aholkularia aldatzea eta mundu honetako bat kontratatzea.

Begi bistakoa da errazagoa dela, konpromiso txikiagoa eskatzen duelako, manifestazio batera joatea udalaren zerbitzuak U-1eko erreferendumerako eskaintzea baino. Eta, hala ere, 946 alkateetatik, ia 700 alkatek baiezkoarekin erantzun diote Puigdemont presidentearen eskaerari, alegia, esan diote utzi egingo dituztela udal zerbitzuak. Herri txikiak direla argudiatuko dute portzentaje horri garrantzia kendu nahi diotenek, baina nola utziko du Bruselako diplomazia komunitarioak 700 alkate inhabilitatzen? Hori gertatutakoan, gertatzeko arrisku handia dago, orduan ere barne auzi bat den aitzakia bilatuko dute EBko kudeatzaileek... eta lehendakaria eta gobernukideak, eta parlamentuko mahaiko bost kide, gobernuko erdi mailako konfiantzako karguak... Noiz eta, are garrantzitsuagoa dena, nork hartuko du arazo larri horri irtenbide demokratikoa topatzeko ardura?

Intsumisoek gainezka egin zioten Espainiako Gobernuari 2000. urte bitartean, eta ordura arte derrigorrezkoa zen soldaduska kentzera behartuta ikusi zuen bere burua Aznar presidenteak. Gobernuak ezin zituen milaka gazte kartzelan sartu. Oso garrantzitsua izango zen soldaduska gazteak Espainiako patriotismoaren esentzietara hurbiltzeko, baina gazteen indarra nagusitu zen; urte batzuk lehenago ezinezkoa zirudiena.

Gertakizun haren gero eta antz handiagoa hartzen ari da Kataluniako independentziaren aldeko prozesua. Ordukoan gazteek hartu zuten jarrera bera hartzen ari dira alkateak eta langile publiko asko. Eta, bera kargurako behatzarekin izendatu zuen hura baino bizkorrago ez badabil, Rajoyren hilobia izan litezke Kataluniako 700 alkate horiek.

Urriaren 1eko erreferendumean gerta litekeenaren neurgailutzat jo dute askok aste honetan atzoko Diada; aurreispilu moduko bat, benetako ispilua iritsi bitartean. Beste behin esan zieten atzo milaka eta milaka lagunek Espainiako Gobernuari eta justiziari irtenbide bakarra daukala auzi horrek. Quebec eta Eskozia, atzera begiratu nahi badu, eta Kaledonia Berria —Frantziako kolonia Ozeaniako Melanesian— hilabete batzuk barru.

Sendotasun handia erakutsi dute herritar independentziazaleek, atzo aurpegi horiei zerien poza ikusi besterik ez zegoen horretaz jabetzeko. Ez dago eskubiderik aurpegi horiek beldurraren eta indarraren bidez tristatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.