EH Bilduk «ongizate itunari buruzko» proposamen bat aurkeztuko du irailean

Pello Otxandianok iragarri du proposamenen artean egongo dela energiaren sektorearen «ezohiko irabaziei» zerga bat jartzea

Pello Otxandiano, atzoko agerraldian. BERRIA.
jon olano
2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko «oinarrizko proposamen bat» aurkeztuko du EH Bilduk irail amaieran, «neurrien dekalogo bat», zeinarekin indar subiranista Euskal Herriko «eragile interesdun nagusiei» mintzatuko zaien. Proposamen horretan, enpresa energetikoen «ezohiko irabazien» gaineko zerga bat egongo da, Pello Otxandiano EH Bilduko Programa arduradunak jakinarazi duenez: «Guk argi daukagu proposamen horrek planteatzen duen bidea urrats sendoz egin behar dela, lehen urratsa dela sektore energetikoaren esku hartze publikoan». Era berean, gogorarazi du Hego Euskal Herriak «nolabaiteko autonomia fiskala» daukala, eta ez duela zertan «Espainiatik datorrenaren zain egon bide hori pentsatzen eta prestatzen hasteko».

Irailean aurkeztuko duten planteamenduaren testuingurua azaldu du Otxandianok Donostian eginiko agerraldi batean. «Pandemia piztu zenetik eta aparteko testuinguru ekonomikoan sartu ginenetik, EH Bildu ahalik eta erantzukizun handienarekin jokatzen saiatu da». Testuinguru horretan, nabarmendu du indar subiranistak «krisiaren aurkako neurriak proposatu eta babestu» dituela «erakunde nagusi guztietan»: «Sektore sozial eta ekonomiko zaurgarrienak babesteko premiazko neurriak hartu behar zirela ulertu dugu hasieratik, eta koherentziaz jarduten saiatu gara». Otxandianoren hitzetan, nabarmendu dute neurri «aringarriak» behar zirela: «Baina, era berean, hasieratik esan dugu ez zela nahikoa neurri aringarri horiekin».

«Azterketa bat jarri genuen mahai gainean, eta uste dugu, azken asteetako gertakarien argitan eta udazkenerako dauden proiekzio ekonomikoak ikusita, azterketa hori zuzena zela». Azterketa horren ondorioetako bat zera da, Otxandianoren iritziz: «Ez gaude krisi koiuntural batean: aro historiko honi ezin zaio aurre egin aldi baterako egoera bat balitz bezala. Konbultsio ekonomiko handiko garai batean sartu gara, eta ezin diogu garai honi aurre egin errezeta ekonomiko konbentzionalekin».

EH Bilduren ustez, «neurri estrukturalak» hartu behar dira, «aringarriak hartzearekin batera; etorkizuna prestatu behar da». Horretarako, beharrezkotzat jo du «herri erresilientzia handitzen duten eraldaketa prozesuak» martxan jartzea. Eta eraldaketa prozesu horren gutxieneko baldintza gisa jarri du aberastasuna «sakon» banatzea: «2008ko krisiaz geroztik, mugimendu bat gertatzen ari da lan errentetatik kapital errentetara. Aberastasuna metatzeko prozesu bat gertatzen ari da, eta prozesu hori eten egin behar da; leheneratu egin behar da, euskal gizarte osoari ongizate oinarriak bermatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.