Iruñeak «aitzindari» izan nahi du, sexu erasoei aurre egiteko estrategia berrituta

Sanferminetako laguntza zerbitzuak sendotuko dituzte, arreta osoagoa eskaintze aldera. Jaietan parte hartzeko deia egin diete emakumeei
Ezkerretik eskuinera, Itziar Gomez, Edurne Egino, Laura Berro eta Ana Gil.
Ezkerretik eskuinera, Itziar Gomez, Edurne Egino, Laura Berro eta Ana Gil. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko ekainak 26
Iazko sanferminen aurretik, Iruñeko Udalak eta mugimendu feministak elkarlanean diseinatutako sentsibilizazio kanpaina erreferente bihurtu zen sexu erasoen kontrako borroka instituzionalaren esparruan. Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske izeneko egitasmo hark oihartzun zabala izan zuen Euskal Herriko nahiz atzerriko hedabideetan, eta ikusmin handia piztu zuen iruindarren artean ere. Aurten, kanpaina «aitzindari» horri segida emanen dio udalak, eta mezua berritzeaz gain, estrategia osoa sendotuko du, «prebentzioa, arreta eta babesa» lehentasun gisa hartuta.

Berdintasun eta LGTBIko zinegotzi ordezkari Laura Berrok, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkari Itziar Gomezek, Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkari Edurne Eginok eta Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko alorreko zuzendari Ana Gilek aurkeztu zuten kanpaina, atzo. Azaldu dutenez, mugimendu feministaren eta Iruñeko Udalaren arteko elkarlanaren emaitza da egitasmoa.

Kanpainaren antolatzaileek iazko irudiari eutsi diote —esku gorri bat—, eta euskarri guztietan izanen da ikusgai: afixetan, eskuorrietan, itsasgarrietan eta datozen asteetan banatuko dituzten 26.000 pin gorrietan. Telebistan, sare sozialetan eta zinema aretoetan emanen duten iragarkian, berriz, emakumeek sanferminetan duten presentzia ikusarazi nahi du Iruñeko Udalak. Izan ere, deia luzatu diete emakume guztiei «festaren gune guztietan eta askatasun osoz parte har dezaten».

Gazteluko plazan jarriko dute kanpainari buruzko informazioa emateko gune nagusia. Zabalik izanen da uztailaren 5ean 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta sanferminetan, 12:30etik 15:00etara eta 18:30etik gauerdira arte. Kanpainari lotutako informazioaz gainera, emakumeek eskura dituzten baliabideen berri ere emanen dute gune horretan. Gizarte laguntzako zerbitzuen babesa eskatzeko tokia ere izanen da.

Laguntza hori udaleko teknikari talde batek emanen du, sanferminetako egun guztietan eta 24 orduz. Langile horiek Biktimei Laguntzeko Bulegoan egonen dira goizez (Iratxeko monasterioa kalea, 22), eta gainontzean, haien laguntza eskatu ahalko da Gazteluko plazan, Udaltzaingoan eta 112 telefonoaren bitartez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna