Euskal Herriak ezetz esan zuenekoa

NATOko kide izateari ezetz esan zioten Hego Euskal Herriko herritarrek orain dela 30 urte. Kanpaina sutsu bezain alaian bat egin zuten askotariko gizarte eragileek, «eredu inperialista» arbuiatzeko. Egun, mugimendua «apalduta» ikusten duten arren, gerraren kontrako kontzientziak bizirik dirauela uste dute ekintzaileek.
Espainiako armadaren gerra hegazkinak,Bardeako tiro eremuan.
Espainiako armadaren gerra hegazkinak,Bardeako tiro eremuan. EFE

Ion Orzaiz -

2016ko martxoak 12
Ametsak gutxi iraun zuen. 1986ko apirilean, NATOri buruzko erreferendumetik hilabete eskasera, Oxfordeko unibertsitateko mintegi batean elkartu ziren Txema Montero abokatu eta HBko kidea, Andoni Monforte EAJko diputatua, eta Lord Carrington, garai hartan NATOko idazkari nagusia zena. Raymond Carr historialariak antolatu zuen mintegia, eta hark egin zituen aurkezpenak: «Hau Txema Montero da, Herri Batasunakoa...», esan zion NATOko buruari. «Erreferendumean euskal herritarrek ezetz esatea lortu duen alderdi horretakoa?», galdetu zuen Carringtonek berehala, han zirenen harridurarako. Montero, baina, ez zen isilik gelditu: «Ez da nire alderdia soilik izan, euskal herritarrak baizik; ez baitute ahaztu aliatuak ez zirela euren tankeekin sartu gu faxistengandik askatzeko». NATOko buruzagiak lehor erantzun zion: «Tira, tira! Zuen eta Fragaren artean... ederki gaude!».

Monterok berak eman zuen pasadizo horren berri 2011n, Deia egunkariak argitaratutako artikulu batean. Abokatuaren irudiko, erreferendum hartan erdietsitako garaipen handiaren froga izan zen Carringtonekin izandako solasaldi txikia, kanpaina hari esker ikusgarritasun itzela lortu baitzuen Euskal Herriak. Itxaropen eta ilusio horiek guztiek, ordea, errealitate gordina izan zuten aurrez aurre berehala: Espainiako Estatuak NATOko kide izaten jarraitu zuen, Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Kanarietako emaitzei bizkarra emanda. Ordutik, hamaika gerra eta operazio militarretan sartu da aliantza atlantikoa: Pertsiar Golkoa, Jugoslavia, Afganistan, Ukraina, Libia... Eta aldi berean, goia jo du gastu militarraren orratzak. Gutxi iraun zuen, bai, ametsak. Eta, hala eta guztiz ere, ezin ezaba daitekeen arrastoa utzi zuen Euskal Herriko mugimendu sozialen baitan.

Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan irabazi zuen ezezkoak 1986ko martxoaren 12an eginiko kontsultan: Araban, %59,5ek eman zuten NATOn segitzearen kontrako botoa; Bizkaian, %64,6 izan ziren; Gipuzkoan, %68,3; eta Nafarroan, %52,7. Oro har, hamar boto paperetik sei baino gehiago izan ziren NATOren aurkakoak. «Arrakasta erabatekoa», mugimendu antimilitaristako kideen esanetan. «Gizartea aktibatzea lortu genuen, eta, horregatik soilik, kanpaina oso arrakastatsua izan zela esanen nuke. Jakina, emaitza ere ikusgarria izan zen, Hego Euskal Herriko herrialde guztietan eta Katalunian ezetza atera baitzen garaile», azaldu du Fito Jimenez ekintzaile ekologista nafarrak.

Garaipenak berebiziko garrantzia izan zuen ezkerreko indar politikoentzat nahiz independentistentzat, gaitzespen hirukoitza irudikatu zuelako: militarismoari, Espainiari eta, oro har, botereari. Izan ere, NATOren aldeko botoa eskatu zuten PSOEk eta UCDk Espainian. Euskal Herrian, boto askatasuna ezarri zuen EAJk, baina bai bozkatuko zutela esan zuten Jose Antonio Ardanza lehendakariak eta Xabier Arzalluz Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. 1985era arte lehendakari izandako Carlos Garaikoetxeak, berriz, ezezkoaren alde egin zuen; handik sei hilabetera, EAJtik banandu eta Eusko Alkartasuna sortu zuen.

PSOE: hasteko ez, gero bai

Alderdi politikoen artean, baina, PSOEren jarrera izan zen eztabaida sutsuenak piztu zituena. Izan ere, 1982an NATOren kontrako kanpaina egin ostean, erakunde militarrean sartzea onartu zuen Felipe Gonzalezek, behin gobernura iritsita. 1986ko erreferendumean baiezko botoa eskatu zuen.

Lorea Ureta Kakitzat elkarteko kidearen ustez, PSOEk «betidanik» izan duen jarrera islatzen du horrek: «Bi aurpegi ditu PSOEk, gauza bat esan eta kontrakoa egiten baitu kontu askotan. Diskurtso politen bidez, jendeak entzun nahi duena esan ohi du, baina unea iristean, boterearen alde lerratzen da».

Sabino Ormazabal ekintzaile antimilitaristaren ustez, «oso hedatua zegoen NATOren kontrako korronte ideologikoa», eta horren parte zen PSOE hasiera batean. «Oso interesgarria da 1982ko PSOEren kanpainari eta leloei erreparatzea. Autodeterminazioa, erabakitzeko eskubidea... Hori guztia aldarrikatzen zuten Exige que te escuchen, exige un referendum leloarekin [Eska ezazu entzun zaitzaten, eska ezazu erreferenduma]. Behin gobernura iritsita, ordea, kontrako norabidea hartu zuten, eta 1986rako jada, Vota sí en interes de España [Baiezko botoa eman Espainiaren mesedetan] zioten afixetan».

Eztabaida politikotik aldenduta, erreferendumaren kanpaina «garrantzi handikoa» izan zen eragile sozialentzat ere. «Euskal Herriak NATOri ezetz esan izanak sekulako bultzada eman zien antimilitarismoari, ekologismoari eta beste zenbait mugimenduri», gogoratu du Uretak. «Intsumisioaren inguruan, adibidez, egitura indartsua eraiki zen, eta, horri esker, soldadutzarekin bukatzea lortu genuen».

Euskal Herriko antimilitarismoaren sustraiak, baina, hori baino luzeagoak eta sakonagoak dira, gizarteko sektore gehienetara iritsi baitzen gerren aurkako aldarria. «Sormen handia zegoen garai hartan, eta esparru guztietatik heldu zitzaion antimilitarismoari: feminismoa, ekologismoa, langileen mugimendua, kultura... Bakoitzak bere eremutik egin zion kontra NATOri», laburbildu du Ormazabalek.

Ekintzaile donostiarra bezala, ekologismoaren esparrutik zetorren Jimenez ere. Biak izan ziren energia nuklearraren kontrako mugimenduaren hastapenetan. «Lemoizko zentralaren kontrako protesten ingurumarian zaildutakoak ginen», gogora ekarri du nafarrak. «Ekologismo hutsaz harago, printzipio antimilitarista sakonak genituen, garai hartako testuinguru historikoa kontuan izanda. Gure borroka energia nuklearraren kontrakoa zen, baina baita gerra nuklearraren mehatxuaren kontrakoa ere. Nafarroan, tiro eremuaren gatazkan hezurmamitu zen dualtasun hori, Bardeetako natur gunea babesteko borrokatzen genuelako, eta aldi berean, gerraren eta militarismoaren kontra ere bai». Gladys del Estal ekintzaile historikoaren hilketak, 1979an, indartu egin zuen ekologismoaren eta antimilitarismoaren arteko lotura estua.

Asaldura eta eferbeszentzia handiko garaia izan zen hura Euskal Herrian, eta horrek ere eragin handia izan zuela uste du Jimenezek: «Ekologistez eta antimilitaristez gainera, mugimendu feminista orduantxe hasi zen antolatzen, bizilagunen elkarteek ere indar handia egin zuten, sindikatuak, kultur arloko elkarteak... Festa giroa ezarri genien mobilizazioei. Ronald Reagan eta Felipe Gonzalezen arteko ezkontza antzeztu genuen Iruñeko Gazteluko plazan, eta mozorrotuta joan ginen denak: toreroak, aristokratak, gotzainak, mojak, militarrak... Tijuana in Blue, Jarauta 69, antzerki talde alternatiboak eta eszena kultural hori guztia ere orduantxe zegoen pil-pilean, antimilitarismoaren arrimura».

Ametsetik errealitatera

Gaur egun, garaipen historiko haren oihartzuna besterik ez da gelditzen Euskal Herriko iruditeria kolektiboan, eta mugimendu antimilitarista bera «apalduta» ikusten du Ormazabalek. «Hogeitik gora gerra daude munduan, 61 milioi desplazatu eta errefuxiatu... Eta apenas dagoen kontrako mugimendurik!». Hala ere, NATOri dagokionez, denborak arrazoia eman diela azpimarratzen dute ekintzaileek. «Bardeako tiro eremua ez dute itxi, urpekari nuklearrez josita dago Mediterraneo itsasoa, AEBek hegazkin baseak dituzte hemendik oso gertu... Inguratuta gaude, gerra estrategiaren erdigunean kokatu gaituztelako», azaldu du donostiarrak.

Uretaren aburuz, estatuek beti izanen dute aitzakiaren bat «gerraren negozioari» ekiteko: «NATOren erreferendumaren garaian Gerra Hotza zen, eta orain, berriz, jihadismoa. Finean, NATO erakunde belizista bat besterik ez da, nazio batzuk aberastea eta militarizatzea beste helbururik ez duena». Horregatik, beti bezain beharrezko ikusten du mugimendu antimilitarista sendo bat egituratzea eta kalean protesta egitea: «Historiak ezer erakutsi badigu, hori da borroka egin barik nekez lortuko ditugula geure helburuak. Sinetsita nago gerraren kontrako borroka irabaziko dugula, baina, horretarako, kalera atera beharko dugu».

Jimenezen ustez, garaiak aldatu dira, baita jendearen ohiturak eta kezkak ere; baina dozenaka arrazoi ikusten ditu borrokari eusteko: «Gastu militarrak gora egin du neurririk gabe: armagintza, salmenta, gerraren negozioa, ikerketa militarra... Hori guztia gutxi balitz, hamaika gerratan sartu gaitu Espainiako Estatuak, eta NATOren itunean bertan aipatzen ziren baldintza oinarrizkoenak ere ez ditu bete Espainiak». Horregatik aterako da kalera gaur, justu duela 30 urte Euskal Herriak ezetz esan zuela gogoratzeko. «Ez dugu amore eman, ezta hurrik ere».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna