«Terrorismoa» oroitzeko «memoria kritikoa» eskatu du Urkulluk

AVTk Gogora Instituzioan jarritako 'Beldurrik gabe bizi/Memoriarekin bizi' erakusketaren inaugurazioan izan da Jaurlaritzako lehendakaria

Iñigo Urkullu Beldurrik gabe bizi/Memoriarekn bizi erakusketaren inaugurazioan, atzo. MARISOL RAMIREZ/FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
«Terrorismoa» inoiz gehiago «ez errepikatzeko» memoria «kritikoa, ausarta eta kontzientea» babestu zituen atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak Bilboko Gogora Institutuan jarritako Beldurrik gabe bizi/Memoriarekin bizi erakusketaren inaugurazioan izan zen; Espainian eta Euskal Herrian izandako «terrorismoaren historia» biltzen du, eta abenduaren 19 arte egongo da ikusgai. Horrela, erakusketak «kontzientziazio soziala, biolentziaren prebentzioa eta erradikalizazio eza» sustatzen dituela azpimarratu zuen Urkulluk.

AVTk eta biktimen aldeko beste elkarte batzuek «terrorismoaren» biktimen errealitatea agenda politiko, sozial eta instituzionaletan jarri izana nabarmendu zuen: «Ez zuen behar adinako arretarik jaso, eta ez zen aintzat hartu eta aitortu 90eko hamarkada arte». Hala, erakusketakAVTren sorrera gogorarazten duela azaldu zuen, eta elkarte horrekin ñabardura guztietan «ados egon ez» diren arren, erakusketa horren helburuak Eusko Jaurlaritzaren nahiz Gogora Institutuaren lan ildoekin «bat datozela» adierazi: «Askatasunaren sinonimoa da memoria».

Egun, «erradikalizazio biolentoaren prebentzioa» lehentasunezko lan eremua dela esan zuen Urkulluk, eta AVTrekin egindako elkarlana «baliotsua» izango dela baieztatu.

Erakusketaren asmoetako bat Euskadik 50 urte baino gehiagoan jasan duen «indarkeriaren» historia «gizartera hurbiltzea» dela aipatu zuen lehendakariak, eta ahalegin horrekin «bat egiten» dutela. «Hemen iraganean pairatu den errealitate bat da terrorismoa, baina oraindik pairatzen jarraitzen da nazioarte mailan». Bestalde, erakusketak biktimak «erdigunean jarri» nahi dituela esan zuen. Urkulluren arabera, biktimen testigantzak balio kalkulaezina du iraganaren «memoria kritikorako, hezkuntzarako eta hura berriz ez errepikatzeko». Horrez gain, biktimen testigantzak «iraganari ez ezik, etorkizunari eta bizikidetzari» ere begiratzen diela gaineratu zuen.

Omenaldiak

Erakusketaren inaugurazioan Maite Aralucek, AVT elkarteko lehendakariak, ere hartu zuen hitza, eta eskaera bat egin zien instituzioei: ahal den guztia egitea ETAko kideei «omenaldirik ez egiteko» Euskal Herriko kaleetan. «ETAk jendea hiltzeari utziko zion, baina kalean isekak jarraitzen dute. Memoria historikoa horren presente dagoen une honetan, guztion erantzukizuna da, eta bereziki instituzioena, hildakoak aitortzea eta hiltzaileei omenaldirik ez egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.