Animaliei tratu txarra ematea gogorrago zigortzea onetsi du Espainiako Kongresuak
Animaliak babesteko legea senatura igaro da. Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak berriki ondu dituzte arlo horretako arauak

Espainiako Kongresuak animaliak babesteko lege proiektua onartu du, besteak beste PSOE, Unidas Podemos eta EH Bilduren babesarekin. Horrekin batera eta animaliei ematen zaizkien tratu txarrak gogorrago zigortzeko, Zigor Kodea erreformatzearen alde egin du kongresuak. Senatuan jarraituko du tramitazioak.
Ehiza txakurren babesa izan da gatazketako bat. PSOEk, PPk eta Voxek adostutako zuzenketa batek legearen babesetik kanpo uzten ditu ehiza txakurrak. Ione Belarra Espainiako Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren ministroak azaldu du ahal izan duten bezain urrun iritsi direla eta animalia guztiak babestearen alde lan egiten jarraituko dutela. Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko diputatuak, berriz, esan du beharrezkoa dela «animaliak babestea eta tratu duina bermatzea».
Kongresuaren onarpenak, ordea, zalantza sortu du; nola eragingo duen Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak arlo horretan onartutako legeetan, eta, beraz, zeinek duen eskumena. Kongresuan, Joseba Agirretxea EAJko diputatuak kritikatu du Espainiako legeak euskal instituzioek emandako arauak urratuko dituela. Jaurlaritzak Efe agentziari azaldu dioenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean egongo den legea Eusko Legebiltzarrekoa da, baina Espainiako legearen tramitazioa amaitu arte itxaron beharko da ikusteko legearen zer esparru diren bete beharrekoak. Podemoseko iturriek argudiatu dutenez, Espainiako legeak gutxieneko batzuk ezarriko ditu, baina Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak onartutako arauek babes handiagoa ematen duten ataletan, horiek nagusituko dira.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.