Alemaniako barne kontsumoak egin dio tira euroguneko ekonomiari

Euroguneko BPGa %0,4 handitu da bigarren hiruhilekoan, espero baino gehiago. Frantziako eta Italiako datuak ez dira horren onak izan

Alemaniako barne kontsumoak egin dio tira euroguneko ekonomiari.
Irune Lasa.
2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Datua ona izan arren, ez da etxafuegoak botatzeko modukoa, festa sasoi betean izan arren. Egia da, euroguneko hemeretzi herrialdeetako ekonomia aurretik uste zena baino hamarren bat gehiago hazi da apiriletik ekainera bitartean. Baina Eurostatek argitaratutako barne produktu gordinaren %0,4ko hazkunde datuari so, ekonomistak zuhur agertu dira, oso zuhur. Eta hori ez da gertatu soilik eurogunea iazko %0,7ko hazkunde erritmotik azpira dagoelako izan.

Zuhurtzia horretarako arrazoi nagusia da hazkunde horretan pisu handia duela herrialde bakar batek. Alemaniako ekonomiak Europako eta euroguneko motor izaten jarraitzen du, bigarren hiruhilekoan %0,5eko hazkundera iritsita.

Baina motor horrek beste erregai bat erabili du bigarren hiruhilekoan: barne kontsumoak egin du ekarpenik handiena BPGaren hazkundean; hots, alemaniarren kontsumoak eta gastu publikoak. Analistek espero dute barne kontsumo horrek sendo iraungo duela, langabezia oso txikia delako eta soldatak handitzen hasi direlako, besteak beste.

Ordea, azken hiruhilekoan esportazioen ekarpena murritzagoa izan da Alemaniaren hazkunde horretan, nahiz eta hazi egin diren. Edonola ere, Donald Trumpek eta Jean Claude Junckerrek merkataritza gerran adostutako su-etenak itxaropen izpi bat piztu du, eta Alemaniaren esportazioentzako aukerarik txarrena urrundu, oraingoz.

Joan den urtekoa baino bilakaera kaskarragoa izanda ere, nahiko lukete Europako beste ekonomia handiek maila horietan ibili: Frantzian %0,2koa izan da barne produktu gordinaren hazkundea, eta beste hainbeste hazi da Italiakoa.

Frantziako agintari ekonomikoentzat, trenbide sarean hilabeteetan izan dituzten grebak esplikatuko luke hazkunde erritmo geldoagoa, neurri batean. Italiari dagokionez, haren hazkunde motela ez da berria eurogunean, baina giro politiko berria ez du lagungarri izango, ez behintzat egonkortasunaren ikuspegitik, iragartzen baita Giuseppe Conteren gobernuak talka bat baino gehiago izango duela Europako Batasunarekin.

Oro har, AEBetako %1eko hazkundea baino apalagoa izanda ere, adituek ikusten dute Europako Batasuneko eta euroguneko ekonomiaren hazkundea sendoagoa dela. Urteen arteko BPGa oraindik ere %2,2koa da, bai Europako Batasunean, baita eurogunean ere.

Hego Euskal Herriko hazkundearen datuak horren gainetik dabiltza. Nafarroakoa barne produktu gordina %3,4 handiagoa da iazko ekainekoarekin konparatuz gero, eta oraingoz ez du motelaldirik igarri. Aldiz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiaren hazkundea apaldu egin da bigarren hiruhilekoan, %3,1etik %2,8ra.

Aurrera begira, ekonomista eta adituek arriskuak azpimarratzen dituzte. Merkataritza gerra, brexit-aren inguruko zalantza guztiak, Turkiako liraren bilakaera... Burrunba handia sor dezakete, eta ez dira etxafuego soilak.

Inflazioa

Atzo ezagutu zen Hego Euskal Herriko inflazioaren uztaileko datua. Prezioek %2,3 egin dute gora iazkoekin alderatuta, orain garestiagoak baitira argindarra eta erregaiak. Merkealdien ondorioz, oro har, prezioak %0,5 apaldu dira ekainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.