Saltoki txikien itxiera kopurua «historikoa» izan daitekeela uste du Cecobik

Kontsumitzaileen ohitura berriek eta 'online' merkataritzak «arriskuan» jarri dituzte saltokiak. Berehalako neurriak eskatu dituzte

Bilboko Zazpi Kaleak, artxiboko irudian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irune Lasa.
2018ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Mundu zabalean, handi eta txiki, merkataritza erakundeak euren burua berriz aztertzen ari dira presaka. Internetek eta online salerosketek irauli egin dituzte kontsumitzaileen erosketa ohiturak, eta saltoki fisiko guztiek zuzenean nabaritzen dute hori. Saltoki handietako merkataritza talde tradizionalak, esaterako, oso kezkatuta daude Amazonen gero eta esparru zabalagoak estu hartzen dituelako. Baina saltoki txikiek ere nozitzen dute erosketa ohituren iraultza: adibidez, joan den astean The New York Times egunkariak zioen kaleko lokalen %20 hutsik zeudela Manhattanen (New York, AEB).

Txinatik hasi eta mundu osoraino hedatzen ari da retail apocalypse (saltokien apokalipsia) delakoa, eta Euskal Herrian ere nabaritzen dira haren eraginak. Hori uste du, behintzat, Cecobi Bizkaiko merkataritza enpresarien konfederazioak; patronalak azaldu duenez, herrialdeko merkataritzak udan orokorrean izan dituen datu onak —urteen arteko %0,6ko hazkundea salmentetan— ez dira saltoki ertain eta txikietara iritsi. Alderantziz: ekainera arte, denda horiek iazko epe berean baino %1,8 gutxiago saldu zuten. Eta joera hori ez da berria, Cecobiren arabera; «otsailaz geroztik, beherakada etengabea izan da».

Dendarien patronalaren ustez, «tokiko merkataritza laguntzeko neurririk hartzen ez bada, negozioen itxiera kopurua aurten historikoa izan daiteke», eta horrek «egoera korapilatsu eta etsigarrian» utziko lituzke enpresaburu, autonomo eta langileak.

Arrisku larrian

Patronalaren ustetan, kontsumitzaileen erosketa ohitura berriak eta batez ere sareko salerosketak dira saltoki txikien emaitza eskasen eta irauteko arrisku larriaren sorburu. Cecobik uste du «berehalako neurriak» behar direla «hurbileko merkataritza salbatu nahi bada».

Neurri horien artean egon beharko luke, besteak beste, merkealdi eta sustapenen politika ordenatu batek; saltoki ertain eta txikien kalterako izaten den arrakala digitala ere murriztu egin beharko litzateke, eta baita sektorearen gaineko zerga sistemaa berrikusi ere, azken horrek, patronalaren ustez, «lehiakortasuna kentzen baitie saltoki txikiei eta ertainei».

Cecobik argi dauka: «Ekintza horiek lehentasun izan beharko lirateke gobernu zentralarentzat eta erkidegoetako eta tokiko administrazioentzat».

Aurreko neurri horiez gain, Bizkaiko dendarien patronalak hirietako barneko merkataritza «dinamizatzeko estrategiak» ere eskatu dizkie administrazioei. Cecobiri beharrezko iruditzen zaio, halaber, merkataritzako ETEen profesionalizaziorako estrategia bat, gabeziak dauden alorretarako formakuntza teorikoa eta praktikoa bilduko duena. Adibidez, formazioa hizkuntzetan, turistak tokiko saltokietara erakartze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.