Ekotopaketak antolatu dituzte, «krisi ekologikoa erdigunean» jartzeko

Portugaleten izango dira, irailaren 30ean eta urriaren 1ean eta 2an. Aldaketak eragiteko «tresna berrien beharraz» gogoeta egingo dute

Sestaon egindako agerraldia, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ez da kontu berria: mundua kinka larrian dago, eta, gauzak aldatu ezean, litekeena da laster bizia bideragarri ez izatea planetan. Horregatik, zenbait eragilek Ekotopaketak egingo dituzte irailaren bukaera aldera Portugaleten (Bizkaia), Azken krisia, gure garaia! lelopean, «krisi ekologikoa erdigunean» jarri eta Euskal Herrian aldaketa bultzatzeko moduez hausnartzeko.

Zenbait elkarte ekologista, unibertsitate irakasle, nekazari eta beste eragile batzuk batu dira gogoeta hori sustatzeko, baina, nabarmendu dutenez, Ekotopaketak mundu guztiarentzako irekiak egongo dira. Portugaleteko merkatuan eta Sastraka gaztetxean egingo dituzte, eta, egitarau zehatza aurrerago jakinaraziko badute ere, iragarri dute hitzaldi, mahai inguru eta eztabaidekin batera musika emanaldiak eta bestelako ekitaldiak ere egingo dituztela.

Aurkezpena oso leku berezian egin dute: Sestaon (Bizkaia), Labe Garaien hondarren aurrean. Han, Ane Etxabek, Alaitz Ajuriagerrak eta Juan Gorostidik nabarmendu dute «gertatzen ari denaz» hitz egin beharra dagoela: «Psikologoen kontsultak gaztez beteta daude, antsietateak gora egin du, dena gero eta azkarrago doa, eta, hala ere, inoiz ez da hain denbora gutxi egon bizitzeko. Ez da ingurumena bakarrik: prezioen igoeraz, pandemiez, hornidura faltagatik itxiko dituzten enpresez, uzta txarrez... Horretaz guztiaz hitz egin behar dugu».

Amiltzear dagoen dorrea

Ekotopaketak iragartzen dituen afixan zurezko pieza batzuk agertzen dira, amiltzear dagoen dorre bat osatzen dutenak. Gaur egungo egoeraren metafora egokia izan daitekeela uste dute antolatzaileek: «Jendartea egurrezko piezekin egindako dorre horietako baten modukoa da, altua eta ezegonkorra, oso hauskorra. Labe garaienak ere herdoilak hartu zituen, eta inperio handienak erortzen dira. Aldaketen garaiak datoz, eta ez gaude prest: gure etxea ere erortzeko zorian egon daiteke». Esan dutenez, beldur dira oraingo krisi hau «azken krisia» izango ote den: horregatik aukeratu dute esapide hori jardunaldietako lelo gisa, eta, horrekin batera, «ekiteko garaia» dela.

Ekotopaketen antolatzaileek kezkaz ikusten dute ezen gai horiek guztiak, hil ala bizikoak izanik ere, «marjinalak» direla agenda politiko eta sozialean, eta, horregatik, eztabaida bultzatu nahi dute, sinetsita baitaude «arazo ekosozialek irtenbide ekosozialak» dituztela: «Galdera asko ditugu, zalantzak ezin konta ahala, baina ziur dakigu behintzat hau ez dela krisi ekologikoa geldiarazteko egin dezakegun guztia».

Arazoak globalak izanik ere, «Euskal Herrian aldaketa eragiteko» zer egin behar den izango dute mintzagai Ekotopaketetan, bai eta, xede hori lortze aldera, «tresna berri bat» behar ote den ere. Hortaz, «euskal mugimendu berri baten beharraz» gogoeta egingo dute Portugaleteko jardunaldietan: «Hau baldin bada azken krisia, hau da gure garaia», azaldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.