Boieng eta Embraer batera arituko dira, Airbusen lehiari aurre egiteko xedez

AEBetako eta Brasilgo hegazkingileek 'joint venture' bat osatuko dute. Operazioak oraindik ez du Brasilgo Gobernuaren oniritzirik jaso

Neurri txikiagoko hegazkinen merkatura hedatuko da Boeing. RITCHIE B. TONGO / EFE.
Irune Lasa.
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Elkarri begira daude beti, lehian, nor den zeruetako nagusi. AEBetako Boeing eta Europako Airbus hegazkin handietako munduko konpainia nagusiak dira, baina handitzen jarraitzeko asmoa dute, oraingoan hegazkin txikiagoen merkatura hedatuz. Helburua atzean ez geratzea da,eta, zergatik ez, Txinatik iritsi daitekeen hirugarren bati aireratzea ahalik eta gehien eragoztea ere.

Zeruetako erregetza lortzeko borrokaren beste kapitulu bat duela hilabete batzuk hasi zen idazten. Airbusek Kanadako Bombardierren hegazkin txikiagoen negozioa eskuratuko zuela esan eta ia aldi berean etorri zen albistea beste aldetik: Boeingek Brasilgo Embraerrekin akordioa egiteko aukera aipatu zuen. Uztailaren lehenean sartu zen indarrean Airbus-Bombardier tratua. Bada, egun gutxira iritsi da Boeing eta Bombardierren asmoen berrespena.

Hegazkingile estatubatuarrak eta hegazkin txikiagoetan espezializatutako Embraer brasildarrak joint venture bat osatu nahi dute, hegazkingintza komertzialean batera aritzeko. Hirugarren enpresa horren %80 Boeingena izango da —3.445 milioi euro jarrita—, eta brasildarrena gainerako %20. Operazioaren arduradunen arabera, beraz, konpainia berriak 4.055 milioi euro balio du.

Hamabi-hemezortzi hilabete beharko dituzte operazioa erabat ixteko, eta, hori lortuta, hiru urtera jada operazioaren onurak jasotzen hastea espero du Boeingek, sinergiatan soilik kostuak urtero 128 milioi euro murriztuta. Aliantza gauzatzen bada, AEBetako konpainiak nabarmen handituko du bere hegazkin eskaintza, gai izango baita 70 eserlekuko hegazkinetatik hasi eta 450 eserlekutako hegazkin erraldoietarainoko gama oso bat eskaintzeko. Eta berdin gertatuko da karga hegazkinen eskaintzarekin ere. Merkatuaren aldaketak izango du eraginik euskal enpresetan ere. Adibidez, Embraer Aernnovaren bezeroetan bigarrena da.

Operazioa ixteko urte eta erdiko bide horretan, konpainietako akziodunen, sektoreko arautzaileen eta Brasilgo Gobernuaren oniritzia ere beharko dute. Hain zuzen, Michel Temerren gobernuak oraindik ez du iritzi ofizialik eman gaiaz. Herrialdeko sindikatu nagusiak atzo bertan hasi ziren gobernuaren ezezkoa eskatzen. Gainera, urrian bertan hauteskundeak dira herrialdean. Baina egia da ere Temer ez dela aurkeztuko bozetara.

Arlo militarrean ere

Brasilgo Gobernua, zantzu guztien arabera, nahiko konforme dago Boeing-Embraer aliantzaren ideiarekin. Batez ere, hegazkingintza komertzialerako akordioarekin batera, bi konpainien arteko beste joint venture bat ere aurreikusten baita, baina hegazkin militarrei dagokiena.

Embraerren K-390 karga hegazkinaren inguruan eratuko litzateke enpresa berria eta oraindik argitzeko dago Brasilgo estatuak konpainia horretan urrezko akzioa izango lukeen. Hori izan daiteke Brasilek Embraerren negozio militarraren kontrolari eusteko aukera bat, baita konpainiaren programa militarren jabetza intelektuala mantentzeko modu bat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.