Espainiako Gobernuak autonomo faltsuak borrokatuko ditu

Enpresek Gizarte Segurantzan kotizatzeari izkin ez egitea nahi du. 430 euroko laguntza berreskuratuko dute 41.000 langabek

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, atzo, Madrilen. EMILIO NARANJO / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak iragarri du gauzak zailduko dizkiela langileak autonomo faltsu gisa kontratatzen dituzten enpresei. Dekretu baten bidez eragotzi nahi du Lan Ikuskaritzak iruzur egiten aurkitutako enpresek izkin egitea Gizarte Segurantzan kotizatzeari.

Sindikatuek salatu izan dute autonomo faltsuak asko ugaritu direla azkenaldian. ELAk data bat ere jarri izan dio ugaltze horri: 2007. urtea, PSOE Espainiako gobernuan zela, ekonomikoki enpresa baten menpekoa den autonomoak izatea legeztatu zutenetik.

Autonomo faltsu esaten zaie enpresa batentzat lan egin arren Gizarte Segurantzan autonomo gisa —eta ez erregimen orokorrean— kotizatzen dutenei. Lan merkatuaren prekaritatearen aurpegietako bat da autonomo faltsuena. Gizarte Segurantza osoa beraiek ordaindu behar dute, soldatapekoek ez bezala —soldata garbiaren %6 jartzen du langileak, eta %31 enpresak—.

Gobernuak atzo onartutako dekretuaren helburua da langileak ez geratzea babesgabe Lan Ikuskaritzak autonomo faltsu gisa lanean ari direla atzematen duenean. Gaur egungo araudiaren arabera, Lan Ikuskaritzak ikerketa prozedura bat irekitzen du irregulartasun bat ikusten duenean, eta Gizarte Segurantzari eskatzen dio autonomo faltsuak erregimen orokorrean sartzeko, ikerketak iraun bitartean. Kontua da gaur egun enpresa askok —baita langileek ere— bertan behera utz dezaketela izen-emate hori, bide elektroniko batetik, eta horrela ez dutela beren langileen truke ordaintzen. Iruzur hori eragotzi nahian, enpresek Lan Ikuskaritzaren eta Gizarte Segurantzaren txostenak gainditu beharko dituzte langileak Gizarte Segurantzatik atera ahal izateko.

Iruzurra oso zabalduta dagoenez, Espainiako Gobernuak kalkulatu du 40.000 autonomo faltsu aurkitu eta haien egoera legeztatu ahal izango duela. «Figura horren erabilera txarrak enplegu duina kentzen die langileei», salatu du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak».

430 euroko laguntza

Oporretara joan aurretik, Sanchezen gobernuak kutsu sozialeko beste neurri bat hartu du: Enplegua Sustatzeko Planeko 430 euroak jasotzeari utzi ziotenek —aldi baterako lan bat aurkitu zutelako— berriro jasoko dute. Betiere familia beren kargu badute,eta beste diru-sarrerarik ez badute. Sanchezen arabera, emakumeak dira laguntza hori berreskuratu duten hiru langiletik bi.

Lan Ministerioak kalkulatu du luzaroan lanik gabe egon diren 41.000 lagunek berreskuratu ahal izango dutela laguntza. Litekeena da Hego Euskal Herrian gutxi batzuk besterik ez izatea; izan ere, laguntza hori EAEko DSBEarekin eta Nafarroako errenta bermatuarekin bateragarria ez denez, gutxik jasotzen dute: 195ek ekainean (jasotzaileen %0,4).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.