Merkealdiaren kanpainan 10.000 lan kontratu berri inguru egingo dira

Adeccoren ustez, 8.800 kontratazio egingo dira Hego Euskal Herrian; Ransdstadek dio 10.875 izango direla. Iazko markak gaindituko dira

Arropa dendetan saltzaile gehiago kontratatzen dituzte merkealdian, urtero. GUILLEN / EFE.
xabier martin
2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Giza baliabideetako aholkularitza enpresek aurreikuspen positiboak egin dituzte merkealdiak lan kontratazioan izango duen eraginari dagokionez. Adeccok eta Ransdtadek hazkundea finkatu dute Hego Euskal Herrirako: lehenak 8.800 kontratu berriren datua jakinarazi du, eta bigarrenak, 10.875ekoa. Hala, %1 eta %8 arteko hazkundea aurreikusi dute urte hasierako merkealdiaren inguruan sortzen den kontratazioari dagokionez.

Merkataritzan, garraioan eta logistikaren esparruetan izaten du merkealdiak eragin handiena, eta alor horiek aztertu dituzte aholkularitza enpresa biek. Adeccoren arabera, Nafarroan sortuko da enplegu gehien Gabonen bukaeran hasten diren beherapenei lotua: 3.500 kontratu aurreikusi ditu. Bizkaian 2.800 enplegu sortuko direla uste du; Araban, 1.300; eta Gipuzkoan, 1.225.

Kopuru horiek aurreko urtekoak baino zertxobait hobeak dira; kopuru absolutuetan kontratazio handia den arren, azken sei urteotako hazkunderik txikiena islatzen dute. Randtadek, ordea, hazkunde handiagoa aurreikusi du, %7 ingurukoa. Bere serieko kopururik handiena da; urtarrila eta otsaila hartu ditu aintzat, merkealdiaren kanpainak irauten duen tartea. Iaz, ez ziren 8.000tik igaro kontratazioak, baina aurten sobera gaindituko direla uste du, eta 2019ko urteak mugarria jarriko duela dio; seigarren Gabonakizango dira etenik gabe kontratazioen hazkundearekin.

Sektoreak eta lanpostuak

Kontsumo handiarekin lotutako esparruetan egingo dute enpresek kontratu gehien merkealdiaren kanpainari etekina atera nahian. Goi mailako perfumeen esparrua, elektronika, jostailuak, elikadura, banaketa eta ostalaritza izango dira, besteak beste, lan bila dabiltzanen aukerak merkealdian. Batik bat, komertzialak, sustatzaileak, azafatak, telemarketineko langileak eta dendariak kontratatuko dituzte enpresek. Kanpaina berezietan salmentak nabarmen igo nahi dituzte konpainiek, eta langile berri horien ekarpena oinarrizkoa da salmenta helburuak betetzeko, Adeccok eta Randstadek azaldu dutenez.

Krisi aurreko egoera eta ondoren gertatutakoa islatzen du Eguberrien ondorengo merkealdiari loturiko kontratazioaren eboluzioak. Esaterako, 3.800 kontratu egin ziren 2006an, Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan. Behetik gora zetorren kopurua, eta 2008ra arte eutsi zion joerari; 4.900 kontratu egin ziren urte horretan. 2009an, berriz, erdira jaitsi zen kopurua (2.500); eta, 2014tik aurrera, lan kontratazioak hazkundea islatu du, barne kontsumoa handitzearekin batera. 2019ak finkatuko du goia, Adecco eta Randstaden arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.