Koronabirusa munduan

Italiak mugak ireki ditu, eta eskualdeen arteko zirkulazioa baimendu

Turismoa bultzatzea izan da mugak zabaltzeko arrazoi nagusia. Hainbat eskualdetako presidenteek neurri bereziak ezarri dituzte

Erromako Termini tren geltokian tenperatura hartzen, atzo. MASSIMO PERCOSSI / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
COVID-19ak gogor jo du Italia, eta horren isla dira herrialdeko kutsatu eta hildako kopuruak. Ordea, azken datuek esperantzarako tartea ere ireki dute; hilabeteak dira kasu berrien beherazko joera egonkortu zutela, eta, horren harira, maiatzaren 4an hasi ziren neurriak arintzen. Ordutik, zenbait egunetan gorakada batzuk izan badituzte ere, kurbak apaltzen segitu du. Atzo eman zuten hurrengo pausoa, eta EB Europako Batasuneko herrialdeei mugak ireki zizkieten, baita eskualdeen arteko zirkulazio askea baimendu ere.

Francesco Boccia Italiako Eskualde Gaietarako ministroa baikor agertu zen irekierarekin, nahiz eta arduraz jokatzeko beharra azpimarratu zuen: «Egindako sakrifizioek honaino iristeko aukera eman digute, baina jakinda oraindik birusa gurekin bizi dela». Luigi di Maio Italiako Atzerri ministroak, berriz, adierazi zuen garrantzitsua dela mugak zabalduz herrialdea igortzen ari den mezua, «indargarria», berriro «funtzionatzen eta normaltasunera itzultzen» ari den estatu batena. Ez da beharrezkoa izango berrogeialdia betetzea.

EBko estatu kideei mugak irekitzeko urratsaren atzean, osasun irizpideetatik harago, turismoa sustatzeko premia eta nahia dago. Izan ere, sektore horrek Italiako BPG barne produktu gordinaren %13 ordezkatzen du. Emandako datuen arabera, kalkulatzen dute osasun krisiaren ondorioz gutxienez 20.000 milioi euro galdu dituztela martxotik maiatzera bitartean.

Bestalde, Italia osoan libre mugitu ahal izateko baimenak zeresana eragin du azken egunotan, horren inguruko zalantzak izan dituztelako zenbait estatutako presidenteek; gehienbat, uharteetakoek eta hegoaldekoek. Italia iparraldea da pandemiak gehien astindu duen eskualdea, eta oraindik ere, han atzematen dute eguneko kasu gehien; gainerako eremuen mesfidantza areagotu du horrek. Azkenean, baina, «baldintzarik gabeko zirkulazioa» ezarri dute, eta probintzia bakoitzak positiboak detektatzeko neurriak hartuko ditu.

Baita beste batzuk ere

Austriak ere beste urrats bat egin du gaur, eta mugakide dituen estatuei hara bidaiatzeko murrizketak kendu dizkie, Italiari salbu. Horrez gain, beste hainbat herrialdek ekainaren 15a daukate begiz jota: Alemaniak, Ukrainak, Jamaikak eta Belgikak, kasurako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.