Nola ikusarazi euskara sarean

Euskarazko Interneten Eguna ospatu dute bigarren aldiz. Sarean euskara ikusgarriago nola egin, horretan indar egin du aurten PuntuEus fundazioak. Bi egitasmo aurkeztu ditu: gailuak euskaraz konfiguratzeko kanpaina hasi du, eta fitxategiak partekatzeko webgune bat sortu du: 'Tori.eus'.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Pauso handiak ari da ematen euskara Interneten. Adituen arabera, hizkuntzen %5 soilik daude sarean, eta talde horretan dago euskara. Domeinu propio eta guzti, gainera. Baina hutsuneak daude oraindik ere. Horietako bati begiratu dio aurten PuntuEus fundazioak Euskarazko Interneten Egunean: direnak baino gutxiago azaltzen dira euskaldunak sarean. Gehienek erdaraz konfiguratuta dauzkate Interneterako gailuak, eta, nahiz eta euskarazko edukietan ibili, erdaldun ageri dira. Hori aldatzeko kanpaina bat hasi dute.

Bigarrenez ospatu zuten atzo Euskarazko Interneten Eguna. 2006az geroztik, maiatzaren 17a Interneten Eguna da nazioartean, eta PuntuEusek iaz erabaki zuen egun horretan bertan Euskarazko Interneten Eguna ospatzea. Iruñean elkartu ziren joan den urtean, eta atzo, Azpeitian (Gipuzkoa).

Azterketa bat egin dute, Euskal Herriko webguneak erabiltzen dituztenek nola dauzkaten gailuak. Web orokorretan, %3-5ek dituzte euskaraz; dena euskaraz duten guneetan —euskal hedabideenetan, adibidez—, %10-15ek dituzte euskaraz; eta euskal webgune teknofiloetan, %20-30 inguruk. Gutxiengoa dira beti, nahiz euskaldunak ibili euskal hedabideetan eta webgune teknofiloetan.

Euskararen ikusgarritasunean, zuzeneko ondorioak ditu horrek, Codesyntaxeko kudeatzaile Eneko Astigarragak azaldu duenez: «Nabigatzailea erdaraz badaukagu, erdarazko nabigatzaileak gara». Joera hori areagotzen ari dela nabari dute: 2005-2012 artean igo egin zen gailuak euskaraz zituztenen portzentajea, baina behera ari da ordutik. Zer dakar horrek? Interneteko kudeatzaileek euskarari pisu gutxiago ematea. Alegia, sumatzen badute gero eta gutxiago direla euskarazko erabiltzaileak, arriskua dagoela euskara bazterrean uzteko. «Ez baldin baditugu euskarazko aukerak erabiltzen, arriskua dago datozen bertsioak euskaraz ez egoteko».

Erabiltzaileen egunerokoan ere badu eragina konfigurazioak. Hizkuntza batean baino gehiagotan dauden webetan —erakundeenetan, adibidez—, gailuaren ezarpenaren araberako informazioa ematen dute: euskaraz badago, euskaraz; erdaraz badago, erdaraz. Beraz, konfigurazioa euskarazkoa bada, euskarazko informazioa bistaratuko da hasieratik.

Informazioa, aldatzeko

Kanpaina bat jarri dute martxan, gailuak euskaraz ezartzeko. Lelo hau du: Interneten ere lehen hitza euskaraz. Lau eragile bildu dira: PuntuEus fundazioa, Codesyntax, Kontseilua eta Ikastolen Elkartea. Batetik, informazioa emango dute konfigurazioa nola aldatu esplikatzeko; hainbat webgunetan txertatu dute ohartarazpen gisako bat, erabiltzaileari jakinaraziko diona gailua zein hizkuntzatan duen —BERRIAren webgunean ere egongo da—. Bestetik, gaia eskoletan lantzeko, unitate didaktiko bat egin du Ikastolen Elkarteak. Erronka bat proposatuko diete ikasleei: beren gailuak euskaraz ezartzearekin batera, inguruko hamar lagunek ere hala egitea. Atzo, Azpeitian, egin zuten eginahala: saiora joan zirenen gailuak euskaraz ipintzen aritu ziren, umore giroan, Miren Gaztañaga aktorea gidari zutela.

Ohartarazi dute, hala ere, ezin dela erabiltzaileen bizkar utzi ardura osoa. Webguneen arduradunei ere dei egin nahi diete: gailuen konfigurazioa aintzat hartu gabe euskara lehenesteko eskatu diete, euskaldun askok erdaraz baitauzkate gailuak. Euskarazko orrialdea agertu arren, erdarazkora jotzeko aukera ere balegoke.

Gailuak euskaraz jartzeko egitasmoarekin batera, beste tresna bat ere aurkeztu zuen atzo PuntuEusek: Tori.eus. Fitxategiak partekatzeko zerbitzua da. Badira horrelako webgune gehiago jadanik martxan —WeTransfer, adibidez—, baina bi aldaketa egin nahi dituzte Tori.eus-ekin. Batetik, doakoa izango da osorik. «Zerbitzu hauek, normalean, doako bertsio mugatu bat izaten dute, eta, funtzionalitate guztiak erabiltzekotan, ordainpeko bertsioa kontratatu behar da. Tori.eus-en, ez; erabiltzaileek ez dute muga berezirik izango doako bertsioa erabiltze hutsagatik, ez baita ordainpeko bertsiorik egongo», azaldu du PuntuEuseko ordezkari Lorea Arakistainek. Bestetik, euskarazko zerbitzua emango dute. «Hizkuntzaren ikuspegitik, egitasmo berritzailea da. Era horretako zerbitzu gehienak ingelesez daude, eta bakarren batzuk, gaztelaniaz». Beste pauso bat da, beraz, Interneten euskarari ikusgarritasun handiagoa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.