Saneamendu sarea jartzen hasiko dira Nerbioiren goi arroan, 25 urteren ostean

Espainiako Gobernuak 34 milioi euro ipiniko ditu. Araztegi bi egiteko proiektua onartu beharko du hurrengo. 2023rako amaitu nahi dituzte

Nerbioi ibaia Amurrion (Araba), artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak Nerbioi ibaiaren goi arroko saneamendu sarea osatzeko lizitazioa onartu du. 34 milioi euroko aurrekontua izango du. Hala, bukatzean, Aiaraldeko (Araba) eta Orozkoko (Bizkaia) ur zikinak Nerbioi ibaira isurtzea saihestuko dute. Atzoko Ministroen Kontseiluak hartu zuen erabakia. Ondoren, bi araztegi berri eraiki beharko dituzte; horiek lizitatzea izango da hurrengo pausoa. Datozen asteetarako espero dute erabakia. Obra guztiak 2023rako amaitu nahi dituzte, eta denera 63 milioi euroko inbertsioa egin beharko du Ingurumen Ministerioak. Sarea eraikitzeko lurren desjabetzea, berriz, Eusko Jaurlaritzaren ardurapean geratuko da. Horretarako 2,5 milioi euro erabiliko ditu. Prozesu hori «bukatzear» dagoela esan dute. Araban 265 lursail desjabetuko dituzte, eta Bizkaian, 110.

Ura Uraren Euskal Agentziak pozik hartu du berria. Izan ere, haren ardurapean dauden arroetan, hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoetan, saneamendu sarea falta duen bietako bat da Nerbioi ibaiaren goi arroa. Urdaibai da beste eskualdea, eta han sarea eraikitzen ari dira. Datorren urterako bukatzekoa dute. Europako Batasunak txosten informatiboa ireki zion Eusko Jaurlaritzari bi arro horietan egon ohi diren isuriengatik. Agurain aldean (Araba) ere isuriak gertatu ohi dira; araztegia badagoen arren, ez du behar bezala funtzionatzen. Joan den abenduan onartu zuen Jaurlaritzak berria eraikitzeko proiektua, eta aurki hasiko dira lanak. 6,3 milioiko aurrekontua du, eta bi urteren buruan eginda egotea espero dute.

Aiaraldea 1994tik dago saneamendu sarearen zain. Orduan transferitu zizkion Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari uren kudeaketarako eskumenak, eta orduan hartu zuen konpromisoa ibaien egoera ekologikoa hobetzeko zenbait azpiegitura sortzeko. Besteak beste, Nerbioi ibaiaren goi arroaren saneamendu sarea eraikiko zuela hitzeman zuen. 2000. urterako egingo zuela esan zuen Sustapen Ministerioak. Laudion eraiki nahi zuen araztegia, Anuntzibain. Baina bizilagunen protestek bertan behera utzi zuten proiektua: azpiegituraren kokapena eta tamaina desegokiak zirela iritzi zioten. 2002an, Eusko Jaurlaritzak eta inguruko udalek konponbidea topatu zuten: Markixan (Amurrio) eta Basaurben (Laudio) jartzea, txikiagoak. 2018ko Espainiako aurrekontuetan saneamendu sarerako diru saila jasota zegoen, hala adostu zutelako PPk eta EAJk. Baina Mariano Rajoy gobernutik kendu zuen zentsura mozioak blokeoan utzi zuen proiektua. Atzo desblokeatu zuen Pedro Sanchezen gobernuak, biharko hauteskundeen aurretik egin duen azken Ministroen Kontseiluan.

Batasun falta

Uraren Agentziak uste du azpiegitura berriez gain haien kudeaketa egokia beharko dela. «Nahitaezkoa da inguruko udal eta administrazio batzarrek behar besteko ahalmen teknikoa izango duen erakunde bat sortzea. Ezinbestekoa da Amurrion eta Laudion saneamendu zerbitzu egokia eskaintzeko, eta, bide batez, ibaiari kalte egiten dion edozein erasan saihesteko».

Isuri gehienen iturburua etxebizitzak eta industria dira. Agentziaren arabera, herri bi horietako industria eremuetako saneamendu sistemak ez dira egokienak, eta hiriguneko ur zikinak ez daude behar bezala bideratuta, aurretiko tratamendua jaso eta saneamendu sistemara bidaltzeko. «Gaur egun ditugun elkarren arteko konexiorik gabeko sistemak batu egin behar dira, eta era bateratuan kudeatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.