Taxilariak, zatiturik

Taxirik ez da izango Araban, Nafarroan eta Bizkaian, baina bai, ordea, Gipuzkoan. Bilera dute gaur Espainiako Gobernuak eta erkidegoek
Greba egiten ari den taxilari bat, kanpin denda batean atseden hartzen, atzo, Bartzelonan.
Greba egiten ari den taxilari bat, kanpin denda batean atseden hartzen, atzo, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE

Iker Aranburu -

2018ko abuztuak 1
Taxilarien grebak hirugarren eguna beteko du gaur Bizkaian, Nafarroan eta Araban. Espainiako Gobernuak sektorearen arazoak konpontzeko nahiko konpromiso hartu ez dituela eta, atzo gauerdian amaitzekoa zen greba luzatzea erabaki zuten. Gipuzkoarrak, ordea, lanera itzuli ziren gauerdian, espero baitute Madrilek irailerako agindutako lege dekretuak irtenbide bat eman dezakeela.Nafarroako Aitan elkarteak erabakia hartu zuen iluntzean: Espainiako Elkarte Nazionalaren kide den heinean, harekin bat egin zuen.

Taxilarien grebaren iraupenean garrantzi handia izan dezake Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek Madrilen gaur arratsaldean egingo duten bilera. Irailean zen egitekoa, baina aurreratu egin du Madrilek, erkidegoek zeresan handia izango dutelako gatazkaren konponbidean, VTC autoak arautzeko eskuduntza haien esku utzi nahi duelako. Taxilarien elkarteek jakin nahi dute erkidegoek jarrera bateratua izango ote duten beren eskaera nagusia betetzeko. Hau da, esku hartuko ote duten auto gidaridunen baimenak kendu eta Espainiako Gobernuak dekretu baten bidez ezarriko duen ratioa errespetarazteko —VTC bakar bat, 30 taxiko—.

Grebaren bigarren egunak erantzun handia izan zuen atzo Hego Euskal Herrian. Normal-normal bete zituzten gutxieneko zerbitzuak, batez ere mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzakoak. Gutxieneko zerbitzu horiek zabaltzeko asmoa dute taxilari bizkaitarrek, taxien beharra duten herritarrei kalterik ez eragiteko.

Autoen karabana, gaur

Bezperan ez bezala, atzo ez zuten autoen karabanarik egin, eta Loiuko aireportuan bilduta izan ziren taxilari asko eta asko. Gaur, ordea, beren haserrea adierazteko ibilaldi bat egingo dute: Loiuko aireportutik aterako dira 10:00etan, eta, Areetatik igaro ondoren, Ibaizabalen ondotik Bilbo erdialdera joango dira, poliki, zirkulazioa trabatzeko moduan.

Saltsa handiagoa dago beste leku batzuetan. Bartzelonan, taxilariek ostiralaz geroztik okupatzen dituzte erdialdeko bi kale nagusi, Passeig de Gracia eta Gran Via de les Corts Catalanes. Greba bertan behera uzteko aukera aipatu zuten atzo, baina Generalitatearekin hitz egin ondoren, erabaki zuten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, erietxeei eta «behar handia dutenei» zerbitzua emateko.

Madrilen, berriz, Castellana pasealekuko hamar errailetatik zortzi okupatzen jarraitzen dute taxilariek, joan den asteburuaz geroztik.

VTCekoekin bilera

Bezperan taxilarien elkarteekin bildu ondoren, Pedro Saura Espainiako Garraio Estatu idazkaria VTC sektoreko patronalarekin elkartu zen atzo, Unautorekin. Elkarte horretako presidente Pedro Martinek eskatu zion ez men egiteko taxilarien «txantaiari», eta VTC autoen aurkako erasoak amaitzeko neurriak hartzeko. Haren datuen arabera, ehun auto txikitu dituzte.

Ikusita Auzitegi Gorenak 30/1 ratioa ontzat hartu duela, Unautoren eskaera nagusia da kopuru hori aurrera begira betetzea, eta ez eragitea 2009-2015eko epean emandako baimenei. Jose Luis Rodriguez Zapateroren Omnibus zerbitzuen liberalizaziorako legeak muga oro kendu zituen VTC sektorean, eta orduan emandako eta epaitegiek orain berretsitako baimenek ekarri dute, hein handi batean, orain 30/1 ratio hori ez betetzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Aranburu

Informazio osagarria