Mendigorrian D eredua nahi duten gurasoek errekurtsoa aurkeztu dute

Salatu dute Nafarroako Gobernuak ez diela oraindik azalpenik eman. Hezkuntza departamentuak erantzun ezean, auzitara joko dute

Mendigorriako guraso taldea eta Igorne Gaubeka Behatokiko kidea, Hezkuntza departamentuan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Herenegun joan zen Mendigorriako (Nafarroa) guraso talde bat euren sei haurrak herriko ikastetxean matrikulatzera, baina eskaera ez zen kontuan hartu. «Aurrematrikulekin gertatu bezala, matrikulak ez hartzeko agindua dute. Matrikulatzeko ahalegina egin dugun frogagiria dugu», azaldu zuen Iñigo Lerga gurasoetako batek atzo goizean. Aurrematrikulen kasuan, Nafarroako Arartekoaren bidez azalpenak eskatu dizkiete, baina gaur-gaurkoz Nafarroako Hezkuntza departamentuak ez die ezer esan. «Ez dugu ez ezezkorik, ez baiezkorik jaso. Familiak asko sufritzen ari gara». Jarrera horren aurrean, gurasoek erabaki dute urrats bat egin eta departamentuan bertan gora jotzeko errekurtsoa jartzea. Hiru hilabeteren buruan erantzun egokirik eman ezean, auzitara jotzeko asmoa dute.

Horregatik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera, sailera jo zuten gora jotzeko errekurtsoa jartzera. Halaber, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariarekin bilera eskatu zuten. Agurne Gaubeka Behatokiko ordezkariaren hitzetan, euren herrian eskolak euskaraz jaso nahi dituzten haur horiek «linboan» daude. Gaubekaren arabera, errekurtsoari erantzuteko hiru hilabeteko epea dago, eta epe horretan gobernuaren azalpen politikoak ere entzun nahi dituzte. Gobernuak bere isiltasunari eusten badio edo irtenbiderik proposatzen ez badu, salaketa jarriko dute epaitegietan.

Azkenean, trabak jartzearen poderioz, euren nahiaren kontrako erabakiak hartzera bultzatu nahi dituztela uste dute. Izan ere, urteotan guztiotan euren haurrei euskarazko eskaintza eman ahal izateko gurasoek haurrak Garesera eraman behar izaten dituzte, eta horrek haurrentzat zein gurasoentzat dakartzan ondorioez ohartarazi dute: istripua izateko arriskua, haurrak eremu sozialetik ateratzea, kontziliazio arazoak... «Beren haurrek euskaraz ikastea nahi duten familiak aukera horri muzin egitera behartzen ditu Nafarroako Gobernuak», kritikatu du Gaubekak.

Irtenbide faltan, Behatokiak galdetu du antzeko kasu gehiago egon daitezkeela Nafarroako hainbat herritan: euren nahiari bide ematen ez zaiolako, beste hezkuntza aukeren alde egiten dute azkenik. «Nekez jakin genezake zenbat diren, jartzen zaizkien oztopo guztiak ikusita. Non geratzen dira datu horiek, Gimeno jauna? Zein dira baldintza zehatzak ikastetxe batean D eredua ireki ahal izateko?», galdetu zuen Gaubekak.

Haren ustez, «egunaren eta interesaren arabera» aldatzen dira gobernuaren erantzunak eta irizpideak. Bitartean, errealitate ukigarria da Mendigorrian azken urte guztiotan D ereduan matrikulatu nahi izan duten gurasoek ezin izan dutela egin; aldiz,«G ereduan matrikulatu nahi izan duen haur bakarrak ez du inongo oztoporik izan».

Euren esanetan, landa eremuko eskolen iraupenerako funtsezkoa da herri horiei etorkizuna ematea eta bertan lan egiteko eta ikasteko aukera berdintasuna ahalbidetzea. Espero dute oraingo honetan Nafarroako Gobernuak erantzun egokia emango diela euren eskaerei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.