Tripolin milizien arteko su-etena ezartzea lortu duela esan du NBEk

Libiako hiriburuan 50 lagun hil eta 138 zauritu dira azken egunetan izandako borroketan. 2011ko gerraz geroztiko liskar larrienak izan dira
Libian 2.000 talde armatu daude. Irudian, matxino bat, mugatik gertu, Wazinen.
Libian 2.000 talde armatu daude. Irudian, matxino bat, mugatik gertu, Wazinen. MOHAMED MESSARAA / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2018ko irailak 5
Libia huts egindako estatua dela agerian geratu da beste behin. Gerra zibila hasi zenetik izandako borroka latzenak gertatu dira Tripolin azken egunotan. Libiako Osasun Ministerioak jakinarazi du gutxienez 50 lagun hil direla, tartean zibilak, eta zauritutakoak 138 direla. Ehunka lagunek, berriz, euren etxeak utzi behar izan dituzte, eta eskoletan eta ospitaletan babestu dira. Herritar ugari urik eta argindarrik gabe daude. NBE Nazio Batuen Erakundeak atzo iluntzean jakinarazi zuen miliziek su-etenerako akordio bat sinatu zutela.

Nazioarteko erakundeak bitartekaritza lana egin du azken egunotan. UNSMIL NBEk Libian duen misioak sare sozialetan argitaratu zituen Ghassan Salame mandatariak milizietako ordezkariekin egin zuen bileraren irudiak. «Gaur ez dira konponduko Libiako hiriburuaren segurtasun arazo guztiak, baina akordio zabalago bat lortzeko bidea da», adierazi zuen Salamek. Milizien arteko borrokak abuztuaren 26an piztu ziren, eta Tripoli kanpoaldean abiatutako borrokak hiriburuaren bihotzeraino iritsi ziren. Meytegara base militarra ostiralean itxi behar izan zuten. Martxan dagoen hiriburuko aireportu bakarra da, eta UNSMILen arabera, berriro irekitzea onartu dute miliziek. Egoera asteburutik zeharo gaiztotua zegoen. Misrataheko miliziak igande gauean iritsi ziren Tripolira. Tajoura ekialdeko auzunean gotortu ostean, iparraldera eta ekialdera zabaldu ziren. Herrialdeko indar militar boteretsuenetakoa da Misratahekoa —Muammar Gaddafi hil zuen aliantza da—.

Libia estaturik gabeko herrialde bat da, eta miliziek betetzen dute hutsune hori —herrialdean 2.000 talde armatu daude—. Hiru gobernu daude, baina GNA Batasun Nazionaleko Gobernua da nazioarteak babesten duena. Igandean ezarri zuen larrialdi egoera, baina borrokak kontrolatu ezinean ibili zen. Liz Throssell NBEko Giza Eskubideen Goi Mandatariko eledunak salatu du zibilak bizi diren lekuetan «armak, suziriak, tankeak eta artilleria» erabili dituztela.

Zazpi urteko gerra

2011ko iraultza arabiarren abaroan sortutako protestak dira gaur egungo egoeraren abiapuntua. Libian otsailaren erdialdean hasi ziren protestak hedatzen, Bengazitik. Otsailaren 27an, NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionalean elkartu ziren presidentearen aurkako indarrak, eta gerra zibil bihurtu zen errebolta. Mendebaldeak matxinoak babestu zituen, eta abuztuan hartu zuten Tripoli. Urrian, Gaddafi hil zuten, haren jaioterrian, Sirten —NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen laguntza izan zuten matxinoek—. Urriaren 20an beteko dira zazpi urte 1969tik agintean zegoen buruzagia hil zutela.

2014an egituratu zen, dena den, gaur egungo zatiketa. Hauteskundeak egin ziren orduan, eta, parte hartzea %18ra iritsi ez bazen ere, nazioarteak oniritzia eman zion irregulartasun ugari izan zituen prozesuari. Libiako agintea bitan zatitu zen orduan. Tripolin alderdi islamistez osatutako gobernua ezarri zen, milizia islamisten babesarekin. Aginte hori onartu ez zuten ordezkariek, baina, herrialdearen beste muturrera egin zuten ihes, ekialdera. Tobruken beste gobernu bat ezarri zuten. Khalifa Hafter jeneralak zuzentzen duen armadak babesten du gobernu hori. Eta antzinako egituraketa tribalaren banaketa horretan hirugarren gobernu bat eratu zuten, 2015ean, nazioartearen onarpen zabalena duen batasun nazionaleko gobernu laikoa: GNA. Tripoliko eta Tobrukeko ordezkariek osatzen dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna