Kataluniako Gobernuak Espainiakoari egotzi dio negoziazioak amaitzea

Madrilek alderdien mahai bat proposatu die alderdi independentistei, baina ezezkoa jaso du, ez duelako kontuan hartzen autodeterminazioa

Artadi Generalitatearen eleduna eta Aragones presidenteordea, atzo, Bartzelonan, azalpenak ematen. TONI ALBIR / EFE.
ander perez zala
2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuan jakitun daude legealdia amaitzear egon daitekeela. Kataluniakorekin zituzten negoziazioak amaitutzat eman zituen atzo Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak, argudiatuta alderdi katalan independentistek ez zutela onartu aurkeztu zieten elkarrizketarako esparrua. Alderdi Demokrata Europar Katalanako (PDeCATen) eta Esquerra Republicanako (ERC) diputatuen babesik gabe, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen aurrekontuak ez dira aurrera aterako, eta, Madril eta Bartzelonak atzo hizketarako nahia berretsi zuten arren, zaila dirudi egoerari buelta emango dion adostasunik aurkitzeak. Generalitatearentzat, ordea, Espainiako Gobernua izan da hizketak amaitu dituena.

Negoziazioen amaierak hauteskundeen atarian utzi du Espainia. Sanchezen gobernuak atzo egin zuen publiko azken eskaintzaren dokumentua. Han jaso zuen alderdien mahai bat osatzeko aukera; proposamenaren arabera, «alderdi bakoitzeko bi ordezkarik» eta Espainiako eta Kataluniako gobernuek osatuko lukete; eta mahai hori koordinatuko luke «elkarrizketarako baldintza egokiak sortzeaz arduratuko den pertsona batek». Beraz, ez du erabili egunotan oihartzun handia izan duen kontalari hitza figura hori deskribatzeko.

Generalitatearentzat, eskaintza hori ez da nahikoa izan, ez delako ez autodeterminazio eskubideaz ezta erreferendumaz ere aritzen. Auzi hori nahi du mahai gainean, baina Espainiako Gobernuak ez du inoiz jorratuko: «Gobernu honek ez du inoiz onartuko autodeterminazio erreferendum bat. Onartezina da. Hamaika aldiz esan dugu», ohartarazi zuen Calvok prentsaren aurrean.

Jarrera hori da, Pere Aragones Kataluniako presidenteordearen iritziz, hamaikagarren desadostasuna eragin duena. Aragonesek ohartarazi zion Calvori autodeterminazioari uko egitea ez dela hizketetarako baldintza bat: «Hori egitea atxikimendu bat litzateke, ez negoziazio bat». Bide beretik, Elsa Artadi Kataluniako Gobernuaren eledunak «eskuinari, eskuin nazionalistari eta eskuin ultranazionalistari men egitea» egotzi zion Sanchezi, eta iradoki zuen Alderdi Popularraren (PP), Ciudadanosen (C's) eta Voxen presio politikoa dagoela jarrera horren atzean.

Izan ere, Espainiako Gobernuak negoziazioak amaitutzat eman dituen arren, hiru alderdi horiek antolaturiko manifestazioak bere horretan jarraituko du, eta bihar aterako dira Madrilgo kaleetara Sanchezen aurka egiteko; Manuel Valls Bartzelonarako alkategaiak atzo jakinarazi zuen han izango dela hura ere.

Egoera horren aurrean, ausardia falta egotzi zion Artadik Espainiako presidenteari: «Hasieratik elkarrizketaz mintzatu da, baina praktikan, mekanismoak mahai gainean jartzerakoan eta gauza zehatzak esaterakoan, ikusten dugu huts egiten ari dela. Ausardia falta zaio erretorikatik errealitatera pasatzeko, eta diskurtsiboa denetik egiazkora pasatzeko».

Osoko sei zuzenketa

Datorren asteartean eta asteazkenean eztabaidatuko dituzte Espainiako Kongresuan Sanchezek aurkezturiko aurrekontuak. Denera, osoko sei zuzenketa aurkeztu dizkiete PDeCATek, ERCk, PPk, C's-ek, Coalicion Canariak eta Foro Asturiasek.

Asteartean 12:00etan aurkeztuko ditu aurrekontuak Maria Jesus Montero Ogasun ministroak, eta diputatuek 15:00etatik aurrera eztabaidatuko dituzte zuzenketak. Asteazkeneko 09:00etan jarraituko du saioak, eta mintzaldien ostean bozkatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.