Familien errentak handitu diren arren, urrun daude krisi aurreko mailatik

Familien batez besteko errenta igo egin da iaz Hego Euskal Herrian, bigarren urtez jarraian. Pobrezia arriskuak gora egin du

Irune Lasa -

2018ko ekainak 22
Baliteke INE Espainiako Estatitistika Institutuak bizi baldintzei buruz plazaratutako inkestak zantzu bat ematea pentsatzeko krisiaren urterik okerrenak atzean gelditu direla. Iaz, igo egin ziren Hego Euskal Herriko familien batez besteko diru sarrerak, 34.203 eurora EAEn eta 33.431 eurora Nafarroan. Horrela, familiek batez beste bi igoera kateatu dituzte diru sarreretan: 2016. urtekoa eta iazkoa.

Hori bai, iazko igoera nahiko apala izan da bi erkidegoetan, erakutsiz suspertze ekonomikoa ez dela horren indartsua, familien sakeletan behintzat. Sarrerek jauzi handia eman beharko dute krisia egiaz atzean utzi nahi badute. Izan ere, orain gutxikoa da azken hamar urteetako daturik kaskarrena; 2015. urtekoa, hain zuzen. Orduko hartan, familien errenta 33.000 euroren bueltan ibili zen —53 euro gehiago EAEn eta 21 gutxiago Nafarroan—.

Horrek esan nahi du Hegoaldeko familiak are gertuago daudela agertoki okerrenetik hoberenetik baino: krisi aurreko familien batez besteko diru sarreren daturik handiena 2009. urtean jaso zuen INEk Hego Euskal Herrian. Urte hartan, familien errenta 37.644 eurokoa izan zen Nafarroan, eta 37.707 eurokoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Beraz, familien batez besteko iazko errenta 2009koa baino 3.504 euro txikiagoa izan zen EAEn, eta 4.213 euro txikiagoa Nafarroan.

Pobreziarako arriskuan dagoen biztanleriaren tasaren datuak ere erakusten du suspertzea ez dela horren sendoa gizarte desberdintasuna apaltzeko orduan. Tasa horrek erkidegoko biztanleria osoarekiko diru sarrera txikienak dituzten pertsonak zenbatzen ditu. Eta adierazlea igo egin da EAEn, %9tik %9,7ra, aurreko urtean ia bi puntu jaitsi ostean. Egia da, halaber, oraingoz erkidegoek lortzen duela tartea uztea 2011. urteko %13,8ko tasarekiko.

Nafarroan, aldiz, tasak ez du eten beheranzko joera, eta %9tik %8, 3ra murriztu da. Horrela jarraitu beharko du erkidegoak, 2008. urteko pobrezia arriskuko %5,9ko tasa berreskuratu eta hobetu nahi badu.

Familiek eta norbanakoek euren diru sarrerekin hilabetearen amaierara iristeko duten gaitasuna ere neurtu du INEk. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako familien %5,4k arazo oso handiak dituzte euren diru sarrekin hilabetea igarotzeko. Nafarroan, %1,7 dira horrela dauden familiak. Horiez gain, hilabeteko ordainketak egiteko zailtasunak ditu EAEko lau familiatik batek, eta Nafarroako bost familietatik batek.

Gabeziei dagokienez, igo egin da iaz Hego Euskal Herrian etxea tenperatura egokia eduki ezin duten familien kopurua —%7,9 dira EAEn, eta %4,8 Nafarroan—. Haragia, oilaskoa edo arraina jateko modurik ez duten familien zenbatekoa ere ere igo egin da, gutxienez bi egunetik behin —%3,2 dira EAEn, eta %1,5 Nafarroan—. Hego Euskal Herriko familien %18 inguruk ez dute gaitasunik ustekabeko gastuei aurre egiteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna