Gasolina eta diesel autoen salmenta 2040. urtean amaitzea nahi du Madrilek

Espainiako Gobernua trantsizio energetikoaren legea aurkeztear da. Argindar guztia berriztagarrietatik etortzea nahi du 2050. urterako
Diesel automobil baten ihes hodiak kea botatzen.
Diesel automobil baten ihes hodiak kea botatzen. OLIVER WEIKEN / EFE

Irune Lasa -

2018ko azaroak 14
Pedro Sanchezen gobernuak urtea amaitu baino lehen nahi du indarrean Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea, eta haren lehen zirriborroko lerro nagusiak plazaratu ditu. Helburu handinahiekin dator legea, eta neurririk deigarrienetako bat errekuntza motorra duten automobilei ezarritako epemuga da.

Inguruko herrialdeetan ez bezala, orain arte, Espainiak ez zeukan jomuga zehatzik garraioaren karbonogabetzerako. Baina badirudi, azkenean, epemugak badatozela. Kazetari zenbaiti azaldutakoaren arabera, asmoa da 2040. urtetik aurrera atmosferara karbonoa dioxidoa zuzenean botatzen duen ibilgailurik ez matrikulatzea. Hots, diesel, gasolina eta motor hibridoko automobil berririk ezingo litzateke saldu 2040. urtetik aurrera, eta berdin gertatuko litzateke petrolio gas likidotua eta gas natural konprimatua erabiltzen duten ibilgailuekin. 2050. urterako errepideetan halako ibilgailurik ez egotea litzateke epe horren azken buruko xedea.

Europako beste hainbat herrialdek ere Espainiak azaldutakoaren antzeko helburuak dituzte: Erresuma Batuak eta Frantziak epe bera daukate ezarrita ibilgailu horien matrikulazioentzat. Eta biek nahi dituzte konbustio motorrak errepideetatik kanpo 2050erako. Auto horien salmenta lehenago ixtea lortu nahi dute —2035. urtean— Alemaniak, Danimarkak, Herbehereek eta Irlandak, eta are lehenago Norvegiak, 2025. urterako.

Garraioaren karbonogabetzerako bide horretan, Espainiako Gobernuak azaldutakoaren arabera, beste neurri bat hirietan ezarriko litzateke, isurketa murritzeko eremuen bidez. 2023. urterako ibilgailu kutsatzaileenentzat debekatutako eremuak izatera behartuta egongo lirateke 50.000 biztanletik gorako udalerriak.

Iturri berriztagarriak

Garraioarenaz gain, argindarraren sorkuntzarena da trantsizio energetikorako gakoa den beste alor bat, eta horretan ere handinahi agertu da Espainiako Gobernua. Haren asmoa da 2030. urtean argindarraren %70 berriztagarrietatik etortzea eta 2050. urterako argindar guztia izatea iturri horretakoa.

Helburu hori lortzeko, 2020. urtetik 2030era urtero gutxienez berriztagarri bidezko 3.000 megawatteko potentziaren ezarpena bultzatzeko neurriak iragarri ditu. Karbonogabetzerako, gainera, hidrokarburoen gaineko esplorazio eta ustiapen berririk ez baimentzea da Sanchezen gobernuaren asmoa, eta, horren barruan, eragotzi egingo lituzke haustura hidraulikoarekin zerikusia duten egitasmo berriak, baimen berrien aukera itxiz.

Teresa Riberaren Trantsizio Ekologikorako Ministerioak aurkeztutako helburuok bat datoz, neurri handi batean, Europako Batasunak trantsizio energetikorako ezarritako xedeekin. Parisko Akordioa betetze aldera, Europako Batasunak 2050. urtean berotegi efektuko gasen isuria 1990. urtekoa baino %80 txikiagoa izatea nahi du. Espainiako Gobernuaren lege honek, berriz, murrizketa hori %90 izatea ezarriko luke helburu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna