Greba mugagabera deitu du ELAk Bizkaiko bulegoetako sektorean

Cebeken sindikatuaren «xantaia» salatu du, eta ziurtatu du ez duela negoziatu nahi. LABek batasun sindikala apurtzea egotzi dio ELAri

Bulegoetako langileen manifestazio bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
xabier martin
2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Lan hitzarmen kolektibo bat izango da aurten Olentzerok Bizkaiko bulegoetako sektoreari ekar diezaiokeen oparirik hoberena. Izan ere, abenduaren 12an hasita, greba mugagabera deitu du ELA sindikatuak 23.000 langilek diharduten sektorean. Aspaldian harrotu dira hautsak bulegoetako langileen artean; hainbat manifestazio eta lanuzte egin dituzte azken urtean. Baina patronalarekin itun berri bat ezin adosteak beste maila bat igo du lan gatazka, eta urte bukaera beroa dator alorrean greba mugagabe baten deialdia tarteko.

Cebeken «xantaiaren aurrean» horrelako mobilizazio batera deitzea baino ez zaiola geratu azaldu zuen ELAk, atzo. Bizkaiko bulegoetako beharginen lan baldintzak ezartzen zituen azken herrialdeko hitzarmena 2012. urteko abenduan iraungi zen. Orduz geroztik, azken urteotan ez dira berritu sektoreko soldatak, ezta subrogazio eskubidea bermatu ere. Iazko martxoan abiatu ziren berriz herrialde mailako ituna adosteko negoziazioak. Baina ELAk uste du Cebekek «blokeatu» dituela haiek, «funtsezko bi oinarri, gutxieneko bermea eta antzinatasuna, edukiz hustu eta ezabatu nahi dituelako». Sindikatuak dio lan erreformak «beren osotasunean» baliatu dituztela enpresek «ituna hiltzat jotzeko». Salatu zuen lan baldintza «gero eta prekarioagoak» aplikatzen direla, Espainiako itunak aplikatuta, eta enpresa handien azpikontratazioen bidez.

Batasun sindikala apurturik

Greba deialdia jakin eta minutu gutxira jakinarazi zuten LAB, ESK, CGT eta CNT sindikatuek ez dutela bat egingo ELAren mobilizazio horrekin. «Batasun sindikala haustea» egotzi zieten ELAri, CCOOri eta UGTri, «marra gorri batzuk inposatu dituztelako, eta horrek eragotzi egiten duelako batasuna». «Arduragabea da interes partikularrak lehenestea. Elkarrekin jarraitu beharko genuke lanean, patronalaren xantaia gainditu eta lan itun bat lortzeko. Ekintza batasunik gabe nekez lortuko da hitzarmena».

Bizkaiko patronalak ere hitz egin zuen. Negoziatzeko borondaterik ez edukitzea egotzi zion ELAri Cebekek. Salatu zuen«ez dutela itxaron» patronalaren erantzuna jaso arte. Herenegun izan zuten mahaiko bilera eragileek, eta handik ordu batzuetaramugagabeko grebara deitzeak «sindikatuaren jarrera» garbi erakusten duela esan zuen Cebekek. Patronalak uste du hitzarmenik ez egotea «sindikatuen errua» dela, «bakarrik borrokara zuzendutako ereduarekin» ari direlako. «Enpresaren kontzeptu zaharkitua daukate; beste enpresa eredu batzuk daude gaur egun, beste errealitate batzuekin».

ELAren azken proposamena izan da 2009ko lan hitzarmenera itzultzea, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, eta ituna ez urratzeko klausula txertatzea. «Krisialdiko urte gogorrenetan eduki dugu ituna, eta irabazietan egon da sektorea beti; orain, inoizko mozkinik handienak dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.