Indian protestak eragin ditu bi emakume tenplu sakratu hindu batean sartu izanak

Auzitegi Gorenak irailean utzi zuen bertan behera emakumeei tenpluan sartzeko debekua. Keralan 620 kilometroko andre kate bat osatu dute

Keralako emakumeak babesteko elkarretaratzea egin zuten asterartean New Delhin. RAJAT GUPTA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Eduardo Galeanok esan zuen jende xume ugarik, leku xumeetan, ekintza xumeak eginez, mundua aldatu dezaketela. Eta Indiako Kerala estatuan horixe gertatzen ari da. Bi emakumek, xumea irudi lezakeen ekintza baten bidez, sekulako aurrerapausoa eman dute. Bindu Ammini (40) eta Kanaka Durga (39) Sabarimala tenplu sakratu hinduan sartu ziren atzo goizaldean, emakumeek mendeetan sartzea ukatua izan duten tenpluan, hain zuzen ere.Indiako Auzitegi Gorenak irailean erabaki zuen bertan behera uztea 10 eta 50 urte arteko emakumeei, hots, hilekoa izateko adina duten emakumeei tenpluan sartzeko debekua —tradizioaren arabera, adin horretako emakumeak lohiak dira—. «Goiz-goizean iritsi gara, eta darshan-a egin dugu minutu gutxi batzuetan», esan zion Amminik BBCri.

Pinarayi Vijayan Keralako Gobernuko presidentearen hitzetan, emakumeak tenpluan sartzeko unea historikoa izan da: «Poliziari agindua eman genion emakumeak babestu zitzaten tenplura sartu ahal izateko».

Bi emakumeak beltzez jantzita eta burua zapi batekin tapatuta sartu ziren tenpluan, goizaldean, eta poliziez babestuta; izan ere, azken hilabeteetan hainbat emakumek tenpluan sartzeko egin duten saiakera antzua izan da, protestak direla eta. Pamba herritik bost kilometrora dago tenplua, hemezortzi muinoren artean, itsas mailatik 469 metrora, eta urtero 45-50 milioi erromes joaten dira hara. Ayyappan jainko hindua dago tenpluan, ustez deabrua hil ostean hantxe meditatu baitzuen, eta haren jarraitzaileek ez dute begi onez ikusi emakumeei tenpluan sartzeko debekua bertan behera utzi izana.

Protestak etengabeak izan dira irailetik. Poliziak 2.000 lagun atxilotu zituen urrian protestetan. Atzo ere negar gasarekin eta ur kanoiekin sakabanatu zituzten manifestariak. Thiruvananthapuram hiriburuan izan ziren protestarik handienak; besteak beste, parlamentu atarian. Praveen Drobalpillai Keralako Poliziako bozeramaileetako batek jakinarazi zuen agenteak eta soldaduak zabaldu behar izan dituztela estatuan: «Tribandrumen, Kozhikoden eta Palakkaden arazoak daude, baina egoera kontrolpean dago».

Keralako Estatuko gobernua ezkerreko alderdiz osatuta dago, eta emakumeak tenpluan sartzea babesten du. Horren harira, asteartean emakumeen hesia antolatu zuen gobernuak: berdintasuna aldarrikatzeko 620 kilometroko giza katea, alegia. Hainbat informazio iturriren arabera, 3-5 milioi emakume inguruk egin zuten bat estatua zeharkatu zuen ekinaldi harekin.

Agenda politikoan

Narendra Modi Indiako lehen ministroaren alderdiaren jarrera, baina, kontrako norabidean doa. BJP Bharatiya Janata Alderdia ez dator bat debekua bertan behera uzteko erabakiarekin, hinduismoaren balioen kontra doala argudiatu baitu. Sreedharan Pillai Keralako BJP alderdiko presidentearen adierazpenak, baina, haratago joan dira: «Tenplu hinduak suntsitzeko agintari ateoen konspirazio bat da, eta komunistek fedea suntsitzearen kontra ari direnen borrokak babestuko ditugu». Hinduistei protesta egiteko deia egin die Pillaik. Kongresuaren Alderdiak ere bat egin du protestekin.

Modi lehen ministroak, egoera lasaitze aldera, esan du auziak zerikusi handiagoa duela «erlijio tradizioekin genero berdintasunarekin baino», haren hitzetan gizonek ere debekatua baitute tenplu batzuetan sartzea. Hitzetatik haratago, baina, auzia agenda politikoan sartu da, eta apirilean edo maiatzean egitekoak diren bozetan eragina izan lezake. Oposizioak, ildo horretan, hinduistak erakartzeko eztabaida piztu izana leporatu dio lehen ministroari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.