Baimendutako zor osoa hartuko du Gipuzkoak, gastua %7,4 handitzeko

Olanok espero du Mubil, Adinberri eta beste «etorkizun proiektuek» EBren finantzaketa izango dutela, baina ez du diru hori kontuetan sartu

Asensio, Olano eta Perona, atzo, 2021eko aurrekontu proiektuaren aurkezpenean. BERRIA.
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak 983 milioi euroren aurrekontu propioa aurkeztu du 2021erako. Iazko aurrekontuan baino 68 milioi euro gehiago gastatu nahi ditu: hau da, %7,4 gehiago. «Izugarrizko apustua», Markel Olano ahaldun nagusiaren hitzetan, zerga bilketak iaz hartu zuen danbatekoari osorik buelta emango ez zaion urte batean gertatuko delako.

Zehazki, aldundiak kalkulatu du 118 milioi euroren zor berria hartuko duela. Kopuru hori bera da Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aldundientzat negoziatutako defizit publikoaren gehienezko kopurua —BPGaren %0,8—. Horietatik 60 milioi dira zerga bilketaren jaitsiera konpentsatzeko, eta beste 58 milioi gastu berria finantzatzeko.

Aurreko urteetan «kontuak garbitzeko ahalegin handia» egin duelako jo dezake orain Gipuzkoako Aldundiak zorpetzera: 2018an eta 2019an, foru gobernuak 130 milioi euro txikitu zuen bere zorra, Atzeraldi Handiaren hasieran Olanoren lehen gobernuak hartutakoa. Urtea amaitzean, 550 milioi euroren zorra izango du aldundiak, Jokin Perona Ogasun diputatuaren arabera. Zor hori «zikloa aldatzen denean» hasiko dira txikitzen, aurrekontu politika antiziklikoa eta keynesianismoa aldarrikatu baititu Gipuzkoako foru gobernuak.

Proiektu kuttunak

Olanok ziurtatu du COVID-19ak osasunean eta ekonomian eragin dituen kalteei aurre egitea dela bere gobernuaren lehentasuna. Ildo horretan, esan du gizarte politiketara bideratuko duela diru gehien: 419 milioi euro, hain zuzen ere —hemeretzi milioi gehiago, +%4,8—. Atal horren barruan, adinekoak zaintzeko politikek 150 milioi euro izango dituzte; zaharren egoitzek hamar milioi gehiago izango dituzte, eta Kabiak, lau milioi gehiago.

«Etorkizuna eraikitzeko» proiektuek ere badute beren lekua Olanoren aurrekontuan: hamazazpi milioi jasoko ditu Mubil mugikortasun elektrikoa sustatzeko zentroak; 12,4 milioi Adinberrik —martxoan dira hastekoak zahartzaroa ikertzeko gunearen eraikuntza lanak, Pasaian—; 3,4 milioi Elkar-Ekinek; hiru milioi Naturklimak; milioi bat Ziurrek;600.000 euro Arantzazuko laborategiak; 600.000 euro Koldo Mitxelenak, eta 400.000 euro Euskararen Berrikuntza Zentroak.

Proiektu horretako gehienak Euskadi Next planean azaltzen dira, hots, EBren Hurrengo Belaunaldia planaren dirua jasotzeko Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari igorritako zerrendan. Baikor dago Olano, uste baitu Europaren finantzaketa izango dutela, bi arrazoi direla medio: batetik, EBren helburuekin bat datozelako, eta, bestetik, dagoeneko abian dauden proiektuak direlako. Edonola ere, EBren diruak «bizkortu» egingo lituzkete proiektu horiek, eta Olanok agindu du diru hori gabe ere aurrera egingo dutela. Dirua iritsiko den ziurtasunik ez dutenez, ez dituzte aurrekontuan sartu.

Azpiegiturei dagokienez, Peronak azaldu du hiru proiektuk dutela lehentasuna: Urretxu-Azkoitia errepidea berritzeak, Donostiako 27. Poligonoa egokitzeak eta A-15eko tunelak zaharberritzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.