Bukatutzat eman dute Kataluniako polizia operazio berezia

Espainiako Barne Ministerioak larunbaterako etxeratuko ditu independentzia prozesua eragozteko helburuz bidalitako milaka poliziak
<em>Azzurra</em> eta <em>Rhapsody</em> ontziak, Bartzelonako portuan.
Azzurra eta Rhapsody ontziak, Bartzelonako portuan. QUIQUE GARCIA / EFE

Mikel Rodriguez -

2017ko abenduak 27
Agudo bukatuko da Koperniko operazioa. Espainiako Barne Ministerioak agindu du larunbaterako etxeratzeko Kataluniako independentzia prozesua eragozteko helburuz irailean bidali zituen milaka poliziak eta guardia zibilak. Hortaz, operazioa hasi aitzinetik Kataluniako kuarteletan eta polizia etxeetan zeudenak geldituko dira. Juan Ignacio Zoido Barne ministroaren arabera, Kataluniari autonomia kentzeko 155. artikuluaren aplikazioarekin eta hilaren 21ean hauteskundeak eginda, «normaltzen ari da» egoera. Hilabeteotan alderdi independentistek hagitz gogor kritikatu dute polizia operazio hori, eta erreferendumaren egunean poliziek eta guardia zibilek boto emaileen aurka egin zituzten erasoak, Katalunian ez ezik, nazioarte zabalean ere gaitzetsi zuten.

Polizia operazio horren ikur bihurtu dira Bartzelonako portuan amarratuta dauden Rhapsody eta Azzurra ontziak —ezagunena egin zen ontzia, Warner etxeko pertsonaien irudiak zituen Moby Dada, azaroaren 16an atera zuten portutik—. Independentzia prozesua eragozteko bidali zituzten polizia gehienak ontzi horietan eduki ditu Barne Ministerioak, eta, horiekin batera, egoitza militarretan eta hoteletan sartu zituenak ere etxeratuko ditu. Kopuru ofizialik ez du inoiz eman, baina, hedabideetan argitaratutakoaren arabera, 10.000 polizia eta guardia zibil inguru bidali zituzten irailean.

Zerrenden «ondorioak»

Zoidok elkarrizketa bat eman zion atzo OKDiario hedabideari. Kazetariak zalantzan paratu zuen Marta Rovira ERCren zerrendako bigarrena eta Elsa Artadi Junts Per Catalunyako hamargarrena hauteskundeetan aurkeztu direlako «normal» ote dagoen egoera, Rovira inputatua duelako Auzitegi Gorenak, eta Artadiren izena Guardia Zibilaren txostenetan ageri delako. «Haiek erabaki zuten nor izanen ziren zerrenda horien buruak, eta horrek ondorioak izanen ditu. Egia da Justiziaren epeak batzuetan ez doazela bat behar politikoekin, baina, azkenean, beti ailegatzen da; beraz, zerrendak egin dituztenak eta horiek osatu dituztenak erantzule izanen dira», erantzun zion Barne ministroak. Hauteskundeetan gehiengo osoa lortu zuten independentistek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna