Maliko oposizioko hautagaiak ez ditu onartu hauteskundeen emaitzak

Soumaila Cissek salatu du iruzurra egin dutela Ibrahim Boubacar Keita presidente eta hautagaiaren alde. Bigarren itzulia, hilaren 12an

Hauteskunde mahai bat Bamakon, presidentetzarako bozen egunean, joan den igandean. MOHAMED MESSARA / EFE.
mikel rodriguez
2018ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Malin presidentetzarako hauteskundeak egin zituzten joan den igandean, eta bortz egun itxaron behar izan dituzte emaitzak argitaratu arte. Lurralde Administrazioko Ministerioak jakinarazi duenez, Ibrahim Boubacar Keita oraingo presidenteak irabazi du, botoen %41,4 lortuta. %50era ailegatu ez denez, bigarren itzulia eginen dute hilaren 12an, eta, 2013an bezala, Soumaila Cisse izanen du arerio, bigarren gelditu baita, botoen %17,8rekin. Hala ere, Cissek adierazi du ez dituela emaitzak onartzen, ez direlako «ez zintzoak, ezta sinesgarriak ere». Dena den, ez du erran bigarren itzuliari boikot eginen dionik, eta «iruzurraren aurkako fronte demokratiko bat» osatzeko eskatu die lehenbiziko itzulian aurkeztu diren bertze hautagaiei.

Presidente batek bigarren itzulira aurkeztu beharko du lehenbiziko aldiz Frantziatik independentzia lortu zuenetik (1960). Hala ere, Keitak emaitza hobeak lortu ditu 2013ko lehenbiziko itzulian baino —bi puntu gehiago—, eta Cissek, berriz, okerragoak —bi puntu gutxiago—. Parte hartzea ordukoan baino bi puntu txikiagoa izan da, %43koa. 2013ko bigarren itzulian, Keitak aisa irabazi zion Cisseri, botoen %77 lortuta.

Oposizioko hautagai nagusiaren arabera, Keitaren aldekoek zegozkien baino boto gehiagoz bete dituzte hautetsontziak, eta botoak erosi ere egin dituzte. Bertze hautagaiei dei egin die «duela bortz urte ezarritako klanen sistema» haustera. Presidenteak, ordea, atzo entzungor egin zion Cisseren salaketari. Esker mezuak idatzi zizkien botoa eman dioten herritarrei Twitter sare sozialean, eta Mahamadou Camara bozeramaileak emaitzen balorazio bat baino ez zuen egin. Cissek protestarako deirik ez zuen egin, eta oposizioko jarraitzaileak ez ziren karrikara atera. Beraz, ikusteko dago zer-nolako jarrera hartuko duen datozen egunetan.

Europako Batasuneko behatzaileek adierazi dute hauteskunde egunean «irregulartasunak» gertatu zirela. 644 hautesleku itxi behar izan zituzten erasoen ondorioz —errolda osoaren %3—, eta, Lurralde Administrazioaren Ministerioaren arabera, hauteslekuen bortzen batean izan zituzten erasoak.

Ezegonkortasuna 2012tik

Maliko egungo giro politikoa 2012ko gertakarien ondorio da, eta herrialdeak ez du egonkortasuna berreskuratu. 2012an, MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionalak Azawad lurraldearen kontrola hartu, eta independentzia aldarrikatu zuen. Denbora gutxira, ordea, muturreko talde islamista sunitek lekualdatu egin zuten MNLA Azawad gehienean. Horrekin batera, militar talde batek estatu kolpe bat eman zuen Bamakon, argudiatuta gobernuak ezin zuela ordena mantendu. Frantziak militarki esku hartu zuen islamisten aurka, eta, lurraldearen gaineko kontrola kendu bazieten ere, talde horiek indartsu jarraitu dute Azawaden. 2013tik, Minusma Nazio Batuen Erakundeko misio militarra hedatuta dago, eta munduan hildako gehien pairatu dituen misioa da gaur egun —ehundik goiti—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.