Pentsiodunek maiatzeko bozak baliatu nahi dituzte presioa handitzeko

Hauteskunde kanpainaren sasoian mobilizazio handi bat egingo dute Hegoaldeko hiriburu guztietan. Ohiko protestekin ere jarraituko dute

Pentsiodunen protesta bat, orain aste batzuk, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
xabier martin
2019ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Oraindik ez dute eguna gorriz seinalatu egutegian, baina pentsiodunek erabaki dute maiatzeko hauteskundeen atarian mobilizazio handi bat egingo dutela beren errebindikazioen aldeko presioa handitzeko. Maiatzaren 26ko hauteskunde kanpainan, beraz, kalera aterako dira manifestazio handietan. Halaxe erabaki zuten atzo Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunen hainbat elkartek.

Mobilizazio handi hori ez da hiri bakar batean egingo, Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan baizik, eta saiatuko dira Espainiako hirietan ere egin ditzaten protestak. Horrela jakinarazi zuen Arabako elkartearen bozeramaile Juan Antonio Armentiak, Gasteizen.

Begien bistakoa da pentsiodunak alderdi politikoei presio handia egiteko gai direla, kontuan hartuta hamar milioi pentsiodun baino gehiago daudela Espainiako Gizarte Segurantzan; alegia, hauteskundeen norabidean eragiteko indar esanguratsua ordezkatzen dute. Eta pentsio duinak eskatzen ari diren taldeak ez daude prest baztertzeko hauteskunde batzuen deialdiak eskain diezaiekeen aukera beren errebindikazioek bozgoragailu handiagoa eduki dezaten.

Baina maiatzerako prestatzen ari diren mobilizazio handi horrez gain, elkarteek jarraituko dute ohiko protestekin, astelehenero egiten dituztenekin, eta bihar, Bilbon egingo duten martxa handiarekin ere bai.

Gutunak prestatzen

Manifestazioa da pentsiodunen protesta euskarri erabiliena, baina ez bakarra. Adibidez, hilaren 21ean, astelehenez, banakoen izenean igortzeko gutunak prestatuko dituzte, Gasteizen. Hilaren 28an eramango dituzte Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzara. Horrekin batera, alderdi politikoekin dituzten harremanak estutu nahi dituzte, eta euskal pentsiodunek bilera bana eskatuko diete Espainiako Kongresuko EH Bilduren eta Unidos Podemosen ordezkariei. Batzuek eta besteek erakutsi dute prestasuna pentsiodunekin elkartzeko.

Juan Antonio Armentia bozeramailea goibel dago Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak uko egin diolako orain arte pentsiodunekin elkartzeari. Gutunez eskatu diote bilera hori pentsiodunek, baina Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuarena bidali die lehendakariak. Artolazabalek berak ez die deitu momentuz bilera hori egin dadin.

Asteartean izan zen pentsiodunen protesten lehen urteurrena, eta elkarteek gogorarazi zuten, ordutik, agenda politikoan sartu direla beren demandak, lehen lehenik «pentsio duinen» eskaera. Pentsioak, oro har, %1,7 igotzea lortu dutela esan zuten, eta 2019an, %1,6 igotzea. Pentsio minimoak, berriz, %3 igo dira, bai 2018an bai 2019an, eta alargunen pentsioen kalkulua egiteko oinarri likidagarria %54tik %60ra igo da. Era berean, iraunkortasun faktorea 2023. urtera arte atzerarazi dutela esan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.