Gipuzkoako zergadunen erdiek autolikidazioa ikusi ahal izanen dute hil honetan

Zergadunen erdiek baino gehiagok jasoko dute etxean errenta zerga egiteko ogasunaren proposamena. Apirilean onartu ahalko dute

Zergadunak, Gipuzkoako Ogasunaren bulego batean, iazko udaberrian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
xabier martin
2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Azken urteetan bezala, Gipuzkoako Ogasuna zergadunen errenta zergaren autolikidazioak prestatzen ari da, eta errenta zerga aurkeztu behar dutenen erdiek baino gehiagok proposamen zehatzak jasoko dituzte etxean, martxoaren 30ean hasita. Internet sarearen bidez ere ikusi ahal izango dute ogasunak proposamena egin dien ala ez, eta apirilaren 12tik aurrera, onartzeko epea zabalduko dute.

Ogasunak esan du zergadunen ehuneko handi batek onartzen duela PFEZ zergaren autolikidazioa; esaterako, 2019ari dagokion ikasturtean, 226.665 proposamen onartu zituzten; hau da, bidalitako 257.714 proposamenen %88. Aurten, errenta mekanizatua egiteko prozesuak normaltasuna berreskuratuko du, eta apirilaren 19an zabalduko dituzte ogasunaren bulegoak. Hiru egun lehenago hasi ahal izango da ordua eskatzen. Iaz, pandemiaren gordinean, maiatzaren 13ra arte atzeratu behar izan zuten bulegoak zabaltzeko, eta kanpainak hilabete bat gehiago iraun zuen.

Errenta aitorpena Internet bidez aurkezteko aukera ere hor izango da, zuzenean edo horretarako izendatutako 800 profesionalen bidez. Ondare zerga aurkezteko, berriz, bide bakarra izango dute zergadunek: Internet bidez.

Gipuzkoako Ogasunak dio pandemiaren urtean ere «arrakasta» izan zela errenta zergaren kanpaina, eta «historiako telematikoena». Duela urtebete, Ogasunak zergadunei esan zien aitorpena online egiteko, ahal zen kasu guztietan, eta bulegoak maiatzaren 13ra arte itxita eduki zituen. Ogasunaren bilketa asko jaitsi zen iaz, koronabirusak ekonomian izandako eragin handia tarteko, baina Gipuzkoan ez zen espero bezainbeste jaitsi, eta, azkenean, batik bat errenta zergari esker, %7,7koa izan zen beherakada.

Luze gabe, aurtengo errentaren kanpainaren xehetasun gehiago esplikatuko ditu ogasunak.

Bizkaian, denak

Bizkaiko Ogasuna ere autolikidazioen aldeko apustuan da, baina urrutirago joan da, zergadun guztiek jasoko baitute proposamena. Apirilaren 6an hasiko dira eskutitzak iristen, eta zergapekoak onartu edo errefusatu ahalko du telefonoz, Internet bidez edo webgunea edo aplikazioa erabiliz. Agiri edo informazio gehiago eskatuko baliote, modu telematikoz osatu beharko lukete. Kobratu behar izanez gero, astebeteko epean jasoko da dirua, eta, ordaindu behar izanez gero, uztailaren 6an pasatuko da kontutik. Guztira, Bizkaiko Ogasunak 560.000 errenta aitorpen inguru bidaliko ditu eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.