Turkiak Omar Suleiman musikaria atxilotu du, «terrorismoa» egotzita

YPG milizietako kide izatea leporatzen dio Ankarak. Indar kurduen kontrolpeko eremura ustez egindako bidaia batengatik galdekatu dute

Omar Suleiman musikaria, Txileko Santiago hiriburuan, Womad jaialdian, 2018ko otsailean. ALBERTO VALDES / EFE.
Edu Lartzanguren - Gorka Berasategi Otamendi
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Turkiako indarrek Omar Suleiman musikaria atxilotu zuten herenegun, «terrorismo» delituak egotzita. Zehazki, YPG Herriaren Babes Unitateetako kide izatea leporatu diote. Kantaria komisaria batera eraman zuten galdeketa egiteko, hainbat albiste agentziek Polizia iturriak aipatuz adierazi dutenez. Hango zenbait hedabidek esan dute Suleimanek YPGk kontrolaturiko eremu batera bidaiatu zuela orain gutxi, eta bidaia horrengatik azalpenak eskatu dizkiote.

Suleiman folk elektronikoaren izarra da, eta milioika jarraitzaile ditu mundu osoan. Rojavan jaio zen, Siriaren menpeko Kurdistanen, Al-Hasaka eskualdean, duela 55 urte. Arabiar sunita izanda ere, arabiarrez eta kurdueraz abesten du, eta beti mintzatu da eskualdean bizi diren talde etnikoen arteko elkarbizitzaren alde.Bere musika Rojavako aniztasun horren isla da, Suleimanen beraren esanetan.

Sirian gerra hasi zenean, 2011. urtean, Turkiaren menpeko Kurdistanera egin zuen ihes, Urfa hirira —Siria eta Turkia arteko mugatik 50 kilometro iparraldera—, eta okindegia jarri zuen han, iheslari pobreei ogia doan emateko. Turkiak Siriako 3,6 milioi errefuxiatu inguru ditu bere lurretan.

Suleimanen seme Muhammedek Siriako North Press agentziari baieztatu dionez, musikaria Urfako bere etxean atxilotu zuten, «bere kontrako kontakizun makur baten» ondorioz. Nabarmendu du bere aita ez dela inolako erakunde politikotako kide, ezta YPG kurduen milizietakoa ere.

YPG borrokan ari da Rojavan Turkiaren eta Estatu Islamikoaren kontra, eta Ankarak milizien kontrako hiru operazio militar egin ditu Siriarekin duen mugaz bestalde. Horrez gain, dozenaka mila lagun atxilotu ditu azken hamarkadan bere lurraldean, PKKrekin lotura izatea egotzita.

Nekazaria izan da beti Suleiman, baina lan hori ezkontzetan abestearekin bateratzen zuen. Ospea ere horrela lortu zuen: 500 bat disko argitaratu dituzte haren izenpean; horietako gehienak, ezkontzetan zuzenean grabaturikoak. Eskuz esku zirkulatu dute diskook kantariaren jatorrizko eskualde osoan hamarkada luzez. Amodioaren inguruko abestiak erritmo elektroniko dantzagarriekin nahasten ditu. Haren Warni Warni bideoa, esaterako, 94 milioi aldiz baino gehiago ikusi dute Youtuben.

Azken urteotan mundu zabaleko ospea lortu du. 2011. urtean Bjork musikariarekin egin zuen lan: haren Biophilia diskoko hiru abesti berriz nahastu zituen, eta islandiarrak bere disko batean argitaratu zituen.

Nazioarteko jaialdi askotan jo du: besteak beste, Glastonburykoan, 2011. urtean, eta Bakearen Nobel Saria emateko ekitaldian, 2013an. Euskal Herrian 2017an jo zuen, Bilbo Hiria jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.