Espainiako bozen aurretik joera bat egonkortzeko aukera du PPk Andaluzian

Andaluziako hauteskundeak egingo dituzte bihar. Gehiengo osoa lortu ezean, Voxek babestea edo PSOE abstenitzea beharko du PPk gobernatzeko

Moreno atzean eta Nuñez Feijoo aurrean, mitin batean, joan den ekainaren 11n, Malagan. DANIEL PEREZ / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
PPk emaitza kaskarrak izan zituen Espainiako Kongresurako bozetan, 2019ko apirilean. Baina, urtebete geroago, COVID-19ak eragindako pandemia piztu zenetik, oro har gorantz egin du, bai inkestetan, baita hauteskundeetako emaitzetan ere; nabarmen Madrilgo erkidegorakoetan, iazko maiatzean, eta apalago joan den otsailean, Gaztela eta Leongoetan. Atzean utzi du PSOE, eta datorren urtea amaitu aurretik egitekoak diren Espainiako Kongresurako bozei begira joera hori egonkortzeko modua edukiko du bihar, Andaluziako Parlamenturako hauteskundeetan. Izan ere, inkestek diotenez, erraz irabaziko ditu, eta, gainera, ez da geratuko gehiengo osotik urrun: botoen %35-38 lortzekotan da.

Alberto Nuñez Feijoo PPkopresidentea denetik egingo dituzten aurreneko hauteskundeak dira. Apirilaren 2an hartu zuen kargua, Pablo Casado ordezkatuz; hain zuzen, PPk eta Voxek Gaztela eta Leonen gobernu akordioa egin eta hiru astera. Alderdi Popularrak ahalbidetu zuen eskuin muturreko alderdia aurrenekoz egotea Espainiako erkidego bateko gobernu arduretan, eta Nuñez Feijook defendatu egin zuen adostutakoa. «Guztiz zilegia da».

Juanma Moreno (PP) izan da Andaluziako presidentea azkeneko lau urteetan. Ciudadanosekin koalizioan gobernatu du, eta Voxen babesa ere eduki du. Presidentegai da berriro, eta, galdetu diotenean ea prest dagoen ultrekin koalizioan gobernatzeko, ez du erantzun argirik eman. Inkestek diotenez, gobernatu ahal izateko, Voxen babesa beharko du, edo PSOE abstenitzea. Zenbait inkestaren arabera, Espainiako Kongresurako hurrengo hauteskundeen ondoren ere PP agintea hartzeko moduan egongo da, Voxen babesarekin —Andaluzian botoen %13-15 ematen dizkiote azken inkestek—.

Ultrek adierazi dute azken asteotan akordio bat egotekotan izango dela Andaluziako Gobernuan sartzeko, eta PSOEko hautagai Juan Espadasek argitu du ez direla abstenituko. PSOEren teilatuan utzi nahi du pilota PPk. «PSOEri Voxek horrenbesteko traba egiten baldin badio, egiaztatu dezala», azpimarratu du Nuñez Feijook, asteon, abstentzioa aldarrikatzeko.

Espadasek gogorarazi dio PPri ezen duela lau urte, Andaluziako bozetan boto gehien bildutako alderdia izan zenean, presidentetza lortzeko abstenitzeko eskatu ziola PPri, horrela Voxek Andaluziako politiketan eragiteko gaitasunik eduki ez zezan. Baina PP ez zen abstenitu.

Ezkerra, beherantz

PSOEren gotorlekua izan da Andaluzia azkeneko lau hamarkadetan, baina izan agintean egoteak eragiten duen higaduragatik, izan EREen auziarekin aurreko hamarkadan azaleratu zen ustelkeriagatik, zeukan babesak behera egin du. Inkestek diotenez, bigarren indarra izango da boto aldetik (%23-26).

Eta ezkerra zatituta aurkeztuko da. Batetik, Por Andalucia dago, Unidas Podemosen espazioaren babesa duena. Ezkerraren mobilizaziora deitu du Inmaculada Nieto presidentegaiak —parte hartzea %56koa izan zen 2018ko bozetan—. Beste aukera Adelante Andalucia da. Teresa Rodriguez presidentegaiaren esanetan, berari inork ez dio Madrildik agintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.