Saudi Arabiatik ihes egin duen gazteak dio hil egingo dutela deportatzen badute

Al-Qunun UNHCRren babespean dago. Thailandiako aireportuan dago gaztea joan den larunbatetik; Australian eskatu nahi du asiloa

Rahaf Mohammed al-Qunun Saudi Arabiako gaztea, atzo, Bangkoken (Thailandia). EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Rafah Mohammed al-Qununek jaioterritik ihes egin behar izan du bizirik izateko. Saudi Arabian emakume jaiotzeagatik eta sistema patriarkalari aurre egiteagatik egin behar izan du alde. Al-Qununek 18 urte ditu, eta joan den larunbatean iritsi zen Kuwaitik Thailandiara. Bangkokeko aireportuan, baina, atxikia izan dute, eta, deportatu egingo zutela ikusita, gertatzen ari zitzaionaren zuzeneko kontakizuna egiteari ekin zion sarean. Twitterren zabaldutako mezu batean ohartarazi du deportatzen badute hil egingo dutela: «Kuwaiten zain izango ditut nire anaiak, familia eta enbaxadakoak. Hil egingo naute [...] Aurretik ere hiltzearekin mehatxatu naute kontu hutsalengatik, eta ez dute beldurrik jendaurrean mehatxatzeko [...] Pentsatzen dute euren jabetza naizela, euren esklaboa naizela».

Al-Qununek Kuwaitera sendiarekin joan zela baliatu zuen alde egiteko; izan ere, emakume batentzat ezinezkoa da gizonezko baten baimenik gabe bidaiatzea jaioterritik. Gazteak islamaren apostasia egin du, eta ezkondu egingo zutela jakin zuenean erabaki zuen alde egitea. Sunai Pasuk HRW Human Rigths Watchek Thailandian duen ikerlariak jakinarazi du hijaba, buruzapia, eramateari uko egin ziola gazteak, eta senideekin zituen desadostasun erlijiosoek gain hartu ziotela jakin zuenean ezkondu egingo zutela.

Eskubideak urratuta

Saudi Arabian oso arau zurrunak eta hertsiak daude, eta emakumeen eskubideak guztiz urratuta daude. Kalean ezin dira bakarrik ibili, eta duela gutxi eskuratu dute gidatzeko eskubidea, neurri sinboliko horrekin itxurakeriatan ari badira ere, hainbat erakunderen arabera. Amnesty Internationalek, alde horretatik, ohartarazi du gaztea deportatzen badute zigortu egin dezaketela emakumeak gizonen zaintzapean egotera behartzen duen legea dela eta. HRWek, berriz, herrialdetik alde egin nahi duten ehunka emakumeren kasuak dokumentatu ditu.

Ikusteko dago zer gertatuko den Al-Qununekin. Kuwait Airwayseko langile batek pasaportea kendu ziola dio gazteak; Saudi Arabiako enbaxadaren eskaeraren arabera deportatu egingo zutela jakinarazi zion. Saudi Arabiak Thailandiari leporatzen dio auzia. Eta Thailandiak, berriz, ukatu egin du gaztea atxikita izan duela eta deportatzeko asmoa zuela. Gaztea UNHCRren esku dago oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.