Hirugarren modeloa lortzeko lehen baldintza badago: lan itun luzea

CCOOk eta UGTk sei urterako enpresa hitzarmena adostu dute Landabengo zuzendaritzarekin. Langile batzarrak onartu behar du
VW Polo bat ekoizten, Landabengo plantan.
VW Polo bat ekoizten, Landabengo plantan. VILLAR LOPEZ / EFE

Xabier Martin. Iker Aranburu -

2019ko martxoak 1
Volkswagenen zuzendaritza nagusiak badu Landabengo plantari eskatu ziona: egonkortasuna. Maiatz aldean erabakitzekoa da Iruñeko lantokian hirugarren modelo bat ekoitziko den ala ez, baina taldeko ekoizpen eta logistika zuzendari Andreas Tostmannek aurreko astean jada argi azaldu zuen zerk lagunduko lukeen lan karga handitzen: lan hitzarmen luze bat, «adibidez, bost urtekoa».

Ez da bost urtekoa izan, seikoa baizik. Iruñeko Volkswagenek akordioa egin du UGTrekin eta CCOOrekin ituna berritzeko; langileen batzarrak onartuz gero, sei urte iraungo luke itun horrek. «Gure eskaeren eta proposamenen zati handi bat lortu dugu», aldarrikatu zuen atzo Alfredo Moralesek, langile batzordeko presidenteak (UGT). Azaldu zuen hitzarmenaren lehen lau urteetan, 2018tik 2021era, KPIa gehi %0,5 igoko dietela soldata VWeko ia 4.500 langileei: 2022an eta 2023an, berriz, KPIa gehi %0,4.

Lantaldea berritzeko neurriei ere garrantzia eman zieten sindikatu sinatzaileek. Errelebo kontratu berria erabiliko dute, eta horretan parte hartzen duten langile berriek kontratu mugagabea izango dute. Erretiroa hartu behar duen langileak erreleboaren hasieran pilatuko ditu lanegunak, hartara goizago erretiroa hartzeko.

CCOOko ordezkari Eugenio Duque «harro» azaldu zen akordioaren aurrekoaz, soldata igoera «garrantzitsuak» dakartzalako, eta «hirugarren modelo bat egiteko aukera ematen duelako». Joan den udaz geroztik, Polo modeloa ez ezik, SUV motako T-Roc modeloa ere egiten dute Landabenen. Hirugarren modeloa CUV motako bat litzateke; Crossover Utility Vehicle horrek SUV baten ezaugarriak eta coupe batenak nahastuko lituzke.

Auto elektrikorik ez

Akordioaren sinatzaileek gehiengo osoa dute Nafarroako VWen: UGT da sindikatu nagusia, 11 ordezkarirekin, eta atzetik du CCOO, zazpirekin. Launa ordezkari dituzte LABek eta CGTk, bi ELAk, eta bakarra CGCk. Martxoaren 14an egingo dituzte berriro hauteskunde sindikalak.

Langile batzordeko presidentearen ustez, lan hitzarmen berriak «enplegua bermatzen duen industria proiektu bat» islatzen du. Hirugarren modeloak lan karga handituko luke, noski, baina automatizazioak gero eta pisu handiagoa dauka Landabenen. Esaterako, 2001. urtean baino langile gutxiago daude Nafarroako plantan gaur egun, baina auto gehiago ekoizten dituzte.

Landabenen, bestalde, etorkizunak ez du loturarik izango auto elektrikoarekin, Andreas Tostmannek esan zuenez. Argi utzi zuen Landabenen errekuntza motorren autoak ekoitziko zirela, Polo eta T-Cross modeloak oraingoz. Diesel eta gasolina merkatua «2040 edo 2050era arte» luzatuko dela uste du VWen zuzendaritza nagusiko kideak. Beraz, baztertu egin zuen Nafarroan modelo elektrikoren bat ekoiztea datozen urteetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna