Gutxiengo etnikoen aurkako aire erasoak egin dituzte Myanmarren

Karen etniako 10.000 herritarrek ihes egin behar izan dute. Otsailaren 1eko kolpetik, segurtasun indarrek gutxienez 459 lagun hil dituzte

Rangun hiriko kaleak, atzoko protesten ostean. STRINGER / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Militarrek estatu kolpea gin zutenetik, segurtasun indarrek gutxienez 459 lagun hil dituzte Myanmarren; horien laurdena baino gehiago, 126 inguru, azken asteburuan. Hiriak, baina, ez dira junta militarraren gudu zelai bakarrak. Besteak beste, Kachin eta Karen estatuetan gora egin dute herrialdearentzat sistema federal bat exijitzen duten gerrillekin dituzten enfrentamenduek. Horiei aurre egiteko, armadak bonbardaketak hasi ditu Karen estatuan, eta 10.000 lagun baino gehiagok ihes egin dute eremutik. Kolpearekin euren kargua galdu zuten hautetsiek osatutako CRPH Batasunaren Biltzarreko Ordezkarien Batzordeak salatu du junta militarra «ankerkeriak» egiten ari dela herrialde osoan: «orain, gainera, hegazkinak ere erabiltzen ari dira».

Karen herriaren babes sarearen arabera, Myanmarko armadaren hegazkinek hiru herrixka bonbardatu zituzten igandean. Herritar askok oihanera jo zuten ihesi, eta 3.000 inguruk Myanmar eta Thailandia arteko muga zeharkatu zuten. ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoko parlamentarien elkarteak Thailandiako Gobernuari exijitu dio herritar horien asilo eskubidea onartzeko. Prayuth Chan Ocha lehen ministroak adierazi du migratzaileak jasotzeko prestaketa lanak hasi dituztela, baina ez du xehetasun gehiago eman: «Aurrerago ikusiko dugu nora joango diren eta zenbat birkokatuko diren». Azaldu du giza eskubideak kontuan izango dituela prozesuan, eta «herrialdean exodo bat gertatzea» eragotzi nahi duela.

Greba Orokorrerako Batzorde Nazionalak, militarren aurkako talde nagusietako batek, talde etnikoetako erakunde armatuei eskatu die «herritarrak kolektiboki babesteko». Hala, BHRN gobernuz kanpoko erakundearen arabera, karen gerrillek junta militarraren aurkako mugimenduei emaniko babesaren ondorio dira aire erasoak.

Karen etnia Myanmarko gutxiengo handienetako bat da: biztanleriaren %7 inguru. Nagusiki, izen bereko estatuan bizi dira, herrialdearen hego-ekialdean. Eremuan hainbat gerrilla daude, Myanmarko Gobernuarekin gudan 1949tik. Horiek estatuaren independentzia eskatu izan dute historikoki, baina azken urteetan sistema federal bat ezartzeko exijitu dute, KIA Kachingo Independentziaren Armadak iparraldeko Kachin estatuan egin bezala.

Hirugarren bilera bat

Azken gertakarien ostean, NBE Nazio Batuen Erakundeko kontalari berezi Tom Andrewsek erakundeko Segurtasun Kontseiluaren beste bilera bat eskatu du, Myanmarko aferaz hitz egiteko: «Eta Segurtasun Kontseiluak ezin badu ekin, nazioarteko larrialdi batzar bat antolatu beharra dago berehala». Izan ere, kontseiluak bi aldiz izan du hizpide gaia, baina Txinak eta Errusiak balizko esku hartze bat eragotzi dute, euren beto eskubideari esker.

Armadak ustezko hauteskunde iruzurra argudiatu zuen gobernuko kideak atxilotu eta boterea bereganatzeko. Azaroko bozetan, botoen %80 baino gehiago eskuratu zuen Aung San Suu Kyiren NLD Demokraziarako Liga Nazionalak. Hala, manifestariek «presoak askatzeko» eta «demokrazia berrezartzeko» exijitu diete militarrei. Haiekin bat egin dute, besteak beste, AEBek, Erresuma Batuak eta Europako Batasunak, eta junta militarraren aurkako zigor ekonomikoak ezarri dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.