Indian, batez beste, 200.000 COVID-19 kasu atzematen dituzte egunero

New Delhi hiriburuan sei eguneko itxialdia ezarri dute agintariek. Erietxeak oxigenorik eta ohe librerik gabe geratzen ari dira

Herritarrak ilara egiten New Delhiko denda baten atarian, itxialdia indarrean sartu baino ordu batzuk lehenago. R. G. / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Indiako hiriburuan bart gauerdian sartu da indarrean itxialdia. Bigarren olatuak gogor jo du herrialdean, eta, batez beste, 200.000 kasu atzematen dituzte egunero. Orotara, 15 milioiko langa igaro dute positiboek, eta 178.769 dira hildakoak. Horretaz gain, herrialde osoko erietxeak oxigenorik eta ohe librerik gabe geratzen ari dira. «Itxialdia ezarri ezean, hondamendi handiago bati egin beharko diogu aurre», esan zuen atzo Delhiko gobernadore Arvind Kejriwalek, erabakiaren berri emateko egindako agerraldian.

Itxialdiak irauten duen bitartean zabalik izango dira gune erlijiosoak, baina ezin izango dute bisitaririk hartu. Ezkontzetan, gehienez ere, 50 lagun bildu ahal izango dira, eta hogei, berriz, hiletetan. Bilera politiko, sozial eta erlijioso oro debekatuta egongo da, eta bidaiak soilik baimenduko dira herritarrek txertoa hartua dutela edo kutsatuta ez daudela frogatzen duten kasuetan.

Delhin ez ezik, beste hainbat hiri handitan ere arazo larriak dituzte erietxeetan, eta medikuek ohartarazi dute testen emaitzak atzeratzen ari direla, ez baitute nahikoa baliabiderik eskariari erantzuteko. Narendra Modi lehen ministroaren aurkako kritikak gogortu egin dira pandemiak okerrera egin ahala; izan ere, azken asteetan mitin politiko jendetsuak eta ekitaldi erlijiosoak baimendu ditu gobernuak, non milaka lagun elkartu diren, eta birusa zabaltzea erraztu. Aldaera berriak agertu izanak ere azkartu egin ditu kutsatzeak. Modik berak ekitaldi jendetsua egin zuen joan den larunbatean, eta maskara gabe agertu zen jendaurrean.

Azken hilabetean gora egin dute aktibo dauden kasuek ere 1,9 milioira heldu arte. Joan den irailean eman zuen aurreko daturik okerrena positiboei dagokienez, baina orduan milioi bat eskasera heldu ziren.

Txertaketa, motel

Oposizioak gogor egin zuen Modiren aurka, eta gaitzetsi egin zuen koronabirusaren aurkako txertoa atzerrira esportatu izana, herrialdean egoera okertzen ari zenean. Izan ere, adituek ohartarazi dute egungo martxan urte bukaera arteko tartea beharko dutela herritarren %70 txertatu ahal izateko. Apirilaren 9rako 86 milioi lagunek jasoa zuten txertoaren lehen dosia, herritarren %6,9 inguruk, alegia. Baina, geroztik, moteldu egin da txertatzeen abiadura, eta dosiak falta diren zurrumurrua zabalduz doa. Gobernuak ukatu egin du halakorik, eta berretsi du aurreko olatuan bezala oraingoan ere India aurrera aterako dela.

«Datozen astean erabakigarriak izango dira», iragarri zuen CSIR-CCMB Biologia Zelula eta Molekularrerako Zentroko zuzendari Rakesh Mishrak. Aurrez New Delhiko gobernadoreak egin bezala, Mishrakek ere nabarmendu zuen ezen, kusatzeak eten eta egoera kontrolpean hartu ezean, «hondamendia» gertatuko dela erietxeetan. «Oraindik lan egiteko moduan daude, baina baliabideak eskasak dira, eta, abiadura honetan jarraitzen badugu, ez gara gai izango gaixo guztiak artatzeko».

Gobernuaren jarrera ere gaitzetsi zuen Mishrakek, eta nabarmendu egungo egoera aurreikusi zitekeela: «Italian ikusi genuen iaz, eta hemen ere bagenekien birusa ez zegoela erabat desagertuta. Segurtasun neurriak bete izan balira, beste egoera batean geundeke. Asko lasaitu egin dira, eta utzi egin diote maskara erabiltzeari, bai nekeagatik, bai arduragabekeriagatik. Orain neurri zorrotzak hartu beste biderik ez zaigu geratzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.