Turkiak lurreko erasoaldia hasi du Hego Kurdistanen, PKKren aurka egiteko

'Tigrearen Erpeak' operazioak Kurdistango Langileen Alderdiko gerrillariak «neutralizatzea» du xede. Borrokarako deia egin du KCK-k

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea, artxiboko argazki batean. EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Turkiako hegazkinek Hego Kurdistango hainbat gune bonbardatu ostean, armadak lurreko erasoaldiari ekin zion atzo. Lekukoen arabera, militar turkiarrak aireko armadaren eta droneen babesarekin sartu ziren Iraken menpeko eskualdean. Ankarak Tigrearen Erpeak izena jarri dio operazioari, eta, Defentsa Ministerioaren arabera, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko gerrillariak «neutralizatzea» du helburu. «Azken hilabeteetan ugaritu egin dira gure polizia etxeen eta base militarren aurkako erasoak; hori dela eta, nazioarteko legedia baliatuta, geure burua defendatzeko eskubidea egikarituko dugu».

Ez da lehen aldia Turkiak halako operazio bat abiatzen duela. Ankarak «talde terroristatzat» du PKK, eta, argudio hori oinarri hartuta, maiz bonbardatzen du Irakeko Kurdistan, haren base militarren aurka egiteko aitzakiarekin. Duela bi egun egindako bonbardaketetan, ordea, Maxmurko errefuxiatuen guneari ere eraso zioten.

Irakeko eta Kurdistango Eskualde Autonomoko agintariek behin baino gehiagotan eskatu diote Ankarari erasoaldiak gelditzeko, baita PKKri ere eskualdean dituen gerrillariak handik ateratzeko. Bagdadek urrats bat gehiago egin zuen atzo, eta azalpenak eskatu zizkion Turkiak herrialdean duen enbaxadoreari, herenegun egindako bonbardaketen inguruan. Enbaxadoreak sare sozialetan zabaldutako mezuan, ordea, Turkiaren ohiko diskurtsoari eutsi zion, eta berretsi«PKKren aurka» egiten jarraituko dutela, hura munduko edozein txokotan dagoela ere.

Protestak Rojavan

Rojava eskualdean, Qamixli hirian, milaka lagun irten ziren kalera Turkiaren erasoaldia salatzeko eta borrokan jarraitzeko asmoa aldarrikatzeko. «Hego Kurdistanen aurkako erasoaldia Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen arbasoek Seyfon egindako sarraskiaren urteurrenean heldu da. Hau Kurdistango herritarrei bidalitako ohar bat da», adierazi zuen Abdullselam Ebas eskualdeko gobernadoreak.

KCK Kurdistango Herrien Konfederazioko buruzagitzak ere idatzi bat plazaratu zuen, ohartaraziz Turkiak ez duela garaituko EI Estatu Islamikoak huts egin zuen tokian. «Turkiako armadaren erasook kurduen herriaren aurkako genozidioaren barruan kokatu behar ditugu. Horri dagokionez, genozidioaren konplize da erasoak babesten, horiei entzungor egiten edo laguntzen dien edonor. Hala, AEBek eta Irakek zuzendutako nazioarteko koalizioko kideak ere eraso hauen erantzuleak dira», salatu zuen erakundeak idatziak. Oharrean manifestaziorako eta borrokarako deia egiten zieten mundu osoan kokatutako kurduei: «Eskatzen diegu kurdu guztiei eta haien aldekoei antola daitezela eraso anker hauek geldiarazteko eta demokrazia babesteko».

Bestalde, Iran eta Turkiako armadek Haji Omaran eskualdea bonbardatu zuten atzo goizaldean. Ekialdeko Kurdistanen dago eskualdea, Irango mugatik gertu. Alana herria da bonbardatutakoetako bat. Bertako poliziaburu Abdulla Husseinen esanetan, ez da biktimarik izan.

Iranek lehendik ere egin izan ditu aire erasoak inguru horretan, besteak beste, bertan ezkutatzen direlako oposizioko kurduko kideak. Aldiz, lehen aldia litzateke Turkiak halakorik egiten duena. «Uste dugu elkarlanean egindako eraso bat izan dela, Turkiak ez duelako aurrez halakorik egin. Iranek, aldiz, urtean behin gutxienez bonbardatzen du inguru hau», azaldu zuen Farzang Ahmed alkateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.