Borondatez enpresa uzteko baldintzak hitzartu dituzte Siemens Gamesan

Gutxienez 30.000 euroko kalte ordaina jasotzea itundu dute CCOOk eta UGTk. ELAren ustez, akordioak ez du bermatu kaleratzerik ez izatea

Asteartean langileen protesta egin zuten Sarrigurengo egoitzaren aurrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Hurrengo bi urteetan, Siemens Gamesak erretiro aurreratuen eta enpresa uzteko prest direnentzako kalte ordainen bitartez doituko du langileria Zamudion (Bizkaia) eta Sarrigurenen (Eguesibar). Herenegun zuzendaritzarekin izandako azken bileran, horretarako baldintzak hitzartu zituen enpresak CCOOrekin eta UGTrekin. Sindikatuok uste dute Siemens Gamesak duela bi hilabete iragarritako kaleratze traumatikoak eragotzi direla, «irteera borondatezkoa izatea lehenesten delako». ELAk, berriz, uste du akordioak ez duela bermatuko kaleratzerik ez izatea, eta horregatik ez du bat egin.

Siemens Gamesak Zamudioko, Sarrigurengo eta Madrilgo bulegoetan 352 lanpostu kentzeko asmoa adierazi zuen urrian, eta bi hilabetez horri buruz negoziatu dute hiru sindikatuek zuzendaritzarekin. Herenegun Nafarroan azken bilera egin ondotik, hiru lantokietako langileek batzar telematikoa egin zuten akordioaren nondik norakoen berri izateko. Ondorengo egunetan, emaitzari buruz bozkatuko dute.

Urtarrilaren 10etik aurrera, Siemens Gamesak lanpostuak murrizteko erregulazio espedientea aurkeztuko du: langileen bozketaren emaitza aldekoa bada, hitzartutako baldintzak indarrean jarriko ditu, eta, bestela, «beste baldintza batzuk» ezarriko ditu, Miguel Garcia Adanero CCOOko ordezkariak azaldu duenez.

Adostutakoaren arabera, ezin daiteke aldez aurretik ziurtatu zenbat lanpostu kenduko diren lantoki bakoitzean, enpresa utzi nahi duten langileen araberakoa izango baita hori. Alde batetik, enpresa uzteko prest direnei lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte ordaina ordainduko die: ez zaie gehienezko kopururik ezarriko, eta gutxienez 30.000 euro jasoko dituzte. 55 eta 60 urte arteko langileei erretiro aurreratua izateko baldintzak ezarri dizkiete: adinaren arabera, soldataren %70 eta %80 artean jasoko dute. Gainera, borondatezko eszedentziak hartzeko aukera emango da, lanpostua bi urtez gordetzeko erreserbarekin.

Prozesua luzea izango da, eta printzipioz bi urte iraungo du:352 langile horietatik %45ek utzi beharko lukete enpresa 2023an, eta %55ek 2024an. Dena den, epe hori amaituta, enpresaren kopuruetara iristen ez bada, irteteko baldintzak «2026ko abenduaren 31 arte» luzatu daitezke. CCOOk ontzat eman du hori, «egin zitekeen akordiorik onena delako».

«Ez da baldintza bakarra»

ELA ez dator bat iritzi horrekin. Izan ere, ez du uste akordio horrekin etorkizuneko lana bermatu denik. Puy Remirez ELAko ordezkariak gogorarazi duenez, 2017an Siemensek Gamesa bereganatu zuenetik hiru moldaketa handi egin dira, eta langileak «nekatuta» daude euren lanpostua mehatxupean ikusteaz. «Borondatezko kaleratzeak egingo direla diote, baina enpresak esango du zer tokitan behar duen jendea kendu. Ondorioz, borondate hori ez da baldintza bakarra izango. Mugatuta dago, eta gure ustez ez da bermatuko kaleratzerik ez egotea».

Remirezen arabera, prozesua beste bi urtez luzatzeak « are gehiago okertuko du ziurgabetasun giroa», eta horri gehitu behar zaio Siemens Energyk azaroan iragarri zuela agian doikuntza gehiago egingo zituela. «Ezein kasutan ez da enpleguaren egonkortasuna bermatzen. Jendea nazkatuta dago mehatxupean bizitzeaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.